“Bizipenek egiten gaituzte… Nola moldatzen dute gure burmuina?” izenburupean, Loretxu Bergouignan neurozientzialariak bere ikerketen berri emango du otsailaren 24an Baionan, Eusko Ikaskuntzaren egoitzan. Eusko Ikaskuntzak berak eta UEUk Ipar Euskal Herrian antolatutako Akademiatik Tartarika hitzaldi zikloaren barruan izango da.
Suediako ikertzaileekin batera gorputzetik kanpo egotearen, zerbait gorputzetik kanpo bizitzearen sentsazio hori aztertzen ibili zara errealitate birtualaren laguntzarekin. Zein helbururekin?
Stockholmen egindako ikerketa ibilbide eta galdezketa baten segida logikoa zen. Galdera batzuei erantzutearekin galdera berriak etortzen zaizkizu. Parisen bizipenen oroimen sistema eta gogoratzen zirelarik duzun ikuspegia ikertu nituen, depresiotik pasatako jendean; inoiz psikopatologiarik garatu ez duten, baina bularreko minbizia bezalako egoera latzak bizitakoen artean; baita populakuntza orokorrean ere, oinarrizko ikerketan, erresonantzia magnetikoarekin. Ikerketa hauekin agertzen zen sistema hipokanpo-kortikalaren garrantzia gogoratzean edozein bizi oroitzapen, eta nola hau hunkitua den egoera latzak bizitako jendeen artean (psikopatologiaren presentzia izan ala ez).
Beti gogoratze prozesuak ikertuak dira, bai oinarrizko ikerketan, bai klinikoan, eta ahanzten da aztertzea zer gertatu den egoera bera gertatu den momentuan (informazio hori burura sartzen den orduan edo “encoding” momentuan). Nahi nuen ulertu “encoding” deitzen dugun momentuan gertatzen diren pertzepziozko egoerek ze efektu zuten gero gogoratze prozesuan. Trauma osteko estresa bizi duten pertsonek, adibidez, ezker hipokanpoaren gorputz eta atzeko partea ttipiagoa dute; haien bizi esperientziak (positibo ala negatibo) detaileekin gogoratzean, berriz bizitze prozesura sarrera galdua dute, eta hipokanpo medial prefrontal neurosistema disfuntzionala dute. Oso interesgarri den eta askotan ahanzten den datutxo bat gehitu behar zaio honi, askok egoera disoziatiboak bizi dituzte bizipen latza gertatzen den momentuan. Ikerketa klinikoak azpimarratu izan du disosiazioa bizitzea trauma osteko sindromea garatzeko arrisku faktore garrantzitsuenetakoa dela.
Sinpleki, nahi nuen jakin ze efektu zuen gorputzetik ateratze pertzepzio horrek berak -estres eta trauma efekturik gabe- oroimen sisteman. Gorputza eta izaitea zein heinetaraino integratua den burmuinean. Galdera horri erantzuten ahal nion gorputza ikertzen zuten ikertaldea juntatuz. Ikertalde hortan pertzepziozko ilusioak erabiltzen dira ulertzeko informazio sentsorialetik nola sortzen den zure izaite gorpuztua, gorputza fisikoaren baitan kokatzen duzunean. Burmuinak horretan nahiko fenomeno sinple bat erabiltzen du; egoera multisentsorialak du manatzen gorputza non kokatzen den. Bi zentzuk (adb. ikusmena eta ukimena) gorputza kokatzen badizute leku batean, modu sinkronizatuan, leku horretan zirela interpretatuko du buruak. Horrek erran nahi du mugitzen ahal duzula izaite gorpuztuaren lekua pertzeptiboki nahi duzun lekura pertzepziozko ilusioen bitartez. Hau erabili dugu gorputzetik kanpo jartzeko parte-hartzailea edo gorputz barnean, eta gero ikusi ze efektu zuen gogoratze momentuan.
Zein garrantzia du gorputzak oroimenean? Zer da egindako ikerketen ondorio nagusia?
Emaitzak harrigarriak bezain sinpleak ziren, sistema hipokanpo-kortialeko gune bakar bat dago guztiz desaktibatuta lehen gogoratzeetan: ezker hipokanpo gorputza eta atzeko partea. Beste gune kortikal medialak (medial prefrontala, prekuneusa eta erretrospleniala) gorputz barnean zirelarik bezala aktibatzen dira. Dena gertatzen da hipokanpoak kodetze momentua blokeatua balu bezala eta pertzepzioak elkar lotzeko funtzioa ezin betez balebil bezala; gune kortikalak elgarri lotu gabe utzi balitu bezala. Gero, errepikapenarekin aktibazio handi bat agertzen da hipokanpoan, etengabeko loturak sortuko balitu bezala: ematen du oroimen intrusiboen metafora bat: egoera momentuan blokeatuak, eta gero denborara etengabean nahigabean berriz bizitzen direnak.
Nola bihurtzen ditu garunak bizi esperientziak memoria?
Hori ez dakigu eta ezin erantzun zuzenki. Badakigu, gune kortikalak hipokanpoarekin batera aktibatzen direla eta hipokanpoak dituela loturak sortzen, baina bide bat dago: errealitate sentsoriala, pertzepzioa, bizipen integrazioa eta gogoratzea; eta pausu bakoitzean ez dugu oraindik ongi ulertzen zer gertatzen den. Badakigu egoeraren momentuan eta gogoratze momentuan ber guneak erabiltzen ditugula. Baina, begira, gogoratze sistema ikertzen dugunon artean azken hamarkadan kontzeptuak irauli dira: gogoratzeko sistema zena (alzheimerrek suntsitzen duena, depresio eta trauma osteko sindromeak kaltetua dena) bat-batean agertu zaigu aurreikusteko sistema moduan. Burmuinarentzat berdin da aurreikustea egoera bat edo gogoratzea egoera bat! Gure ikerketek geroztik erakutsi dute barne narrazioak egitean, egoera bat gogoratzean, aurreikustean, baina baita amestean ere, ber sistema hipokanpo-kortikala erabiltzen dela, baina ez fikzioen narrazioa egitean.
Zertan lagundu dezakete ikerketa hauek guztiek?
Hor azpimarratzen duzu gorputzaren inguruko ikerketa, gorputza eta gogoratze sistema, pertzepzio-gogoratze sistema; sistema narratiboa eta gogoratze sistema jokoak lantzea eta ulertzea, ezinegon egoeren ondorioak eta errealitate perzeptibo desberdinen nondik norakak ulertzeko bideak dira. Pausuz pausu, psikopatologien mitoak hausten dituzte ikerketa hauek, eta, agian, ezinegonen nondik norakoen ulermenari bide emanen. Parisekoarekin argiki agertu zaigu, DSMak [gaixotasun mentalen eskuliburua, Ameriketako Estatu Batuetako psikiatren gidaliburua] eritasuntzat jotzen eta erresonantzia magnetikoan agertzen ziren afekzioak, psikopatologiarik gabekoei berdin berdin agertzen zaizkiela: biziak eragina duela, eta badela garaia bizia kondutan hartzeko. Gero gorputzaren inguruko ikerketak ongi erakusten digu ez garela buruan soilik; mendebaldeko kultura desgorpuztu honetan, ikerketek erakusten digute oinarrizko izaite gorpuztu horren beharrezkotasuna…
Zer azpimarratu nahiko zenuke zure hitzaldian?
Goian erran bezala, pausuz pausu joanen naiz ulertutakoari buruz. Amaituko dut aurkezten narrazio sistemen joko potentzialak, hemen ez ditugunak aipatu. Azken finean, zer ulertua dugun eta zer ulertzekoa dugun partekatuko dut, baita ere ikerketa mota hauen mugak.