“Garrantzitsua iruditzen zaigu narratiba bide berriak eta kalitatezko kazetaritza balioan jartzea”

48. Udako Ikastaroen barruan, “BERRIA multimedia: kazetaritzaren praktika berriak” izeneko ikastaroa antolatu UEUk BERRIArekin elkarlanean. Ikastaro horren edukiez zein BERRIA urratsen ari den bideaz gehiago jakin asmoz, Ainara Lasa Perez  marketing eta publizitate arduradunarekin, eta Pello Urzelai Agirre IKT arduradunarekin izan gara. Ikastaroan izena emateko epea irekita dago oraindik.

 

Eduki bakoitzari ondoen egokitzen zaion euskarria eskaintzea. Hain sinplea dirudien horrek lana dauka atzean.
Kontua ez da hain sinplea, edukiak euskarri ezberdinetan eskaintzen baitira ahalik eta hedapen handiena lortze aldera. Inpresioak kode eta formatu jakin batzuk ditu. Urteetako jakituria dago eremu horretan. Eremu digitalean, berriz, edukien egokitzapena konplexuagoa da; aukera gehiago dagoelako; gailu ezberdinak, bisualizazio ezberdinak, edo multimedia lengoaiak kontuan hartu behar direlako. Erronka bikoitza da: batetik, eduki bakoitza zabaltzea euskarri eta plataforma ezberdinetan era egoki batean; eta, bestetik, edukien aukerak identifikatzea hobeto egokitzen zaion euskarria modu berezian landu ahal izateko.

Askotariko lengoaia hauen lanketaren helburua, kazetaritzari lotutako balioez gain, gero eta irakurle gehiagorengana ailegatzea da; euskarako kazetaritzara hurbiltzea; finean euskararen normalizazioan eragiteko tresna izaten jarraitzea eta irakurle horiek eduki hori ekonomikoki babestea. Hori hortzmugan dugula ari gara lanean.

Kalitatezko kazetaritza du helburu BERRIAak, baina zertan neurtzen da kalitate hori?
Kalitatea kazetaritza onaren ezaugarrien erabilera zorrotzarekin lotu daiteke. Esate baterako, kontrastearekin, egiaztapenarekin, originaltasunarekin, edukiaren interes eta balio sozialarekin, idazkera argi eta zuzenarekin edo lengoaia bisual egokiarekin, sormenarekin… Kalitatezko kazetaritza lortzeko informazioa landu egin behar da; askotan, modu konplexuan, ikuspegi eta jakintza ezberdinak uztartuz.

Datuen bisualizazioa, infografiak.. Ez da kontu berria, baina pisu berezia hartu dute azkenaldian… Arlo horretan Berria erreferente bilakatu dela esan dezakegu?
Bai, edo, gutxienez, ahalegin horretan gaudela. Infografiak beti izan dira BERRIAren ezaugarri bat, landuak, nortasunarekin. Horietako asko Wikimedian daude eskura. Baina badira beste ildo interesgarri batzuk; esate baterako, mapagintza interaktiboarena, hauteskundeetako emaitzak bisualizatzeko bereziki erabili duguna; edo grafiko interaktiboena, azkenaldian koronabirusaren datuak erakusteko erabilitakoa.

Lan honi guztiari eta metatutako ezagutzaren hedapenari berebiziko garrantzia ematen diogu. BERRIAren ikuspuntuaren izaera berritzailea, konprometitua, originala, kritikoa…transmititu nahi ditugu.

Ikastarora Zaldibar eta koronabirusa ekarriko dituzue multimedia praktikaren adibide moduan. Koronabirusak, adibidez, hedabideen jarduera areagotu du. Zein eragin izan du zuen kasuan?
Krisi garaietan informazioa premiazkoa da, eta hedabideon zeregina are garrantzitsuago bilakatzen da; koronabirusaren kasuarekin agerian gelditu denez. Baldintza zailetan erantzukizun handi bati erantzun behar izan diogu, ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaini asmoz. BERRIAko kide guztiak inplikatu dira. Ahalegin kolektibo bat izan da.

Ahalegin kolektibo horrek eragina izan du webgunearen trafikoan eta krisi betean BERRIAlagunen komunitatearekin bat egin duten kide kopuruan; igoerak esanguratsuak izan baitira. Irakurleek estimatu dute kalitatezko kazetaritza, egoera ulertzeko gakoak eskaini dizkiena, eta sareko irakurle askok eman dute informazio horrengatik urteko kuota ordaintzera jauzia.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landu nahi duzuena? Zein helbururekin?
Zaldibarko zabortegiaren eta koronabirusaren krisien praktikak eredu bezala hartu nahi izan ditugu; bi kasu hauetan argi ikusten delako zein garrantzitsua den kazetaritza ildo berriak jorratzea eta horretarako multimedia osagaiak baliatzea; ahalik eta emaitza hoberenak lortzeko. Zaldibarko kasuan, besteak beste, gertatutakoa azaltzeko funtsezko testigantzara nola iritsi ginen eta nola jorratu genuen azaldu nahi dugu. Baita ere Google Erth tresna nola baliatu genuen, gertatukoaren ikuspegi bisual bat eskaintzeko.

Koronabirusaren kasuan, krisiari erantzun oso bat emateko zein kazetaritza ildo garatu ditugun eta zein oihartzuna lortu duten azaldu nahi dugu. Bereziki, datuen garrantzia eta datuen bisualizazioan egindako ahalegina azaldu nahi dugu, bideogintzaren arloan egindako esperientzia berriekin batera.

Garrantzitsua iruditzen zaigu BERRIA urratzen ari den bideen kontakizuna zabaltzea; narratiba bide berriak eta kalitatezko kazetaritza balioan jartzea; hazia ereitea, kazetaritzaren eta komunikazioaren esparruetan dabiltzanentzat erreferentzia izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude