Itsaso Olaizola eta Ainhoa Lasa: “Nola kudeatu motibazioa, ezagutza, erabilera osotasunean haurrek euskaraz bizitzeko hautu librea egin dezaten?”

“Hizkuntza-praktika ekologikoak haurren hezkuntzan” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk udaberriko eskaintzan. EMUNeko Ainhoa Lasa Agirre eta Ekoguneako Itsaso Olaizola Azurmendi UEUkidearen eskutik egin dute bidaia mundutik etxera. Matrikulazioa zabalik dago!

IKUSI ELKARRIZKETA OSOA BIDEO HONETAN

Itsaso Olaizola eta Ainhoa Lasa txikia
Itsaso Olaizola eta Ainhoa Lasa.

Gazte asko euskaldundu dira, baina euskaldun oso izateko eskola ez da nahikoa.
Itsaso Olaizola: Bai hori da. Azken batean haurren eta gazteen eremu hurbilean eskolaz gain, familiak, batez ere lehen urteetan, eta gero bere eremu hurbilak eragiten du. Eskola orduekin bakarrik ez da posible euskaldun osoa izatea, ez bada familian ere baduela euskaraz egiterik edo bere lagunartea, ingurunea, ere euskalduna dela. Orduan testuingurua guztien arteko harremanak eta orekak aztertzen ditugu.

Egoera horren aurrean zeintzuk dira guraso, irakasle, hezitzaileok egin beharreko galderak?
Ainhoa Lasa: Batetik ikustea zein portaera dauzkagun bai gure egunerokotasunean eta baita beraien hizkuntz heziketaren gainean. Zer da transmititzen duguna, zein jarrera eta zein irakurketa egiten dugun haur edo gazte bakoitzaren bizi mementoaz eta bere beharrez. Batzuetan perspektiba hori galdu egiten dugu eta enpatia lortzea ez da hain erreza. Orduan galdetu beharko genioke geure buruari zein den aurrean daukaguna eta nire roletik ere zer egin behar dudan. Zer dagokidan edo zertan lagundu ahal dudan. Ingurune horretan eragin dezaket? Testuingurua eraikitzen laguntzea. Baina bestetik laguntza edo akonpainamendu emozional egoki bat egiteko sano sentitu dadin, indartsu sentitu dadin. Galderak dira, zeintzuk diren bere beharrak? Nola kudeatzen ditut nik horiek? Edo nola eraiki dezakedan bere identitatean indargune bat hizkuntzari dagokionez. Hezitzaileei dagokienez, klasean zer gertatzen den. Askotan gure joera da esatea zer egin behar duten, baina zergatik egiten den ere ikusi behar. Eta ez bakarrik kanpoko faktoreak baizik eta pertsona zein den, zergatik egiten duen hori, nola erreakzionatzen duen une bakoitzean. Oinarrian hori dago. Gertatzen da irakasle zarenean talde jakin bat daukazula, guraso zarenean beste rol bat da, etortzen zaizu beste rol bat gainera. Kanpokoa gehi barrukoa. Etxe barruko harremanak, zer eraikitzen diozun aisialdian… Baina lagunek ere badaukagu zer esana, edo familiarteko beste batzuk. Uste dut gehiagotan egin beharko genizkiokeela era horretako galderak gure buruari.

Haurren hezkuntza hizkuntza praktika ekologikoak identifikatzea da ikastaroaren helburu nagusia. Hizkuntza praktika ekologikoez ari garenean zertaz ari gara? Zer da hizkuntza-ekologia?
I.O: Hizkuntza ekologiaren helburua da munduko hizkuntza guztiak garatu daitezen. Hizkuntzen garapen jasangarria. Eta gaur egun krisi linguistikoa ere badugu, beste krisien artean. Munduan hizkuntzak desagertzen ari dira. Hamabost egunetik behin da esaten den titularra. Egoera horren haurrean praktika ekologikoek galera hori oztopatu nahi dute eta tokian tokiko berezko hizkuntzak garatzeko, biziberritzeko aukerak eman. Mundu mailan eta gurean, gure lurraldean, euskaraz ere bizitzeko aukera izatea eta horretarako praktika ekologikoak, praktika onak, bultzatzea. Hezkuntza komunitatean zentratu gara. Hezkuntza komunitatea ulertuta ez dela bakarrik eskola, baizik eta familia, eskola eta eremu hurbila; eta hor elkarrekin zer egin dezakeen bakoitzak. Gure helburua argia da ikastaro honetan. Nahiko genuke gure haur eta gazteek, gure seme-alabek, gure ikasleek euskaraz bizitzeko hautua egin dezaten. Orduan ez da bakarrik ezagutza, ez da bakarrik motibazioa. Motibazioa, ezagutza, erabilera.. nola kudeatuko ditugu osotasunean, elkarrekin, aukera libre hori egin dezaten, hautu libre bat egin dezaten euskaraz ere bizitzeko. Ez da ardura txikia. Ametsetako mundua ere bada, baina, bueno, bide horretan behintzat.

