Oskar Arantzabal: “Ekonomian diskurtso eraberritu baten bila gabiltza; historiatik abiatuta etorkizuna diseinatzen hasteko”

Datorren azaroaren 14an Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra izango da Donostian, “Historiatik etorkizunera” izenburupean. Ekonomistak Elkargoak eta UEUk elkarlanean antolatutakoa izango da eta dagoeneko komunikazio-deialdia zabalik dago. Oskar Aranzabal Iraeta UEUko ekonomia sailburuak eman dizkigu jardunaldiaren eta komunikazio-deialdiaren nondik norakoak.

 

Ekonomialari euskaldunen lehenengo biltzarra izango da azaroan. Zerk bultzatu zaituzte antolatzera? Zein hutsune daude?
Beste lan ildo batzuetako abiapuntu bera izan da (informatikari, arkitekto, historialari…); elkarlanean arituko den Ekonomistak Elkargoak berak ere euskara komunitate bat sortu berri duelako. Helburua, zubi lanak egitea unibertsitate eta mundu profesionalaren artean, eta, batez ere, elkar ezagutzen hastea.

“Historiatik etorkizunera” leloa aukeratu duzue lehenengo topaketa horretarako. Historia ekonomikotik abiatuta etorkizuna diseinatzen hastea da asmoa…
Ikasle garaietan ezagutu genuen Joseph Schumpeter, “suntsiketa eraikitzailea” kontzeptuaren aita-edo. Bere ustetan “ekonomialari zientifikoak” hiru teknika menperatu beharra zeuzkan: historia, estatistika eta teoria. Etorkizunaz ere teorizatzen hasi nahi dugu.

Komunikazio deialdia martxan da dagoeneko. Zein eratako lanak aurkez daitezke?
Edozein gai ekonomiari lotua dagoena, gaurkotasuna badu hobe: klima aldaketa, pentsioak, etorkinak, parekidetasuna, energia berriztagarriak, aberastasunaren banaketa orekatua, etab.

Nori zuzendutako deialdia da?
Batez ere jende gazteari. Diskurtso eraberritu baten bila gabiltza. Esan bezala, historiatik abiatuta (helduak bestela ere hor gaudelako) etorkizuna diseinatzen hasteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude