Estilo berezia

 Edorta Aranaren bizipenak irakurri berria naiz, eta neuk ere oso antzeko inpresioak ditut gogoan iltzatuta: bero sapa, giro informala, sandalia, bermuda eta praka motzen nagusitasuna, sanferminen osteko Iruñeko ajedun kaleak, talde txiki eta oso motibatuak, hurbiltasuna, eztabaidarako gogoa, ikasteko grina, eta euskara modu naturalean joan-etorrian Larraonako zoko guztietan. 1990 ingurua izango zen. Harrezkero hitzaldiren bat ematera ere joan izan naizenean, ikasleen motibazioak, ikasteko eta eztabaidatzeko gogo horrek eman dit beti atentzioa. Baiki, UEU aitzindari izan da hezkuntza-metodologia parte-hartzaileei bide emateko orduan, aitzindari izan den moduan unibertsitaterako euskarazko testugintzan.

Gomutan dut, halaber, Pruden Gartziak beste post batean aipatzen duen horizontaltasun erradikal horrek neu ere harritu ninduela: Informazio Zientzien 1. maila amaitu berria nintzen eta, bi asteko ikastaroen ostean, azken goizean batzar irekia deitu zuten euskal unibertsitateaz eztabaidatzeko; artean gauzei usaina hartzen hasi berria nintzen arren, ibilbide luzedun hainbat lagunekin batera euskal unibertsitateaz berba egiteko aukera izan nuen (markaturiko metodologiari jarraiki, batzarreko kide guztiek eman baitzuten iritzia).
Estilo berezi bat datorkit burura, laburbilduz: bertako kideak ahalmentzen dituen estilo dinamiko eta parte-hartzaile bat, euskal gizartean errotzeko eta UEUk urteotan bizitasunari eusteko funtsezko izan dena.

Aitor Zuberogoitia (UEUko Kazetaritza Saileko kidea) / Argazkia: _Fidelio_

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude