Jule Goikoetxea Mentxaka: “Ezin da txertatu zaintza komunitarioa orain dauden espazioetan”

UEUk Jakinekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolatutako “EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza” jardunaldiaren barruan “Euskal Herria 2040: Utopiaren arkitekturak neomaterialismotik” izeneko hitzaldia eman zuen Jule Goikoetxea Mentxaka politologo eta filosofoak. Hitzaldiaren aurretik izan ginen berarekin.

Euskal Herria 2040 urtean nola aurreikusten dugun edo zer izatea nahi genukeen hitz egiten ari gara; baina Lorea Agirrek goizean esan duen moduan, zer izango den edo zer izatea nahi dugun baino kontua da noren mesedetan eta noren bizkar…
Gauza bat da deskribatzea edo hausnartzea nolakoa izango den Euskal Herria 2040an, eta beste gauza bat da utopiak planteatzea 2040rako edo hortik aurreragorako. Utopiak planteatzerakoan suposatzen da kontuan hartzen dela ez dela inoren bizkar eroriko lan zama guztia. Egia da guretzako utopiarik ezin dela existitu, ezta emantzipazio prozesurik ere gatazkaren bidez ez baldin bada; eta gatazka honek jarraitua izan behar du eta betierekoa. Egia da, nahiz eta emantzipazio prozesuetan sartu, beti sortuko direla subalternoak, eta hori da, hain zuzen ere, ikusi behar dena prozesuan gaudelarik. Alegia, zuk proposatzen dituzun neurri emantzipatzaileek edo dena delakoak, ze ondorio dauzkaten, eta ikustea ea norbaiten bizkar gainean geratzen den lana edota biolentzia desberdinak. Horregatik utopiaz hitz egiterakoan guk planteatzen duguna beste utopia mota bat da. Ez da paradisu kristaua edo ez da toki bat non dena ondo joango den. Ez dugu uste hori inoiz gertatuko denik, baina bai uste dugu hobekuntzarako tarte handia dagoela beti, eta horretaz hitz egiten dugu utopiaz hitz egiten dugunean.

Jardunaldiaren izenburua da EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza. Has gaitezen lurraldetik. Ez da kasualitatea hirigintza nola dagoen antolatuta. Zuk diozun moduan, gai politiko instrumentala da. Orain arte produkzioari begira egon da eta momentu honetan hiri globalaz hitz egiten dugu. Zeintzuk dira espazio global horren ezaugarriak?
Espazio globala da neoliberalismoak sortzen duen espazio berri bat, eskala berri bat. Ez dagoena kosmosean, baizik eta gure gorputz, kale, etxe eta plazetan txertatuta. Kontrolatu ezin dugun espazio bat da. Espazio hori sortzen da alde batetik gauzak pribatizatuz. Bai plazak, bai kaleak, osasungintza, hezkuntza… Dena pribatizatuz. Nazio mailatik at dauden legeen bidez eta subjektu eta eragileen bidez egiten da espazio global hori. Hartu dezakegu adibidetzat kafetegi bat, frankizia batek duen kafetegi bat. Hor zer gertatzen da? Espazio globala nola txertatzen da? Espazio global hau kudeatzen duten bitartekari batzuk daude: legelariak, abokatuak, ziurtagiriak egiten dituztenak, aholkularitzak… Haiek kudeatzen dute frankizia osoa, eta langileak egiten duena, edo zerbitzariak egiten duena, besterik gabe kafea zerbitzatu edo egitea da. Beste guztia geratzen da beste batzuen esku eta horrek esan nahi du alienazio berri bat sortzen dela. Lehen tabernak ziren erabakimen espazioak; zuk aukeratzen zenituen materialak, egiten zenituen ziurtagiriak… Ezagutza espazio hori kentzen zaio langileari eta hori alienatu egiten da eta espazio global horretan txertatzen da, eta han hartzen dira erabaki guztiak. Horren bidez txertatzen dira korporazioen esku pribatuak gure plazetan, kafetegietan, gorputzetan. Hori berdina gertatzen da ordenagailuekin eta mundu digitalarekin. Hori da espazio globalaren ideia. Ulertu behar duguna da kontrolatu ezin dugun eta, beraz, gobernatu ezin dugun espazio bat dela. Horrek esan nahi du gure gaitasun politikoak murrizten direla, komunean geneuzkan espazio horiek pribatizatuz; eta horrela neutralizatzen dute komunitatea.

Zuk aipatu moduan badago lurralde digital bat ere eta oraindik badago zeregina. Era berean aukerak ere badira…
Bai. Aukera ikaragarriak daude. Hor kontua da zein erresistentzia mota egin diezaiokegun horrelako neoliberalismo patriarkal eta kolonial bati, eta hor tartean dago erresistentzia algoritmikoa deitzen duguna. Hemendik aurrera, dagoeneko horrela da parte handi batean, gobernu algoritmikoen bidez izango gara gobernatuak, digitalizazioaren bidez. Orduan hemen planteatu behar duguna da nolako erresistentzia egingo diogun horrelako mundu digitalari. Nik erresistentzia edo barrikada digitalak deitzen diet zehazki. Honek zer esan nahi du? Adibidez guk orain mobilak gorputz kanpotik daramatzagu, baina hemendik hamar urtera, txertatuta izango ditugu eta formatu ezberdinak egongo dira, txip desberdinak… Nanobotak ere bai. Oso txikiak diren robotak. Guk jakin behar dugu horiek guztiak neutralizatzen, hackeatzen, birprogramatzen. Gu ukitu gabe eta txipen bidez kontrolatuko gaituzte, gure gorputzaren inguruko eta bizitzaren inguruko informazioa jasotzen duten eta zentralitara bidaltzen duten txip horien bidez. Horiek dira neutralizatu behar direnak. Hau adibide bat da, baina esan nahi dena da, guk ez dugula teknologia kontrolatzen, korporazio pribatuen esku dagoela. Borrokatu behar dugu teknologia hori guk kontrolatzeko, guk egiteko nanobotak, ez nanobotak edo teknologia desagertzeko, baizik eta guk kontrolatzeko beraiek. Guk egiteko prozesu emantzipatzaile algoritmikoak, digitalak; prozesu emantzipatzaile fisikoekin batera.

Lurraldea aipatu dugu. Zaintza ere bada gaurko gaietako bat. Zaintza era konkretu batean ulertzen da. Zuk nola ulertzea nahiko zenuke zaintza edo zein zaintza mota aldarrikatzen duzu?
Alde batetik ondo. Kontzeptu bat mainstream egiten denean oso ondo dago. Esan nahi duelako gure exijentzien parte bat hor sartu dugula; baina egia da neutralizatzeko arriskua dagoela. Denari zaintza deitzen badiogu, azkenean ezer ere ez da zaintza. Hori alde batetik. Bestetik, iruditzen zait ere zaintza erlazionatzen dela emakumeek egiten duten lan ez ordainduarekin. Uste dut orduan horri lan ez ordaindua deitu behar zaiola. Bestela ez dakigu askotan zaintza publiko komunitarioaz hitz egiten dugunean, zer esan nahi dugun zaintzarekin. Zaintza profesional horretatik harago. Gaixo dagoen zaintza horretatik harago. Ez dakit zein puntutaraino deitu behar zaion ugaztunak sortu eta hezteari zaintza; behintzat jarri beharko dizkiogu adjektibo gehiago. Ez baitira zaintza berdinak. Gu (eta migranteak, arrazializatuak…) kaletik aske joan ezin ahal izatea, ezin joan ahal izatea mozkor goizeko ordu bietan, hori da hain zuzen ere ez dagoelako zaintza feministarik. Dagoelako, izatekotan, zaintza, bijilantzia patriarkala. Zaintza publikoak, edo zaintza emantzipatzaileak nahi baduzu, sortzeko, edo, behintzat, denok zainduko dugun gizarte bat sortzeko, espazio berriak sortu behar dira. Ezin da txertatu zaintza komunitarioa orain dauden espazioetan. Espazio ezberdinek sortzen dituzte subjektuak, subjektu zaintzaileak, subjektu esplotatuak… Guk planteatzen duguna da espazioaren beste produkzio bat eduki behar dela. Non ez den egongo espazio pribatu eta publikoaren zatiketa hori, baizik eta beste eskala espazial batzuk. Hortik hitz egin ahal izango dugu nola eraiki bizitza duinak erdigunean dauzkaten gizarteak. Zentzu horretan hor hitz egin beharko genuke zaintza formalaz, zaintza informalaz, espezializatuaz, teknikoaz eta profesionalaz, profesionala ez denaz, baina baita afektua behar duten zaintzez edo afekturik behar ez duten zaintzez. Guk gauean kaletik lasai joateko behar dugun zaintzak ez du zertan afekturik eduki behar. Kontrol egoera bat da. Alegia, gu lasai joateko kaletik kontrol mota bat ezarri behar duzu. Uste dut hau ere askotan ahaztu egiten dela. Espontaneoki ateratzea nahi dugu, denak zoragarriak izango bagina bezala. Baliabideak jarriz nahikoa izango balitz bezala zaintza komunitario edo publikoa egiteko. Eta ez. Ez da nahikoa, izan ere espazioaren antolaketa guztia aldatu behar da, espazio berriak sortu behar dira. Espazio horietan sortuko diren subjektuak zaintzaileak izango dira denak. Hor, eta aipatu da jardunaldietan, ikusi beharko litzateke hirigintzan honek zer esan nahi duen. Alegia, etxebizitzek nolakoak izan beharko luketen. Orain dauzkagun hauek ez dute balio, sistema patriarkal kapitalista bat birsortzeko dira. Horregatik esaten dut dauzkagun etxebizitza hauekin, adibidez, egiten badituzu eraldaketak, adabakiak izango direla. Izan ere, etxebizitza hauek dira menderakuntza sistema baten materialitate fisikoa. Ez baduzu aldatzen fisikalitate hori, oso zaila da aldatzea bestea. Etxebizitzak planteatzerakoan jardunaldietan bi arau planteatu nahi ditut. Bat egitea hirigintza bat non sexua daukatenek ezin duten elkarrekin bizi. Hau da, ezin duten etxebizitza unitate bat eduki. Eta odolezko seme-alabak dituztenek ere ez. Aldi berean seme-alaba horiek, demagun, lau edo bost pertsonek zainduko dituzte adingabeak diren heinean. Orduan zentzu horretan seme-alabak deituko genieke gure ardurapean dauden adingabekoei, adibidez. Senar eta emazte kontzeptuak desagertuko lirateke…

Nola antolatu utopia horretan lurraldea, familiak…
Utopiaz hitz egiterakoan errealitatearen dimentsio guztiak ukitu behar dira, baina ikastaroan ezin dugu horietaz guztiez hitz egin. Nik mundu berri horiek imajinatzen ditut etxebizitza unitate ireki eta permeableagoekin. Etxebizitza horiek espazio komunetara zabalduko lirateke, hauek ere permeableak eta aldakorrak direnak. Bestetik, naturarekiko beste erlazio bat aurreikusten dut, neomaterialismotik planteatzen diren utopiak dira. Gu holobionteak gara, hau da, organismo bizidun multiespeziadunak. Holobionteek sinpoiesia edo kosorkuntza bidez sortzen dute bizitza eta ongizatea. Kosorkuntzak esan nahi du landareetatik hasi, onddoekin jarraitu, txoriak, katuak… Gure ekosistemarekin dugun erlazio guzti hori eraldatzea dakar horrek eta, noski, gizakia guztiz deszentratzea, ez izatea berriro bizitzaren nukleoa, baizik eta elementu bat gehiago. Beraz, gure gizarteak ez izatea giza-arteak, baizik eta holobiontez eta sinpoiesiaren bidez egindako komunitateak.

UEUk zein paper jokatzen du utopia horretarako bidean?
UEUk jokatzen du ahal duen papera. Estaturik ez dugunez, eta egitura eta laguntza pribatuen bidez egikaritu behar dituenez gauza guztiak, mugatua dago. Hala ere, bere lekutik egiten duena jada asko da: euskal komunitate horiek birsortzeko baldintza asko jartzen dituelako, unibertsitate espainolak jartzen ez dituenak (EHU barne). UEUren eginkizunetako bat da, orain egiten duena, hain zuzen ere, ezagutza berriak sortzen laguntzea, ezagutza horiek hedatzen eta sozializatzen laguntzea, eta ezagutza horren produkzioaren parte eta sare izatea, koordinakunde moduan. Etorkizunean UEUk gai izan behar du zientzian eta bai gizartean sortzen diren ezagutzak jaso eta zabaltzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude