Iñigo Gebara: “Software itxia erabilita gure ikasleen datuak enpresen menpe daude; eta ezin da ikusi atzean zer dagoen”

“NextCloud & Moodle: hezkuntzarako azpiegitura libreak garatzen” izeneko ikastaroa izan da Eibarko UEUren Udako Ikastaroen barruan. Lehenengo eguneko kafe orduan bildu ginen Tomas Tamayo eta Iñigo Gebara irakasleetako birekin.

Ikusi elkarrizketa: https://youtu.be/L73OZuyvcTE

Tomas Tamayo eta Iñigo Gebara

Hezkuntzan geroz eta teknologia gehiago erabiltzen da, baina ordainpeko softwarea gailentzen da. Zergatik eta zer suposatzen du honek?

Iñigo: Ordainpeko softwarea baino software itxia esan beharko genuke. Hau da, ezin dena ikusi zer dagoen horren atzean eta enpresa konkretuen menpe dagoena. Horrek suposatzen du gure ikasleen datuak eta gure ikasleek ikasten dutena beti enpresa horien menpe egotea. Euskal Herrian, gainera, enpresa horiek erabakiko dute software hori euskaratuko den edo ez.

Tomas: Ikastaroan ikusi dugu software hauetako bat erabilita ikasleen eta pertsonen dokumentuen barruan zer dagoen, eta eduki horiek guztiak nola ukitu eta aldatu ditzakezun. Ikusi dugu nola pribatutasuna galtzen den. Softwarea itxia baldin bada, eta zer nolako aukerak dituzten jakinda, ez dakigu noraino iritsi daitezkeen.

 

Horren aurrean software librea erabiltzea eta horren inguruko gogoeta egitea proposatzen duzue ikastaro honetan…

Iñigo: Software libreak behintzat erakusten digu zer dagoen atzean eta zer egin daitekeen.

Tomas: Software askea izanik kodea edonork erabili dezake, edonork aldatu dezake, eta behintzat jakin horren atzetik zer dagoen. Gero hezkuntza arloan ere kode hori edukitzeak gonbidatzen zaitu kodea ulertzera, teknologietan gehiago sakontzera; eta informatikan urte guzti hauetan garatu den ezagutza guztia eskoletara eramaten.

 

Nextcloud eta Moodle landuko dituzue ikastaroan. Zergatik aukeratu dituzue bi hauek?

Iñigo: Google oso fuerte sartu da eskoletan eta bere tresna izarrak Drive eta Clashroom dira. Horiek ordezkatuko lituzketen tresnak izango lirateke Nextcloud eta Moodle. Urteetan erabili izan dugu Moodle eskoletan, baina orain falta da fitxategiak eta kudeatzeko atal hori; eta orduan Nextcloud iruditzen zitzaigun zela aproposena .

Tomas: Ikastaroa gehienbat bideratu dugu baieztatzera zentzua ote duen bi hauek erabiltzeak eta benetan alternatiba bat ote den. Eta antza, bada.

 

Nola antolatu duzue ikastaroa?

Iñigo: Nik sarrera bat egin dut hausnarketa bultzatzeko batez ere. Zein den egoera eta zein hausnarketa egin dezakegun. Gero Tomasek erakutsi du nola funtzionatzen duen barrutik NextCloudek, irakasleek nola antolatu dezaketen. Helburua saretzea eta guztion artean lanketa bat egitea da, izan ere oso berde dago oraindik. Egia da. Ikustea zentzua duen, nola jarraitu dezakegun aurrera, nola ez. Bihar [gaur] Unai [Gorrotxategi] etorriko da atal teknikoagoan sakontzera. Nola egin daitekeen zehazki instalazioa, nola eraman aurrera.

Tomas: Nire partea berez ez dut software hauek erakusteko prestatu. Orain arte zein lan egin dudan burujabetza teknologikoa lantzeko Nextcloudekin, zeintzuk izan diren nire akatsak eta nire bidea, eta gero partaideen artean dauden beharrak-eta erantzuteko aukera ote den edo ez kudeatzeko. Horretan ari gara. Hemen badaude ikastoletako informatika administratzaileak, baina badaude irakasleak, badaude erabiltzaile hutsak… Hasieran egin duguna da Nextcloud nola erabili erakutsi, eta Google edo beste plataformak nola ordezkatu daitezkeen Nextcloudek eskaintzen dituen aplikazioekin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude