Alaitz Etxaniz: “Koedukazioa haurraren garapen psikosoziala eta aukera berdintasuna sustatzeko bide eraginkorra dela frogatu da”

Psikologo Euskaldunen Topaketa antolatu du UEUk datorren azaroaren 16rako Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin. Bertan Alaitz Etxaniz Aranzeta psikologo eta ikertzaileak “Familia, eskola eta komunitatearen arteko baterako hezkuntza: Koedukazioa” izango du mintzagai.

Familia, eskola eta komunitatearen arteko baterako hezkuntzaz jardungo duzu topaketan. Nolakoa behar luke hiruren arteko loturak?
Oro har, haurra eta bere hezkuntzaz jardutean, haurraren garapena bere osotasunean bultzatu nahi badugu, ezinbesteko da bere hurbileko familia zein eskola esparruak zein inguratzen duen komunitatea kontutan hartzea. Laburbilduz, hiruren loturaren izaerari dagokionez esan genezake, baterako hezkuntzan abiarazteko, sistema hauen elkarrekiko errespetuzko hurbilpena garrantzitsua dela; hortik abiatuz komunikazio eta konfiantza bideak eraikitzeko, bakoitzaren ardura zein baliabideak zehazteko, eta baterako ekintza hezitzaile adostuak abian jartzeko. Azken xedea, haurraren garapen osasuntsua bultzatzea izango da. Pertsonarteko harreman guztiak bezala, koedukazio esperientzia bakoitza bakarra izango da, bere izaera parte-hartzaileak eraiki eta zehaztuko baitu.

Zergatik da horren garrantzitsua?
Ikerketa ezberdinek adierazi digute haurraren inguruko sistemen arteko harremanen kudeaketak garapen alor ezberdinetan duen eragina; elkarlanean aritzeko gai direnean pertsonaren garapena eta hezkuntza bultzatzeko duten indarra biderkatzen dutelarik; familia eta haurrentzat babes faktore bilakatuz. Ostera, elkar harreman hauek gatazkatsuak direnean indar hau arrisku faktore bilakatu daiteke. Beraz, baterako hezkuntza, hots koedukazioa, haurraren garapen psikosoziala eta aukera berdintasuna sustatzeko bide eraginkorra dela frogatu da. Hori horrela, bide horri jarraiki haurrei gida eta egitura bateratu bat eskaini, eta etorkizuneko gizarte ongizatearen aldeko apustua egingo da; bai prebentzio aldetik zein ikuspegi eraikitzaile batetik.

Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Gaur egungo gizartearen antolaketan, jakin badakigu baterako hezkuntzan jarduteko muga nabarmenak aurkitzen direla esparru ezberdinetan. Muga horiek zeintzuk diren zehaztu eta eraldatzeko aldarrikapenak egitea ezinbesteko den arren, garrantzitsua iruditzen zaigu gai honen garrantzia mahai gainean jartzea; hausnarketa eragitea, eta eskura dauden aukeren arabera, helburu errealistak zehaztuz, aldaketa txikiak abian jartzea. Azaroak 16an izango dugun Psikologo Euskaldunen topaketan era pilotuan Debarroa eta Leioa udalerrietako haur, irakasle eta familien parte-hartzearekin egindako ikerketa-akzioaren berri emango da. Bertan bilduriko datuetatik eratorritako ondorioak aurkeztuko dira, koedukazioaren gaiaren inguruan eztabaida, hausnarketa eta elkartrukea sustatu asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude