“W. von Humboldt gurean: hizkuntza, kultura, herria” izeneko ikastaroa antolatu dute Baionan UEUko filosofia sailetik. Haritz Azurmendi Arrue da ikastaroaren arduradunetako bat eta berarekin hitz egin dugu Humboldten garrantziaz eta ikastaroa Baionan kokatu izanaren zergatiez.
Ikusi elkarrizketaren bideoa: https://youtu.be/Lwx0hJK6AXM
Nondik sortzen da ikastaroa? Zergatik Humboldt? Zein izan da Humboldten garrantzia?
Ikastaro hau sortu zen Iñaki Zabaletak idatzi zuelako “Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria” liburua. UEUko filosofia sailarekin jarri zen harremanetan eta aztertu genuen zerbait egin ote zitekeen liburuko gaia sakontzeko ikastaro batean. Ikusi genuen alde batetik Humboldt bera interesgarria dela pertsonaia bezala; eskaini ziolako bere ikerketaren zati bat Euskal Herriari. Beste alde batetik ikusten genuen interesgarri baita ere Euskal Herritik Humboldt irakurri izan dutelako zenbait pisuzko pentsalarik: Txilardegik edo Azurmendik; gaurko egunerako ere interesgarriak direnak. Eta bi norabide horiek uztartuz antolatu genuen ikastaro hau.
Ezagutzen ez duenarentzat. Nor izan zen Wilhelm von Humboldt?
Humboldt da XVII. Mende bukaeran jaio eta XIX.mende hasieran bere lanek eta interesek Euskal Herrira ekarri zuten prusiar bat. Oso polifazetikoa. Hizkuntzaz arduratu zen, gaur egun folklore legez ezagutzen den hortaz. Baina politikaria ere izan zen, goi mailako diplomatikoa Prusian; eta bazeuzkan ideia propio batzuk orduantxe jaiotzen ari zen Estatu moderno, nazio-estatu horren aurrean kritikoak; eta estatu horietan nagusi ez ziren herri horiekiko begirunezkoak. Nik uste dut alde horretatik baduela interesa. Garai hartako ideia nagusien aurka edo aurrean halako lehen mailako pentsalari bat izatea, eta, gainera, kasualitateak, edo kasualitate ezak eta interesak euskaldunekin obsesionatzera eraman zutela.
Ikastaroa Baionan egitea ez da kasualitatea izan…
Ez, ez da kasualitatea izan. Humboldt bera Baionan egon zelako planifikatzen Euskal Herrian zehar egin behar zuen bidaia; eta, gainera, badelako modu bat esateko Humboldtek euskaldunak osotasunean kontuan hartzen zituela. Bai Iparraldeko hiru herrialdeak, bai hegoaldeko lauak. Eta bazen ariketa polita, gu hegoaldetik antolatzen arituta ere, -antolatzaile biak hegoaldekoak garelako – ikastaroa Baionan kokatzea eta pisua ematea Baionak zeukan esanahiari. Bai garai hartan eta bai gaur egun.
Hizkuntza, kultura eta herriaren arteko harreman hori da Humboldtek aztertu zuena Euskal Herrian.
Bai. Humboldtek garai hartan eta euskaldunei begira ikusi zuen badaudela loturak hizkuntzan, herritartasunaz berak zeukan kontzeptuan; eta kulturak zeukan garrantzia herritartasun horretan. Gerora ere soka ekarri du hirukote horrek; eta joko hori egitea zen asmoa. Humboldtek bere garaian, bere garaiko tresneria teorikoekin zer ikusi zuen. Zer topatu zuen hemen; eta bere garaiko tresneria horretatik gaur egunera etorrita nola jarraitzen duen hirukote horrek gaur egungo eztabaidetan.
Aipatu duzun moduan euskal pentsalariengan izan duen eragina aztertuko duzue. Zein eratako gaiak landuko dituzue ikastaroan? Nor gonbidatu duzue? Azken batena, zein izango da metodologia?
Orokorrean hitzaldi moduan planteatu ditugu. Gai ezberdinetan aditua den jendea gonbidatu dugu. Oraintxe Joseba Agirreazkuenaga aritu da historiatik edo testuinguru historikoa jartzen; gero Iñaki Zabaleta bera; Humboldt gehien eta sakonen ikertu duen filosofoa delako. Ondoren Blanca Urguell etorriko da; hizkuntzalari, euskalari, ikuspuntutik Humboldten berritasunak aztertzeko. Biharko egunean, berriz, hartuko ditugu Humboldt irakurri duten bi euskal pentsalari pisuzko: Txillardegi eta Joxe Azurmendi;. Txillardegi aztertzeko etorriko da Alaitz Aizpuru eta Joxe Azurmendi aztertzeko neroni jarriko naiz. Gero dinamika aldatzeko mahai inguru bat proposatu dugu. Ibai Iztuetak sarrerako hitzalditxo bat egingo du eta gero gaudenon artean egingo dugu mahai ingurua. Aurreko egunean ikasitakoez, egun horretan hitz egindakoez; eta gaur egun, hizkuntza, kultura, herritartasuna nola txirikordatzen diren eztabaidatuz.
Ikastaroa borobiltzeko, arratsaldean badaukagu bisita bat Baionako euskal museoaren funtsera. Humboldtek publikatutako bi liburu originalak daudelako bertan. Bestelako zenbait marrazki-eta badaudelako. Lehen esan dudanagatik ere bai. Baionan egotea ez da kasualitatea eta Baionako euskal museoan Humboldten gauzak egotea ere ez denez kasualitatea, lotura hori egin nahi genuen.
Bukaera bukaeran egingo duguna da XIX. mendeko Baiona gaitzat hartuta edo gai zentraltzat hartuta Baionan zehar tour bat. Badaukagu gida bat hartuta horretarako. Berreraikitzeko XIX. mendeko Baiona hartan Humboldtek zer topatu izan zezakeen.
Hori gainera denentzat irekia izango da
Bai, irekia da. 4etan Gaztelu Berriko atean gelditu gara eta bai irekia izango da. Oso polita izango da, gainera.
Zein da ikastaro honen azken helburua?
Gaur egun eztabaidan badago aipatu ditugun herritartasuna, hizkuntza eta kulturak duten harreman hori. Guk egin duguna da hirukote hori, oso modu irekian eztabaidatu zitekeena, pixka bat desplazatu eta Humboldten pentsamendua jarri helduleku bezala. Hortik gaur egunerako bidea egiteko. Tradizio edo korronte horretatik egon diren proposamenak aztertu eta gaur egun eduki ditzaketen balioaz gogoeta egiteko.