Praktika horiek identifikatzeko bakoitzaren motibazio eta portaerak aztertzetik abiatuko zarete nora heltzeko? Zein helbururekin?
I.O: Uste dut aurreratu egin naizela eta azken helburua horixe da. Azkenean nahi dugu gure gazteak ere euskaldun izanda nazioarteko izatea, unibertsal izatea eta euskaraz bizitzeari zentzu bat ematea. Eta hori egiteko aukera eta gogoa zirikatzea. Gure lana, hezkuntza komunitateko helduon, gurasoon lana da jakin-min hori, gogo hori sustatzea, mugitzea eta ez da izango bide bakar bat. Egongo da hausnarketa, barne bidaia bat, emozioen bidaia bat. Zergatik, zer da niretzat euskara, bizipoza ematen dit, bizi kalitatearekin lotzen dut; eta gero gure beharrak, helduon beharrak, haurren beharrak ere ezagutu. Eta haur bakoitzaren etapan oso desberdina izango da. Gurasotasuna zein zaila den, hezkuntza zein zaila den. Ikastaro honetan saiatu gara haurraren garapen prozesua kontuan edukita -ez da berdina hiru urteko haur bat edo hamaseiko bat- zer egin dezakegun ikusten bidelagun izate horretan. Beste gaiekin egiten dugun bezala.

A.L: Guk etorkizunean esaten dugu beste plaza bat behar dugula, hiztun askeak sentitzeko. Plaza hori eraikitzeko gaur egun kudeatzen ditugu, dauzkagun aukerak beste logika batean jarri behar ditugu. Horra iritsi ahal izateko zein praktika aldatu behar dudan gaur. Nahiz eta hori identifikatzea kostatu egiten zaigun. Guk egiten dugu ahal dugun ondoen, eredu izan, baina eragilea izatea ere tokatzen zaigu. Eredu izanda bazara pixka bat eragilea, baina plaza hori sortu ahal izateko zein etxeko lan dauzkat? Gure lagun artean praktika berri batzuk eraikitzeko, hurrengoek ere naturaltasunez bizi ditzaten. Eta ni pertsona bezala non kokatzen naizen. Ez bakarrik euskaraz egitean. Zer eragiten didan, zer eskatzen diedan bestei… Aldaketa sozial bat izango bada, ez da bakarrik trebeak izatea mundu honetan, baizik mundu berri bat eraikitzeko gogoa izatea.

I.O: Bai, eraldaketa soziala eta nahi dugun gizarte eredua irudikatu. Nora joan nahi dugun eta hor hizkuntzak zein toki duen. Hor jarri eta gero egin atzerako bidaia. Horrek ere markoetatik ateratzen laguntzen du eta zerbait desberdina egin behar dugunaren sentsazioa; irakasleak, gurasoak… gai horrek kezkatzen gaituenak. Datuek beldurra ematen dute.

A.L: Etorkizuneko gurasoek ere ez daitezen egon hausnarketa berdinean. Zer aldatuko dugu hori beste fase batean sartu dadin. Sekulako erronka da.

I.O: Bai. Galdera gehiago ditugu erantzunak baino.

A.L: Identifikatzen joatea eta denok batera ikustea. Ez da bakarrik nik zein elkarrizketa dauzkadan haurrekin, nire ingurunearekin ere zein elkarrizketa dauzkadan ere bai. Bi plano horiek batera lantzeko gogo bat, hizkuntza mundu jasangarriago baten mesedetan.

I.O: Maila indibidualean guraso bezala, baina baita ere guraso batzorde bezala, edo euskara elkarte bezala auzoan, edo eskola bileretan, irakasle eta gurasoen artean, hizkuntzarekin zer? Eta hizkuntza ez bakarrik hizkuntza, baizik hizkuntza zer da, euskara zer da? Atzean dagoena. Emozioak, motibazioak…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude