Irati Iciar: “Pertsonen arteko elkarrekintza da Udako Ikastaroen ezaugarri nagusia”

Amaitu dira UEUren 45. Udako Ikastaroak eta Irati Iciar Madinabeitia arduraduna gustura dago aurtengo edizioak utzitakoekin. Gustura egindako lanarekin. Partaidetza handia, elkarlanerako bide berriak…

IKUSI BIDEOA

Irati Iciar txikia

Nola baloratzen duzu aurtengo edizioa?
45. edizio honen balorazioa oso positiboa da. 600 izen emate inguru jaso ditugu, 100 irakasle inguruk parte hartu dute. Orduan, balorazio positiboa egiten dugu partaidetzaren inguruan, baina baita Udako Ikastaroen antolaketan bertan islatu nahi izan dugun Elkar Ekin horren balorazio positiboa. Partaide asko, erakunde asko, lurralde ezberdinetakoak… Oso gustura gaude aurtengo edizio honekin.

Aipatu moduan #ElkarEkin da aurtengo udakoen leloa. Udako ikastaroetan auzolanak garrantzi handia duen seinale.
Antolaketarako auzolana ezinbestekoa da. Ikastaroen beraien edukia lantzerako orduan. Deialdi orokor bat egiten dugu ikastaroen diseinurako. Hortik aurten 110 proposamen inguru jaso ditugu eta 110 horietatik 35 aukeratu ditugu aurtengo ediziorako. Elkarlana ezinbestekoa da bai arlo akademikoan eta bestelakoetarako ere bai. Azpiegiturak lortzeko ere elkarlana ezinbestekoa izan da. Horrela izan dugu aukera Baionan, adibidez, Iker zentroa erabiltzeko, AEKren Ereintza euskaltegia erabiltzeko, EEPren egoitza. Iruñean NAPI edo Katakrak erabiltzeko aukera izan dugu. Usurbilen Udarregi Ikastola. Donostian Hirikilabs… Hori guztia elkarlan espiritu horrekin. Aipatzekoa baita Markeskoa bera ere erabiltzen dugula eta Markeskoako Udako Ikastaroek ere duten indarra azpimarratu eta hori ere Eibarko Udalarekin elkarlanean lortzen dugu.

Gaurkotasunari lotutako ikastaroak egon dira: elikadura burujabetza, pornografia… Ohiko unibertsitateetan lantzen ez diren gaiak.
Edizio bakoitza berria da. Horrek eta elkarlanean egiteak laguntzen du urtero ikastaldi berria izaten, egokitua, pil-pilean dauden gaiak lantzeko aukera ematen diguna. Eta gero Udako Ikastaroak oso gureak dira, oso UEUrenak. Malgutasuna daukagu datak, tokiak, iraupenak eta bestelakoak lantzeko. Eta bai UEUren Udako Ikastaroetan beste unibertsitate batzuetan lantzen ez diren gaiak lantzen dira.

Arlo teknikoagoetako profesional eta eragileen topagune ere izan dira ikastaroak.
Udako ikastaroetan gero eta toki eta pisu gehiago edo garrantzi handiagoa daukate jardunaldiek. Profesionalen jardunaldiek. Ikusi dugu Udako Ikastaroak, Uda garaia, gune interesgarriak direla profesional horiek ere biltzeko. Aurten adibidez hizkuntzalariak izan ditugu, komunikazio munduko teknikari edo langile edo profesionalak telebista publikoaren inguruan hausnartzen, eta beste hainbeste.

Zein funtzio dute udako ikastaroek? Eta zerk egiten ditu desberdin?
Udako Ikastaroak orokorrean ulertu behar dira etengabeko formakuntzaren fenomeno edo filosofiaren barnean. Urte osoan zehar ikasten dugu. Udako ikastaroak filosofia horren baitan daude, baina daukaten berezitasuna da ikastaro trinkoak direla, bi egun edo hiru egun jarraian izan daitezke. Udako Ikastaroetan alde informala ere oso garrantzitsua da guretzat . Klasetik kanpo gertatzen den hori. Horregatik ikastaro guztiek aldi berean egiten dute atsedena, ondoan dauden gainerako ikasleak ere ikusteko, elkarrekin bazkaltzeko aukera ematen dugu… Alde informal hori ere oso garrantzitsua delako. Pertsonen arteko elkarrekintza hori. Nire ustez hori da Udako Ikastaroen ezaugarri nagusia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude