Gidor Bilbao: “Liburugintza tradizionalak bere bidea egiten segitzen du, baina unibertsitate-jakintzaren komunikaziorako beste bide batzuk zabaltzen ari da UEU”

50. Udako Ikastaroetan UEUrentzat estrategikoak diren hainbat gai landuko dira. Adibidez, Argitalpen Batzordetik “Unibertsitate-jakintzaren komunikazioa: liburuak, aldizkariak, ikus-entzunezkoak, sare sozialak…” jardunaldia antolatu dute, “etorkizuneko erronkei buruz elkarrekin hitz egiteko”. Bilbon izan da Euskararen Etxean eta hasi aurretik Gidor Bilbao Telletxea UEUren Argitalpen Batzordeko kidearekin eta Uztaro giza eta gizarte zientzietako zuzendariarekin izan gara. Filologia Klasikoan doktorea da Bilbao eta UPV-EHUko irakaslea.

 

1977. urtean argitaratu zituen UEUk lehen liburuak. Ordutik ehunka liburu argitaratu dira. Zein izan da eboluzioa?
Esan daiteke 1977a dela euskarazko unibertsitate-liburugintzaren urte fundazionala, UEUren bosgarren Udako Ikastaroetan 1438 orrialde argitaratu zirelako, hainbat liburuxkatan, uda hartan eskaintzen ziren ikastaroetarako apailaturiko materialekin. Ez da gutxi 1977an! Gainera, horietako askoren atzean ikusten da urte osoko lanaren emaitza direla (irakasle bat ikasle-talde batekin, irakasle-talde bat, aditu bat…). Hurrengo urrats nagusia 1984koa da, UEU argitaletxe profesional gisa eratzen denean. Beste urrats esanguratsu bat 2015ekoa da, liburuen ebaluazio- eta onartze-prozesua protokolo batean biltzen denean. Eta oraintsuago, 2020-2021-2022an, UEUren argitalpengintzan beste une fundazional batean gaudela esango nuke: liburugintza tradizionalak bere bidea egiten segitzen du, baina unibertsitate-jakintzaren komunikaziorako beste bide batzuk zabaltzen ari da UEU, Goi-mailako Online Institutuan egiten diren bideo didaktikoak, H5P edukiak… eta halakoen bidez.

Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkariaren 120. zenbakia ere kalean da. 100. zenbakiaren harira, etxeko lanak ondo egin direla aipatu zenuen, baina zein da argazkia?
Uztaroren gaurko argazkian, aldizkari nerabe osasuntsu bat ikusiko duzu. Makal-aldiak eta are gaixoaldiak bizi izan zituen haurtzaroan, baina 2010ean artikuluen ebaluazio-prozesua formalizatu zuenetik, aldizkari zientifiko osasuntsua izatea lortu du. Baina, nerabetasunean, inguruko aldizkari zientifikoetara begiratzen du eta eredu askotarikoak ikusten ditu: euskarazko aldizkarien artean, bere antzekoak ikusten ditu, bere arazo antzekoekin, eta horien laguna izan nahi du eta horiekin batera egin aurrera; baina nazioartekoak ere ikusten ditu, bera baino sendoagoak, berak baino baliabide eta irtenbide gehiagorekin, eta horien antzeko ere izan nahiko luke, baina ezin; eta unibertsitate-sistemak ere esaten dio zer egin beharko lukeen, nola jokatu beharko lukeen… eta zalantzak ditu hori guztia egin nahi duen ala ez. Osasuntsu dagoenez, aurkituko du bere bidea.

 

Zure ustez zein leku dute gaur egun euskarazko unibertsitate mailako liburu eta aldizkariek?
Unibertsitate mailako liburuek eta aldizkariek leku zabala dute unibertsitate-jakintzaren komunikazioan, eta leku hori ez dago zalantzan. Funtsean, aldizkariak dira komunitate zientifiko zabalera iristeko lehenengo hedabidea, parekoen ebaluazioaren aurrean jartzeko lehenengo unea; eta liburuetan bildu ohi da, gehienetan, bide bat egina duen jakintza. Nire ustez, eztabaidagarria izan daiteke ea 21. mendean horiek paperean argitaratu behar diren ala ez, ea salneurria izan behar duten ala dohainik izan behar diren, ea ebaluazioa halakoa edo holakoa izan behar den… baina kontzeptuak oinarri sendoak ditu eta oraindik eginkizun ezinbestekoa dute hala unibertsitate-liburuek nola aldizkari zientifikoek. Kontua da ea beste bide berri batzuk ere zabaldu behar ote diren, eta nire ustez UEUk bide polita zabaldu du Goi-mailako Online Institutuaren inguruan sortzen ari den ikasmaterialekin.

 

Zeintzuk dira zure ustez etorkizunera begira erronkarik handienak? Edo zerk izan behar luke lehentasuna?
Nire ustez, UEUk orain arteko ildoetan jarraitu behar du liburugintzan eta aldizkarigintzan , eta adi egon behar du munduko unibertsitateek eta munduko unibertsitate-argitaletxeek egiten dutena gurean euskaraz egiteko. Eta, horrekin batera, bide berriak esploratu behar ditu, GOIn hasi duen bidetik. Lehenengo urratsetan, nire ustez, intuizio miresgarria erakutsi du UEUk lehentasunak ezartzean: UEUren bideo didaktikoak lantzeko gida 2020an bertan argitaratzean, adibidez; edo kontratu berriak komunikazioan eta online-irakaskuntzarako aholkularitza pedagogikoan zentratzean. Hurrengo urteetan ikusi beharko da ea jakintzaren komunikazio-bide horietan zein leku duen parekoen ebaluazioak, ea beharrezkoa den euskararen zaintza… eta, zalantzarik gabe, bilatu beharko da modua material horiek biltegiratzeko, sailkatzeko eta erraz aurkitzeko eta hautatzeko moduan izateko.

 

Dibulgazioari ematen al zaio behar besteko garrantzia?
Esango nuke baietz. UEUk eskaintzen dituen ikastaro batzuk dibulgaziokoak dira; argitaratzen dituen unibertsitate-liburu batzuk ere dibulgaziokoak dira; #txiotesia bezalako ekimenekin ere aitzindari izan gara euskaraz. UEUtik kanpora begiratuta ere esango nuke osasuntsu dagoela: UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zientzia Kaierak lan asko egiten dute euskaraz, Elhuyarren zientzia-dibulgazioko ildoa sendoa da… Irudipena daukat humanitateetako eta letretako gaien dibulgazioa atzerago geratu dela euskaraz ere.

 

Zein da eta zein behar luke euskararen lekua unibertsitate-jakintzaren komunikazioan?
Euskara unibertsitate-irakaskuntzako hizkuntza izatea nahi dugunez, unibertsitate-jakintzaren komunikazioko hizkuntza ere izan behar du, aldaera guztietan: idatziz eta ahoz, ikerketan eta dibulgazioan. Nazioarteko komunitate zientifikoarekin komunikatzeko beste hizkuntza bat erabiliko dugu, baina, orain arte egon ez diren jakintza-alorretan eta eremuetan ere euskarazko bilguneak sortu behar ditugu, euskal komunitate zientifikoak aukera izan dezan biltzeko eta euskaraz jarduteko. UEUk 50 urtez egin du lan hori, eta oraindik ere beharrezkoa da unibertsitate desberdinetako irakasle-ikertzaile euskaldunak biltzeko eta euskaraz jardutera sustatzeko.

 

Unibertsitate-jakintzaren komunikazioan inplikatuta dauden beste zenbait eragile ere gonbidatu dituzue gogoetara. Zein helbururekin?
Argi genuen, hasiera-hasieratik, jardunaldi-solasaldi-ikastaldi-mahai-ingurua egin nahi genuela, etorkizuneko erronkei buruz elkarrekin hitz egiteko. Esan behar dugu oso erantzun ona jaso dugula eta antolatzaileak pozik gaudela horrekin, esperientzia handiko 28 eragilek parte hartuko dutelako jardunaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude