Garazi Zabaleta: “Irakasleen erronka handienetariko bat konpetentzia digitala garatzea eta ikasleak egungo gizartean heztea da”

UEU, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, eskaintzen ari den ikastaroetako bat da “Hezkuntzarako bideo egokiak sortzen” izenekoa; Garazi Zabaleta Mendizabalek eta Txomin Bujanda Garatek gidatuko dutena. Zabaletak eman digu ikastaroaren nondik norakoen berri. Telekomunikazio ingeniaritzan graduatua da, ikus-entzunezko espezialitatean (NUP).  Horretaz gain, webguneen programazio eta diseinuan masterduna (CEI) da eta Pedagogia ikasten ari da gaur egun UHUNen. Musikaria ere bada, Musika Konposizioan graduatua (Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa).

Zer pisu dute bideoek hezkuntzan?
Egungo gizartean ikus-entzunezko ekoizpenek duten presentzia ukaezina da. Hezkuntzan ere, gero eta pisu gehiago dute. Bideoa baliabide garrantzitsua izan daiteke ikas-irakas-prozesuan. Hori dela eta, bideoen inguruan hausnartu eta ikastea proposatzen dugu.

Irakasleek nolako bideoak prestatu beharko lituzkete ikasleentzat? Zer ezaugarri behar dituzte bideo horiek?
Irakasleek ikasleen eskura jartzen dituzten baliabideen inguruan hausnarketa egin ohi dute. Baliabide hori zertarako, zein helbururekin erabiliko duten galdetzen diete haien buruei. Bideoekin gauza bera gertatzen da. Bideo horrek helburu pedagogiko bati erantzun behar dio; testuinguru jakin baterako balioko du eta hartatik eratorritako lan bat eskatuko du. Bideo-mota bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina, guk arlo teknikoa, didaktikoa eta estetikoa zaintzea, eta haiek helburu pedagogikoen zerbitzura jartzea proposatzen dugu.

Zenbateko eraginkortasuna du ikasleei bideo bidez edukiak azaltzeak?
Bideoek irakasleen azalpenak ordezka ditzakete, baita osatu zein aberastu ere. Aniztasunari erantzuteko baliagarriak dira, azalpen berbera behin eta berriz ikus-entzuteko aukera izanez, adibidez. Bideoen eraginkortasuna aldakorra izango da, testuinguruaren, ikus-entzulearen arreta mailaren eta bideoaren egokitasunaren arabera.

Zergatik da garrantzitsua irakasleek euren bideoak sortzea?
Edukiak sortzeko jarrera baikorra azaltzea eta horretarako trebeziak lantzea irakaslearen konpetentzia digitalaren parte da. Bideoak ekoizterako garaian ere, helburuak pedagogikoa izan behar du. Irakasleak, ikas-irakas prozesua ikasle taldera egokitu behar duela kontuan hartuta, bideoek berezitasun hauei erantzun behar lieke.

Gaur egungo irakasleak ari dira konpetentzia digitalera egokitzen?
Irakasleen erronka handienetariko bat hau da: konpetentzia digitala garatzea eta ikasleak egungo gizartean heztea. Egokitu behar izatearen eztabaida gaindituta dagoela uste dugu. Paradigma berri honek bere argiak eta itzalak dituen arren, argietan erreparatuz, eskura ditugun baliabide eta euskarriak probestu eta baliatzea jarrera kontua dela esango genuke.

Zein dira ikastaroaren helburuak?
Ikastaroak hainbat helburu ditu. Sortze prozesuak eragin ditzakeen beldurrei aurre egiteari eta sorkuntzarako eroso sentiaraziko gaituen klima ahalbidetzeari eman diogu garrantzia. Irakasleen gaitasun digitala garatzen laguntzea da xedea: haien egunerokotasunean, bai arlo profesionalean nahiz pertsonalean baliagarria izango zaien esperientzia izatea espero dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude