“R-Ladies sareak genero aniztasuna sustatzea du helburu”

UEUren eta Gislan kooperatibaren eskutik Geomatika eta Inteligentzia Espaziala jardunaldia izango da datorren azaroaren 15ean Gasteizen. Hitzaldiez gain, tailerrak ere izango dira. Adibidez, ”R softwarea: datu espazialekin lanean” izenekoa emango dute R-Ladies Bilbao taldeko Lore Zumeta Olaskoaga eta Amaia Iparragirre Letamendiak.

 

Zer da R-Ladies?
Nazioarteko sare bat da, R software-aren inguruko komunitatean genero aniztasuna sustatzea helburu duen ekimen bat. San Franciscon sortu zen 2012an, Gabriela de Queiroz ikertzaileak bultzatuta. R-Ladies sarea tokian tokiko taldez osatuta dago eta gaur egun 48 herrialdetan 180tik gora talde ditu. Tokian tokiko talde bakoitza modu independentean antolatzen da eta taldeek jarduera ezberdinak antolatzen dituzte: R-ren inguruko tailerrak, hitzaldiak… Jarduerak irekiak eta mistoak dira, baina hizlariak eta antolatzaileen taldea emakumeek* osatzen dute, hau da, emakume edo talde gutxiengoan dagoen talde bateko kide gisa identifikatzen den edonork.

Zer da R softwarea? Zein erabilera izan ditzake?
Kode irekiko programazio ingurunea da, software libre bat da. Datuen analisiarekin eta datuen kudeaketarekin oso lotua dago; eta adibidez, estatistikaren arloan estandar bihurtu da. Gainera, kode irekikoa izaki, R-ren bidez ezagutza partekatzea oso erraza da. Bere erabiltzaileen komunitatea oso aktiboa da eta dituzten zalantzak argitzen laguntzen diote elkarri foro eta blog ezberdinetan (StackOverflow eta R-bloggers, adibidez). R-ren erabilera oso zabala eta anitza da, azken batean, datuak esparru ezberdin askotan jaso eta analizatzen baitira. R oso tresna aproposa da datu mota ezberdinekin lan egiteko, datuekin ereduak garatzeko, grafikoak irudikatzeko… Hau dela eta, arlo ezberdin askotako erabiltzaileak ditu (bai ikertzaileak, bai enpresetako langileak…). Gainera, pakete propioak igotzea baimentzen du; eta pakete hauek, edonork erabil ditzake. Honek erabiltzaileen lana asko errazten du.

Zein da tailerraren helburua?
Aurreko galderarekin lotuta, R softwarea erabil dezakegu Geografia-informazioko Sistemen (GIS) teknologia erabiltzen den arlotan. Tailerraren helburua da azaltzea nola aztertu eta irudikatu ditzakegun R-n GIS datuak; hau da, geoerreferentziatu daitezkeen datuak. Datu mota hauekin R-n lan egiteko tresnak ematea, alegia. R softwareak dituen aukera ezberdinak aurkeztuko ditugu; informazio espaziala prozesatu, integratu eta mapa fisikoak egiteko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude