Felix Arrieta: “Gure gizarte ongizateak pertsonaren duintasunean eta eskubideetan oinarritu beharko luke”

Jakin-ek, Usurbilgo Udalak eta UEU-k antolatutako EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza jardunaldiaren baitan Felix Arrieta soziologoak eta zaintza politikoetan adituak hitzaldia eman du Usurbilen. Zaintza sistemari buruz aritu da Gizarte zerbitzu sistematik, zaintza sistemara: trantsizio baterako gakoak hitzaldian. 

BIDEO-ELKARRIZKETA

Zer da zaintza? 

Ez da erraza definitzea, eztabaida asko dago zer den eta zer ez den esaterako orduan. Victoria Campos filosofoak “Tiempo de cuidados” liburuko definizioari heldu diot nire hitzaldian. Elkarrekiko ibilbidean gure beharrak asetuta edukitzeko harreman mota bat eta harreman sare bat edukitzea bezala definitzen du. Harreman sare hori artikulatzeko tresna diferenteak behar ditugu gaur egun, baina nagusiki birpentsatu eta indartu behar duguna zaintza sistema publikoa da. Victoria Camps-ek dio birpentsatzera joan behar dugula egiturak benetako zaintza egitura bat sortzeko. 


Zertan birpentsatu edo birdiseinatu beharko genuke zaintza sistema?

Fokua Hego Euskal Herrian jarri dut nagusiki eta uste dut gaur egun dugun gizarte zerbitzuen sistemak erantzuten diola zaintzaren beharrari, baina dituen helburuak zalantzan daude. Sistema horrek eraldaketa bat eman beharko luke benetako zaintza sistema izateko eta unibertsalizazioan sakondu. Beste modu batera egituratuta gaur egun ematen diren logikei, publiko, pribatu, feminizatu horiei aurre egiteko.

Gizarte zerbitzuetan jarri duzu arreta, zergatik diozu gizarte zerbitzu sistema gaztea dugula?

Ongizate estatuaren barruan azkena artikulatutako sistema delako esaten da gaztea dela. Hezkuntza sistemak badu ibilbidea, aitzinatasuna lehenago definitu zelako. Osasun sistemak ere bai, gizarte segurantza ere XX. mende erdialdean egituratu zen. Gizarte zerbitzuak aldiz beranduagokoak dira eta negatiboan konfiguratu edo eraiki dira. Gainontzeko sistemek aurre egiten ez dieten beharrei erantzuteko sortu ziren gizarte zerbitzuak. Eskubide gisa ere azkena deklaratu izan dira eta oraindik pausu asko daude eremu horretan emateko. 

Zertan oinarritu beharko luke gizarte ongizateak 2040an?

Zaila da 18 urtetik aurrerako iragarpenak egitea, baina uste dut baditugula oinarriak esateko gure gizarte ongizateak pertsonaren duintasunean eta eskubideetan oinarritu beharko lukeela. Benetan pertsonek nahi duten bezala zainduak izateko logika izateko gizarte zerbitzuen sistemak eraldaketa jasan beharko du zaintza sistema bihurtzeko eta komunitatearekin ere lan egin beharko dugu. 2040an ongizate sistema bat izango dugu kapaz izan bagara elkarrekintza sareak ongi artikulatzeko. 

Familiak ze pisu du zaintzan?

Gure inguruan familiak ezinbesteko pisua du gaur egun zaintzan. Familia eraldatzen ari den heinean eta beste sistema batzuk pentsatzen ditugun einean, beste mekanismo batzuk sortu behar ditugu zaintzarako. Honekin ez dut esan nahi familia alde batera utzi behar dugunik, baina familiek beste modu batera zaindu behar dute. Horregatik pentsatu behar dugu familiaren logikak aldatu behar ditugula, desfamiliarizazio prozesuetan hasi behar dugula eta zaintza zabaltzeko tresnak jarri behar direla. 

Zaintza sistema feminizatua da, aldaketarik ikusiko dugu?

Sistema feminizatu batetik, sistema parekide batera edo denak ardura hartu beharko genukeen sistema baterako bidean egon beharko genuke. Hori ez da egiten soilik gizonoi esanez: ardurak hartu behar dituzue. Bestela badakigu dinamika sozialaren bitartez ez dela aldatuko, neurriak hartu behar dira. Komunitatean eta komunitate zaintzaz hitz egiten dugunean hori da bermatu behar dena, baita familietan ere. Zaintzak aukera izan behar du eta ez betebehar.

Nolako zaintza ekosistema osatu beharko genuke?

Nire ustez ezinbestekoa da erakunde publikoek beraien gobernantza eredua aldatzea. Sektoreko elkarteak eta herritarrak egon behar dute eurekin ekosistema osatzen eta denon arteko elkar ekintzatik sortu auzo eta herri orekatuagoak. Zaintza behar dugun momentuan nola artikulatu ikusi behar genuke eta ez utzi azken helburu gisa.

Zergatik da garrantzitsua zaintzaren gaia UEUren urteurrenaren baitan kokatzea?

Zaintza eztabaida publikotik kanpo egon da askotan eta gure gizartearen erronka nagusienetakoa da. Oso eskertuta nago UEUk bere 50. urteurrenean erdigunean jarri duelako eta hemen Usurbilen zaintzaren inguruko erronkak planteatzea polita izan da. Honek jarraikortasuna izan beharko luke. Zorionak UEU 50. urteurrenagatik eta zaintzaz eztabaidatzeko emango dizkigun aukerengatik. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude