Graxi Irigaray: “Helburua Ipar Euskal Herria harrera lekua izateaz gain, sormen lurraldea ere izatea da”

UEUk Iparraldeko Eusko Ikaskuntzarekin antolatzen duen Tartarika hitzaldi zikloaren barruan “Kultura politikak, hizkuntza gutituak eta zinema: euskal zinema Ipar Euskal Herrian” izeneko hitzaldia emango du Graxi Irigarayk. Hain zuzen ere gai horren inguruko doktorego tesia egiten dabil  Irigaray. Historian graduatua da bera eta Kultura, Artea eta Gizartea masterreko tituluduna. Apirilaren 21ean izango da aipatu hitzaldia, 18:00etan, Baionako Euskal Museoan.

Historian graduatua zara eta Hizkuntza gutxituak, kultur politikak eta ikus-entzunezkoen sektorea dituzu ikergai. Frantzian euskal zinemak duen zabalkundeaz ari zara doktorego tesia egiten. Zerk eraman zaitu arlo hori ikertzera?
Historia lizentzia ukan eta gero, Kultur politiken inguruko master bat egin nuen Pauen eta ondotik AEKn lan egin nuen zenbait urtez. 2018an berriz kultur arloari buruz itzultzea erabaki nuen. Justu momentu hartan sortu zuten Ximun Fuchs, Manex Fuchs, Eñaut Castagnet, Katti Pochelu eta Josu Martinezek, Gastibeltza Filmak film ekoizketa eta banaketa etxea, euskal zinema Iparraldean garatzeko asmoarekin.

Josu Martinez ezagutzen nuen, Baigorrin elkarrekin lan egin genuelako hainbat kultur ekitaldi antolatzen eta 2019an “Anti” bere film laburraren ekoizpena lagundu nuen. Ondotik, banaketan hasi nintzen Gastibeltza Filmekin, konkretuki, euskal filmak Ipar Euskal Herrian erakusteko lanean. Aski fite ohartu ginen lan horren erronkak anitzak zirela eta tesirako gai bat izan zitekeela.

Zertan da zure ikerketa une honetan? Zer duzu eskuartean?
Badu bi urte eta erdi hasi nuela ikerketa. Hasieran, euskal filmen banaketaren esperimentazioan zentratu eta ondorioak atera nahi nituen. Hainbat film ateratzen ikusten genituen Hegoaldean, Iparraldean biziki gutitan iristen zitzaizkigularik.

Problematika hori ez da berria eta iniziatiba batzuk hartuak izan ziren jadanik arazo horri erantzuteko: Hazparneko Zinegin festibalak adibidez, euskal film horien ikusteko parada eskaintzen du. Gabarra elkartea (Baionako Atalante zinema gelari lotua dena) sortu zen 2017an euskal film gehiago zinema geletara eramateko eta haiek egiten zuten banaketa lan hori.

Banaketak beti leku handia du ene ikerketan, baina zinema arloko testuingurua aldatzen ikusi dut azken urte hauetan Ipar Euskal Herrian. Alde batetik, sektorea ezagutzearekin, konturatu naiz zinema arloa berez konplexua izan daitekeela eta banaketaren gaia ez dela isolaturik hartzen ahal. Bestalde, lurraldean zinema arloko proiektuak eta aukerak bikoizten ari direla ikusi nuen, eta horrekin batera erakunde publikoen posizionatze bat sektoreari begira, orain arte ez zena.

Azkenean nire ikerketa aktualitateari lotua da eta ikertzen dudana terrenotik biziki hurbil egiten dut. Gaur egun oraindik datuak biltzen ari naiz, terrenotik, esperimentaziotik eta egiten ditudan elkarrizketetatik.

