“Presoen adineko gurasoek osasun mental okerragoa dute adin eta genero bereko pertsonekin alderatuta”

Datorren azaroaren 16rako Psikologo Euskaldunen III. Topaketa antolatu du UEUk, Eibarren, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin. Eneko Sansinenea Mendez eta Iñaki Garcia Fernandez UPV-EHUko irakasleek “Bigarren prisionizazioa eta euskal presoen adineko gurasoen osasun mentala” izango dute mintzagai.

 

Bigarren prisionizazioa eta euskal presoen adineko gurasoen osasun mentala izango duzue mintzagai. Zertan datza zuen ikerketak?
Bigarren prisionizazio da preso baten senide huts izateagatik pertsona batek jasaten duen inpaktua: eskubide- eta baliabide-murrizketak, gastu ekonomikoak eta kalte fisikoak, psikologikoak zein sozialak. Gure ikerketan, bigarren prisonizazioaren aspektu zehatz bat aztertu nahi izan dugu: presoen adineko gurasoen osasun mentala. Horretarako, seme-alaba kartzelatuta duten 50 guraso, baldintza hori betetzen ez duten adin eta genero bereko adineko beste 50 pertsonekin erkatu ditugu. Osasun mentalari dagokionez, nahasmendu mental ohikoenak hartu ditugu aztergai: depresioa, antsietatea eta estresa. Bestetik, gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari den osasun mental positiboaren kontzeptua ere neurtu dugu. Osasun mental positiboak pertsonaren ongizate emozional, psikologiko eta sozialari egiten dio erreferentzia, eta gaur egun osasun mentalaren osagai inportante gisa hartzen da.

Honela, bi hipotesi proposatu ditugu. Lehenengoan, presoen adineko gurasoak osasun mental okerragoa izango dutela populazio arrunteko pertsonekin konparatuta. Bigarrena, seme-alaba urrun espetxeratuta duten gurasoek osasun mental okerragoa izango dutela seme-alaba gertu espetxeratuta dutenekin konparatuta.

Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?
Lehenengo hipotesia betetzen dela aurkitu dugu, alegia, presoen adineko gurasoek osasun mental okerragoa dutela adin eta genero bereko pertsonekin alderatuta, bereziki depresio, antsietate eta estreseko puntuazioetan. Bigarren hipotesia, ordea, ez da bete: seme-alaba urrun espetxeratuta daukaten gurasoek ez dute seme-alaba gertu espetxeratuta dutenek baino osasun okerragoa erakutsi. Nolanahi ere, inportantea da azpimarratzea bi taldeak oso desorekatuta zeudela parte hartzaile kopuruari dagokionez: seme-alaba urrun zuten gurasoen taldean 37 pertsona biltzen ziren, seme-alaba gertu zutenen taldean 8 pertsona bakarrik zeuden bitartean. Pertsona kopuruaren desoreka honek —laginaren berezko ezaugarri bat, preso gehienak urrun espetxeratuta daudelako— ez digu uzten emaitzak segurtasunez baieztatzen.

Zer da nabarmenduko nahiko zenukete topaketan?
Lehenik, presoen gurasoek osasun mental okerragoa dutela, eta modu nabarmenean hori seme-alabaren (urruneko) espetxeratze egoerarekin erlazionatzen dela. Bigarrenik, egoera zailetan pertsonek indarra ateratzen dutela barrutik; azken urteotan erresilientzia bezala ezagutu izan dena. Uste dugu seme-alaba urrun kartzelatutako gurasoek neurri batean erakusten dutela prozesu hau. Bizi duten egoeraren aurreko egokitzapena bada ere, egoera gogorra da eta nekagarria fisikoki zein psikologikoki. Horregatik, gure ikerketaren emaitzen arabera, uste dugu presoak hurbilduko balituzte gertuko kartzelatara, presoen adineko gurasoen osasun mentala populazio orokorraren mailara itzuliko litzatekeela neurri handi batean. Presoen gurasoen bigarren prisionizazioaren gaia ez da asko ikertu —gure ikerketa lehenengotarikoa da—, eta lan handia dago egiteko.

Azkenik, esan nahi genuke Psikologoen III. Topaketetara Iñaki Garcia eta Eneko Sansinenea izanik ikerketaren berri emango dugunok, EHUko beste bi irakaslek ere parte hartu zutela: Luixa Reizabalek eta Ainize Sarrionandiak. Gainera, dozena luze bat ikaslek lagundu zuten galdera sortak parte hartzaileengana iristen. Presoen senideen Etxerat elkarteak lagundu zigun gurasoekin kontaktua egiten. Horien guztien laguntzarik gabe ez genuen helburua lortuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude