Idurre Eskisabel: “Euskal esparru komunikatibo batez eta hori egituratzeaz hitz egitera eraman behar gaitu gogoeta honek”

UEUk Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean “Komunikabideak eta herria: telebista publikoa irudikatuz” jardunaldia antolatu du 45. Udako Ikastaroen barruan. Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurrenera begira abiatutako prozesuaren barruan kokatzen da berau. Beatriz Akizu Aizpiri Eusko Ikaskuntzako Prospektiba, estrategia eta proiektu berrien zuzendariarekin eta Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta Eusko Ikaskuntzako Euskal Gizartea, Kultura eta Identitatea proiektuko kidearekin izan gara arratsaldeko saioaren aurretik.

IKUSI BIDEOA

IdurreetaBeatriz
Idurre Eskisabel eta Beatriz Akizu

 

Non kokatzen da jardunaldi hau?
Beatriz Akizu: Komunikabideak eta herria ikastaro hau Eusko Ikaskuntzatik UEUrekin batera garatzen ari garena kokatzen da Eusko Ikaskuntzaren proiektu nagusi baten barruan. Euskal Gizartea, Kultura eta Identitatea deitzen duguna. Eta proiektu hau, berez, beste marko orokor batean kokatzen da. Prozesu guztia Eusko Ikaskuntzak 2014an hasi zuen. Eusko Ikaskuntza 1918an jaio zen eta garai hartan eskatu zitzaion euskal gizarteak dituen premiak identifikatzea, hortik abiatuta Eusko Ikaskuntzak heldu egin zion orain dela ia 100 urte erronka horri. Berriz bere misioari helduz, herriarekin batera, gizartearekin egungo Euskal Herriko gizartearen premiak identifikatu zituen. Hortik abiatuta Identifikatu zituen Eusko Ikaskuntzak bere lan eremuak eta hor kokatzen da proiektu hau, marko ireki horretan, euskal gizartea, kultura eta identitatea ulertuz beharrezkoa dugula gizarte moduan, euskal gizarte moduan mundu global honetan gutaz hausnartzea, eta gu munduan kokatzeko zer nolako tresnak behar ditugun.

2014tik 2018ra eramango gaituen mugimendu honetan uztartzen diren hainbat lerro garatzen joango gara, honekin lotutako hainbat galderei erantzuna bilatuz, galdera berriak bilatzeko ere, eta irtenbideak proposatzeko. Lurraldetasuna edukiko dugu aztergai, euskara edukiko dugu aztergai, eredu sozioekonomikoak izango ditugu aztergai, eta 2018an, 100 urte betetzen ditugun horretan, 18. kongresua ospatuko dugu, eta kongresu horretan plazaratuko ditugu gure erantzunak, gure galdera berriak, eta gure proposamen berriak. Marko orokor horren barruan Euskal gizartea, kultura eta identitatea proiektuak identifikatu zituen lan ildo batzuk askatzen joateko gure euskal gizarteak dituen hainbat korapilo; berregituratze, birkokatze honetan aztertu beharrekoak. Bat aniztasunaren kudeaketarekin lotutakoa, bestea identitatearekin lotutakoa, testuinguru digitalak nola eragiten digun… Eta bat oso oso garrantzitsua dena hedabideekin, komunikazioarekin lotuta.

Herri baten kohesioa, herri baten imajinarioa, herri baten kokapena, ezin da ulertu gure komunikabideak eta gure tresnak nola ulertzen ditugun ez baditugu aztertzen baita ere. Gure testuinguru soziopolitikoan irekita dagoen eztabaida horretan mementoa da komunikabideen gure hausnarketa egiteko. Eta ikastaro honek hori bilatzen du. Lehenengo hazitxoa abian jartzea. Eta gaur irekita utziko ditugun hainbat haritik tiraka jarraitzeko.

Zergatik telebista publikotik abiatu?
Idurre Eskisabel: Herrigintza eta baita kultura zein nortasuna ere gure lan taldearen ildoan jorratuko bada hedabideak aztertzea ezinbesteko faktore bat da. Aspalditik. Ziur aski XIX. mendetik ari gara, baina XXI. mende honetan are eta gehiago. Kulturen eraikuntza eta iraupenean, nortasunaren eraikuntza eta iraupenean, herri komunitateen eraikuntza eta iraupenean, ezinbesteko rola jokatzen dute hedabideek. Hedabideen esparrua oso zabala da, Beak aipatzen duen ingurune digital horren haritik tiraka, gainera, gero eta zabalago, eta milenialak ez garenontzako gero eta ziurgabetasun gehiagoz betea. Iruditzen zitzaigun mementoa zela baita ere telebistaz eta zehazki telebista publikoaz gogoeta egiteko. Zergatik? Iruditzen zaigulako jendartean badagoela eztabaida hori. Esate baterako, lehenago aipatzen genuen Eusko Legebiltzarreko eztabaida horretan islatuko litzatekeena. Baina baita ere telebista publikoak, eta gure kasuan ETBk, bere sorreratik bere buruari funtzio batzuk eman dizkiolako. Eta funtzio horiek oso lotuta daudelako kulturarekin, hizkuntzarekin, nortasunarekin, herri izate horrek bere inguruan eratzen duen guztiarekin.

Telebistak eta ziur aski egundaino iritsi zaigun paradigma komunikatiboak orokorrean mundu osoan daude zalantzan, publikotasuna bera ere zalantzan dago. Publikotasuna ulertzeko modua ere badago zalantzan. Eta gero guri hemen bereizgarri batzuk erasten zaizkigu, gainera. Oraindik ere zalantzagarriagoak izateko. Orduan, uste genuen alde horretatik bazela garaia, garrantzitsua zela, interesgarria tarte bat hartzea telebista publikoaz hitz egiteko. Beatrizek esaten zuen bezala ez da bukaera bat, hasiera bat baizik. Ziur aski telebista publikoaz gaur eta hemen gogoetatzeak ekarri behar du ezinbestean mahai inguruan agertu den bezala, beste telebista batzuez, publikoez haratago doazen beste eredu batzuez pentsatzea. Ingurune digitalaz pentsatzea. Soluzioak oraingoz ez, baina galderak zabaldu.

Helburua, beraz, lehenengo pausua ematea da.
I.E: Beak aipatzen zuen haziarena eta nik uste dut hori garrantzitsua dela. Niri interesgarria iruditzen zait telebista publikoarekin abiatzea, daukan pisua eta daukan garrantzia daukalako. Eta, gainera, politika klasikoaren ikuspegitik ardatzetako bat delako. Baina ez zait iruditzen horretara mugatzen denik. Ziur aski honetaz pentsatzeak, hau eztabaidatzeak eta hortik galderak sortzeak hedabide sistema guztiaz hitz egitera eraman behar gaitu eta nik uste euskal esparru komunikatibo batez eta hori egituratzeaz hitz egitera eraman behar gaituela eta hor telebista publikoak izango du bere funtzioa, gure lurraldetasunaren barruan parte bat dena bakarrik. Gure lurraldea hori baino handiagoa baita. Eta beste gauza batzuez pentsatzera ere eraman behar gaitu. Pentsatzera eta birpentsatzera.

Gaurko saioan, oraindik erdia falta dela jakinik, zer azpimarratuko zenukete, zeintzuk dira ateratako ondorioak?
I.E: Batetik egon da oso saio polita beste toki batzuetako ereduak ikusteko. Nik uste dut inportantea dela. Batez ere oso eredu homogeneoak etortzen zaizkigunean, normalean. Hedabideetan, batez ere ikus entzunezkoetan pentsatzen dugunean, burua zuzenean Estatu Batuetara eta holakoetara joaten zaigu. Oso eredu globaletara. Ezin ditugu begi-bistatik kendu, baina gaur ekarri diren ereduak gurea bezalako herri, kultura minorizatuetakoak izan dira. Hor badaukagu zer ikasteko. Eta gero bigarren atala gehiago izan da hemen gure telebista publikoak edo EAEko telebista publikoak fikzio, entretenimendu arloan zer bide egin duen; eta herrigintzaren ikuspegitik, imajinario propioa sortzearen ikuspegitik, zer egin beharko lukeen. Egon dira ikuspegi desberdinak eta ondorioa behar baino garrantzi gutxiago ematen zaion arloa dela, ez bakarrik erreferentzialtasunak bakarrik, askotan gure burua errekonozitzeko, gure desio, espektatibak eta mundu ikuskerak moldatzeko garaian ziur aski entretenimenduarekin lotutako hori guztia funtsezko oinarrietako bat dela.

B.A: Zerbait gehiago esatekotan zein garrantzitsua den fokua bi norabidetan eramatea. Bat kanpora. Ikustea gu bezalako edo antzeko herriek zer nolako erabakiak hartzen dituzten, nolako ereduak dituzten. Asko ikasten da. Edo oso desberdinak direnek ere nola posible duten guri irakastea. Guk posible dugula hortik zerbait ikasi. Eta gero gurera begira ere. Zeren pentsatzen dugu gure inguruan dagoena oso ondo irakurrita daukagula, oso ondo ezagutzen dugulako, eta hainbat hutsune daude ikusten ez direnak, entzuten ez direnak. Eta hortaz ohartzeko fokua gurera ekarri behar dugu.

I.E: Hori ere errelatoaren parte dela eta fikzioaren parte dela. Esaten dena bezala, esaten ez dena.

B.A: Eta gure buruari ez badiogu fokua jartzen, askotan ez gara konturatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude