Itsaslore Yarza eta Iñigo Martinez: “Pentsamendu feministak filosofia gorpuztu du”

“Filosofiatik ezabatutako emakumeak” ikastaroaren baitan, filosofiaren historian zehar emakumeek izan duten presentzia aztertzen aritu dira. Emakumeen ikusezintasuna iraultzen hasteko saiakera izan da UEUren 49. ikastaroen baitan. Itsaslore Yarza eta Iñigo Martinez Peña Agora Filosofia Elkarteko kide eta ikastaroaren antolatzaileek garrantzitsutzat jo dute gaurko eguna.

Zer gertatu da filosofiaren historian emakumeekin?
Itsaslore Yarza: Filosofiaren historian aipatu izan diren emakumeak orokorrean gizonezkoekin erlazionatu izan dira. Benetako irakurketa hau da: ezabatuak izan dira. Isiltasun horri buruz galdezka antolatu dugu jardunaldi hau.

Iñigo Martinez Peña: 9 urteko alabak hauxe esan zidan: Aita zergatik filosofiako liburuetan gizon zahar eta itsusiak azaltzen dira? Galdera barregarria baina aldi berean pisuzkoa iruditu zitzaidan eta oso irakurketa garbia egiten du.

Zein da pentsamendu feministak filosofian egin duen ekarpena?
I.Y: Gorputza zegoen zokotik atera du, pentsamendu feministak filosofia gorpuztu du. Filosofia beti saiatu da gorputza alde batera uzten, ahalik ta objektiboen eta neutroen izateko. Feminismoak egin duena hori izan da, gorputza aldarrikatu eta gorputzaren pentsamenduaren eraikitzearen parte izan.

I.M.P: Saioko ekarpenetan aipatu da, naturalaren kontzeptuari buruzko gainbegiratua egin behar da: Pentsamendu feministak sailkapen naturalak edo eraikitakoak diren, zer den emakumea izatea, zer gizonezkoa izatea? Filosofia subjektu espiritual batetik ematen da askotan, gorputzik gabeko pentsamendu bezala eta gorputzera ekartzea feminismoak egin du. Nola pentsatu minarekin, plazerarekin edo Arantza Etxeberriak aipatu duen bezala, gorputzak nola lotzen gaituen sufrimendu, gose, asperdura eta abarretik. Pentsamenduaren eta gorputzaren arteko lotura ahazturik egon da.

Bigarren hezkuntzako curriculumean ez dago emakume filosofoentzat ez dago lekurik. Nola irauli liteke?
I.Y: Erkidegoan datorren ikasturteari begira, unibertsitatera sartzeko ebaluazio frogan bi emakume sartuko dira: Simon Beauvoir eta Hannah Arendt. Gure zalantzak ere baditugu, emakume izateagatik soilik sartzea ez ote den, baina aurrerapauso txiki bat da. Hezkuntza lege berriarekin Euskadiko Curriculuma berritzeko parte hartzeko proposamena egin digute. Taldetxo bat osatu dugu eta saiatuko gara Curriculuma barrutik eraldatzen, emakumeak sartzen, gorputzaren gaia sartzen eta baita euskal pentsamendua ere.

I.M.P: Egin behar den lana ez da Curriculumeko filosofoen zerrendara emakumeen izen propio batzuk gehitzea bakarrik. Hori baino gehiago dago ekarpen hauen atzean, filosofia egiteko modu berri bat da egiteko dagoena. Jardunaldiaren hasieran galdera hau planteatu da: zer berrikuntza ekartzen du emakumeen ahotsak filosofiara ekartzea?

Zer irtetea gustatuko litzaizueke gaurko egunetik?
I.Y.: Filosofia egiteko moduak eta izen desberdinak Agorara ekartzea gustatuko litzaiguke. Guretzat helburu nagusia inplikazioa daukagun irakasleen saretzea da, esperientziak eta proiektuak elkar banatzeko. Elkar ezagutzea garrantzitsua da filosofiaren historia freskatzen laguntzen digulako. Orain arte ikasi dugun filosofia maskulinoa eta misoginoa izan da eta ona da beste aire batzuk barneratzea.

I.M.P: Elkarlana, saretzea, ilusioa, elkar pentsatzea eta lanean jarraitzeko gogoa. Ez hori bakarrik, filosofia egiten hasteko beste modu bat sortzea ere gako garrantzitsua da. Pentsamendu komunitatea sortzea, beste irakasleekin elkartuz aberasgarriagoa izango baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude