Ibon Manterola: “Euskararen komunitatea jakintzarekin etengabe hornitu beharra dago”

ELEBILAB Elebitasunaren Laborategiak eta UEUk elkarlanean “Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” izeneko jardunaldia antolatu dute datorren urriaren 4 eta 5rako. Ibon Manterola Garate da antolatzaileetako bat eta “Mattin Zaku eta Etincelle/Centellita: D ereduko haurren garapen elebiduna aztergai” lana aurkeztuko du Beñat Lascanorekin batera.

 

“Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” jardunaldiak non du abiapuntua?
ELEBILAB ikertaldeak hiru hamarkadako ibilbide oparoa dauka eta ikertaldean uste dugu garai egokia izan daitekeela urte hauetan guztietan ikertutakoa eta ikasitakoa gizarteari eskaintzeko. Eta baita erantzun gabe dauzkagun hainbat eta hainbat galdera interesgarri jendaurrean azaltzeko ere.

ELEBILABeko kideak askotariko ikerketa gaietan murgilduta gaude, sarritan, gainera, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako lan-ildoei uztartuta. Munduan zehar han eta hemen gure ikerketen berri eman ohi dugu, argitaratu ere bai, euskaraz zein ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz, baina gure jarduna “osotasunean” erakusteko moduko jardunaldi bat egiteko aukera ikusi dugu, UEUrekin elkarlanean.

Jardunaldiari hasiera emateko irakaskuntza eleaniztuna izango duzue mintzagai. Zein ikuspuntutatik landuko duzue gaia?
Batetik, euskaraz eskolatutako ikasleen garapen elebidunari buruzko aurkezpena egingo dugu Beñat Lascano eta biok, orain arte egin ez dugun modu batean, gainera: tresna metodologiko berbera erabilita, Iparraldeko eta Hegoaldeko 5-6 eta 11-12 urte bitarteko haurren garapen elebiduna nolakoa den erakutsiko dugu. Eskoletako zein familietako hizkuntza plangintzei begira garrantzitsuak izan daitezkeen ondorioak plazaratzen saiatuko gara.

Bestetik, Ana Aldekoa, Beñat Garaio eta Maite Garciak euskara bezalako hizkuntza gutxitu bat barne hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren hainbat praktika didaktiko aztertuko dute. Lanaren izenburua irakurri besterik ez dago, aurkezpena entzuteko gogoa pizteko: “3 txerritxoak eta 4 ipuin, otsoak etxea bota ez dezan: hezkuntza eleaniztuna hizkuntza gutxitu batekin gelaratzeko zenbait praktika.”

Mattin Zaku eta Etincelle/Centellita: D ereduko haurren garapen elebiduna aztergai”. Horixe Beñat Lascanok eta zuk aurkeztuko duzuen lana. Ipuin kontaketan oinarritu zarete garapena neurtzeko. Zergatik ipuin kontaketa? Zeintzuk dira ondorio nagusiak?
Hego Euskal Herrian, eta batez ere EAEn, eskolaldian zehar ikasleek lortzen duten euskara-maila ebaluazio estandarizatuen bidez neurtzen da. Iparraldean euskarazko eskolatzearen inguruko ebaluazioak eta ikerketak oso urriak dira oraindik. Salbuespenetako bat Beñat Lascanoren tesia da, hain zuzen ere. Funtsezkoa da ebaluazio estandarizatuak egitea, gureak bezalako hezkuntza sistemek ahalik eta ondoen ziurtatu behar bailukete ikasleek hizkuntza gutxitua garatzen dutela eskolan. Hizkuntza hegemonikoen (gaztelaniaren eta frantsesaren) ikaskuntza eskolaz kanpoko sozializazioak ongi asko ahalbidetzen du, eta ebaluazioak egin beharra badago ere, premiak ez dira berberak, inondik ere.

Hala ere, Beñatek eta biok aurkeztuko dugun ikerketari esker, ikasleen hizkuntza garapen elebidunaren analisi xeheagoa egin ahal izan dugu, ikasle talde berberak haur hezkuntza bukaeratik lehen hezkuntza bukaerara arte jarraituta. Ebaluazio estandarren aldean, lagin oso txikiekin eta orokortu ezin direnekin egin dugu ikerketa, baina ikasleen garapen elebidunaren analisi diskurtsibo-gramatikal fina egiteko aukera izan dugula esango nuke. Hain zuzen ere, ikasleek ekoiztutako ahozko ipuin-kontaketen analisiak erakutsiko ditugu. Jendaurrean ahoz jarduteko interesgarriak izan daitezkeen hainbat hizkuntza trebetasunen analisia egiteko aukera ematen du ipuin-kontaketak. Azalduko dugun ondorioetako bat da etxetik Gazteleradunak/frantsesdunak diren haurrak euskaraz eskolatuta ez dela soilik euskara garatzen, baita gaztelania/frantsesa ere. Garapen elebidunaren xehetasun gramatikal-diskurtsiboak emango ditugu.

Zergatik dira garrantzitsuak era honetako jardunaldiak?
Jardunaldiaren bidez ELEBILAB ikertaldearen jarduera gizarteratu nahi genuke. Hainbat eta hainbat gai jorratuko dugu: eleaniztasuna eta hezkuntza, hizkuntzen didaktika eta irakasleen prestakuntza, ahozko euskararen diskurtso analisia, haur elebidunen hizkuntza garapena eta hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza lankidetza. Euskararen komunitatea etengabe hornitu beharra dago komunitatearen jarraipena lagun dezakeen jakintzarekin, eta hor gurea bezalako jardunaldien ekarpena beharrezkoa dela esango nuke.

Ohi den bezala, unibertsitateko gradu zein gradu ondoko ikasleak espero ditugu, baina baita ere hezkuntzaren esparruan dabiltzan profesionalak eta hezkuntzaz kanpo ere hizkuntza aniztasunaren kudeaketaz arduratzen diren askotariko profesionalak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude