Urte pare bat daramatzate Tirabirak proiektuarekin Bea Narbaiza Amillategi, Libe Mimenza Castillo eta Edorta Arana Agirre UPV/EHUko ikertzaileek. Egunkarietako bineten bidez euskal gatazka birpentsatzeko aukera eskaintzen duen webdok-a da Tirabirak. Eta dokumental interaktiboen mundu horretan izandako esperientzia partekatu dute UEUren Udako Ikastaroen barruan, “Dokumental interaktibo bat sortzeko tailerra, Klynt programa erabiliz”.
Ikus-entzunezko genero berria al da dokumental interaktiboa? Nola definituko zenukete?
Edorta Arana: Dokumentalgintza beti dago kokatuta faktualak edo errealitatearekin edo gertakari fisikoekin zerikusia daukaten gauzen inguruan. Egia da dokumentala gaur egun erreala, benetakoa, gauza fisikoetan oinarritutako hori eta fikzioa oso nahasita daudela. Azken finean, beti egiten duzu gertatutakoaren gainean errekreazio bat. Hor fikzio bihurtu edo irudikatu, moldatu edo aldatu egiten duzu. Edozein kasutan fikziogintzak badu bere garapen osoa genero modura. Dokumentalgintzak eduki du bereziki harremana gaurkotasunarekin, kazetaritzarekin baina baita ere hezkuntza edo dibulgazioarekin. Eta nik uste dut bi horiei gehituz gero hirugarren bat osatu egiten dela multzoa. Jendearen parte-hartze eta ekarpenekin sortutakoa. Dokumentalgintzak hartzen du beste izaera bat.
Bea Narbaiza: Genero berri moduan onartua dago. Bere definizioa oso zaila da. Definizio ezberdinak eman dira. Interakzioak berak proposatzen dituen gauzen arabera, edo maneiatzen dituen errealitateko elementuen arabera. Esperimentaziorako bide zabal bat da. Digitalizazioak zorionez ekarri duena eta Edortak planteatzen zuenaren ildotik jendeak parte hartu dezake eta nahiko eskura dauzka elementuak. Bai fikziorako eta bai dokumentalgintza tradizionalerako bideak oso itxiak izan dira. Orain zabaldu dira, esperimentaziorako aukera dago eta gizarteko edo jendarteko arazoak, jendartearekin partekatu nahi diren gaiak zabaltzeko modua da.
Gero eta zabalduago dagoen transmediaren bidetik.
E.A: Transmediatasunaren atzetik dagoena da kontatu nahi den istorio hori nahi diren edo beharrezkoak diren edo komenigarriak diren medioen bidez garatzea eta gero jendearen artera zabaltzea. Gertakari sozial, politiko, kultural edo halakoekin antolatutako dokumentalen kasuan ikuspegi transmedia hori izatea oso baliagarria da. Normalean gertakari sozialek badaukate kalean gertatutako zerbait, jendeak etxean gordeta dauzkan argazkiak, bideo grabazio batzuk, telebistan agertutako programak, liburu baten zatia… Horrekin denarekin egiten dena da istorioa askoz ere hobeto gorpuztu.
Dokumentalgintzari bultzada eman diola uste duzue? Nolako ikusten duzue?
B.N: Nik esango nuke dokumentalgintza osasuntsu dagoela. Dokumental konbentzionala. Lineala dena. Esango nuke badauzkala bere espazioak, badituela bere esparruak. Honek zabaltzen du eta bultzatzen du? Hein batean zabaldu eta bultzatuko du, baina ez nuke esango bereziki.
Libe Mimenza: Beste eskaintza bat da. Batez ere egokitzen dena publiko ezberdin batera, kontsumo ohitura desberdin batzuetara. Azken batean, duen bereizgarri handienetako bat da istoriora sartzeko puntu ezberdinak zabaltzen dituela eta erabiltzaileari protagonismoa ematen diola, nondik nora joko duen erabakitzeko. Bada norabideratze kontrolatu bat egilearen aldetik, baina badauka erabiltzaileak askatasun bat ohiko dokumentalean ez daukana. Ez da jarrera pasibo bat. Dokumental interaktiboaren egituraren arabera, aktibotasun hori mugatuko da bakarrik aukeraketa zehatz batzuk egitera, edo osatuko da bere parte-hartze birtual eta baita fisiko batekin.
B.N: Eta sarbidea ordenagailuan izateak asko errazten du. Azken finean, ordenagailua jende askok du.
E.A: Sarean kokatutako dokumentala da, eta horrek dokumentala askatzea dakar, telebista tradizionaleko edo bestelako zirkuituetatik. Horiek oso eremu estuak dira, banaketa sistema oso itxia dauka, eta dokumentalgintza interaktiboak zabaldu egiten du hori, eta edozeinek beste edozeinen esku, banaka zein taldeka, eduki batzuk jartzeko modua dakar. Horrek erraztu egiten du ideiak izatetik, egin eta zabaldu arteko bidea. Alde horretatik ideia bat daukanak badauka hori egiteko aukera.
Ikastaroan Klynt programarekin landuko duzue. Zergatik Klynt?
L.M: Interaktibitaterako urrats horretan jokoan sartzen dira ez bakarrik dokumentalgintza egiterakoan protagonista diren komunikatzaileak edo bideo sortzaileak, editoreak eta abar. baita ere informatikarekin zerikusia duen hori. Gehien erabiltzen dena kodifikazioa da, garapen propioa. Zer gertatzen da? Oraindik diziplina arteko talde horiek ez direla ohikoak, bidea hori izan beharko litzatekeen arren. Denok elkarrekin pentsatu, garatu eta sortzea, aukera teknologikoak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, kontakizunaren, sorkuntzaren mesedetan. Oraindik ez dugu horrantz urratsik eman eta sortu dira tresna batzuk aukera ematen digutenak, garapenaz jakin gabe, kodeaz jakin gabe, interakzio eta animazio aukerak erabiltzeko. Eta horietako bat da Klynt, ez da bakarra, badaude beste batzuk, baina guk aurretik pare bat urte daramatzagu Tirabirak proiektuan lanean eta gure proiekturako aukeratu genuen tresna da hau. Badelako tresna bat aukera asko ematen dituena bideoen arteko loturak egiteko, ez hainbeste parte-hartze aktiboa gehitzeko, hori kanpoko tresna batzuen bidez bideratu behar da; baina bai horretarako. Erabiltzen ikasteko erreza da eta edizio tresna nahiko sinplea da. Hala ere, badu handicap bat, ordainpeko softwarea dela.
Amaitzeko, zein da ikastaroaren helburua?
L.M: Alde batetik, urte pare batean ikasi duguna elkarrekin komunean jarri eta horren inguruko gogoeta bat egitea, kolektiboa. Kontrastatu interesa duen jendearekin, gremioko jendearekin, eta gero guk ikasi dugun hori, ezagutza hori, transmititu eurei. Ea hemendik ateratzen garen bultzada batekin, modu honetako narrazio digitalak gehiago egiteko eta gehiago zabaltzeko; eta baita modu honetako narrazio digitalak egiteko behar den txip aldaketa barneratuta. Txip aldaketa hori bai dokumentalgintza faktualean, fikziozkoan, animaziozkoan, ikus entzunezkoetan… eta baita kazetaritzaren munduan ere. Eskura ditugun tresnak eta joerak aprobetxatu ditzagun ahal denik eta gehien, produktuak sortzeko eta gure komunikazio ekinbide hori ahalik eta arrakastatsuena izateko.
B.N: Hori da helburua. Ikusi dugu komunikazioko jendea dagoela, baina badirela beste arlo batzuetakoak ere hurbiltzen direnak. Baita pedagogiaren ikuspegitik ere. Bestelako formatu batzuk erabili nahi dituztenak. Eta hori guretzat oso interesgarria da. Helburua hori ere bazen, ikustea zein jende mota egon daitekeen horrelako gauzetan interesatuta.