Zine arloan Frantzia oso protekzionista izan da. Hor hizkuntza gutxituek zein leku dute?
Frantzian zinemaren aldeko politikak aspaldikoak dira eta horiei esker sektorea indartsua da. Bere zinema anitz sostengatzen eta laguntzen du maila guzietan (heziketan, formakuntzan, ekoizpenean, hedapenean), baina historikoki arras paristarra den sektorea da, lurraldeetako eta are gehiago hizkuntza gutxituen kezketatik urrun.

Laguntzetan, Frantziako lurralde administratiboko eskualdeko hizkuntzak “frantses” hizkuntza bezala hartuak dira, ondorioz obra euskaraz izatea ez da berezko oztopo bat laguntzetara heltzeko. Eskualdeetako laguntzetan, lurraldearekin harremana izateak puntuak dakartza baina hori baino urrunago ez doa gogoeta. Zinema arloa kudeatzen duten egiturek beste kezka batzuk dituzte eta hizkuntzaren gaia ez da haiena. CNC-n [Centre national du cinéma et de l’image animée], adibidez, ez dute hizkuntzari buruzko daturik.

Alta, ikus-entzunezkoek garrantzia handia dute gure gizarteetan eta rol garrantzitsua ukan dezakete euskararen normalizaziorako bidean. Hori da ere ikerketaren helburuetarik bat: ikustea hizkuntzak zer leku duen politika kulturaletan eta lekuko erakunde publikoek – euskararen eta kulturaren eskumenak dituztenek – nola uztartzen dituzten biak eta zer egin dezaketen Frantziako politika klasikoak zein diren ikusita.

Hain zuzen ere, euskal zinema sustatzeko Zukugailua Ipar Euskal Herriko elkartea ere sortu duzue. Zein da euskal zinemaren argazkia Ipar Euskal Herrian?
Ipar Euskal Herria anitz agertu da ikus-entzunezkoetan eta egile famatu anitz erakarri ditu, baina gehienetan maila artisanalean edo modu isolatuan egin izan dira filmak Ipar Euskal Herritik.

Emeki emeki, hala ere, dinamika berriak agertzen ikusten ditugu lurraldean eta ekosistema berri bat diseinatzen ari dela susma daiteke. Sortzaile belaunaldi bat agertu da ; Euskal filmak ekoizten dituzten ekoiztetxeak sortu dira : batez ere Hegoaldearekin koprodukzioak egin dituztenak ; berriki Zukugailua elkartea….

Ber momentuan, Ipar Euskal Herriak erakartzen segitzen du eta hainbat egitura edo profesional instalatzen ari dira, hauek gehiago Frantziari so direnak.

Erronka hori da azkenean: harrera lekua izateaz gain, sormen lurraldea ere izatea. Horrek euskaraz egitea ahalbidetuko luke.

Eta zein da Zukugailua elkartearen helburu nagusia?
Zukugailua 2020 urtean sortu da Ipar Euskal Herriko zinema arloko eragile eta profesionalen artean, hain zuzen ere zinema arloa egituratzeko xedearekin. Hamalau pertsonek sortu dute elkartea, zinema sektoreko lan arlo ezberdinak ordezkatuz: film egileak, teknikariak, ekoizleak, banatzaileak, zinema geletako arduradunak zein telebista badira elkartean.

Xede nagusia zinema arloa garatzea du Ipar Euskal Herrian. baina hasiera batean lehentasunezko helburu batzuk identifikatu ditu : sorkuntza berria sostengatzea, sektoreko profesionalak saretzea, irudi heziketa eta Hegoaldearekilako koprodukziorako bidea erraztea.

Zer azpimarratu nahiko zenuke Baionako Euskal Museoko zure hitzaldian?
Oraindik goiz da ikerketaren emaitzak aipatzeko, beraz, batez ere egiten ari naizena azalduko dut eta erabiltzen dudan metodologia. Gaur egun hiru ardatz jorratzen ditut: banaketa, Ipar Euskal Herriko zinema arloaren egoera eta erakunde publikoen ekintza ikertzen dudan sektorean. Ipar Euskal Herrian zinema zertan den aipatuko dut batez ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude