Aintzane Usandizaga eta Garazi Ansa: “Sorkuntza garaikideak ez du zentzurik gizartearen egunerokotasunetik isolatzen badugu”

UEUren 45. Udako Ikastaroen barruan, Arrakala. Sorkuntza garaikidearen bitartekaritza, hedapena eta eginkizunak izeneko ikastaroa izango da Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean. Eibarren izango da, uztailaren 11an. Doan izango da, baina izena ematea beharrezkoa da. Aintzane Usandizaga Lopez eta Garazi Ansa Arbelaitz dira ikastaroko arduradunak.

IKUSI BIDEOA

garazi AnsaTxikia

Sormen garaikidearen eta herritarren artean urruntasuna bistaratzen dela diozue. Zertan nabari da urruntasun hori?
Egun gizarteak, orokorrean, sormen garaikidearekiko duen gutxiespen eta ia gaitzespen jarreretan antzematen dugu gehienbat urruntasun egoera hau. Eta egun diogu, deskonexio hau ez delako historikoki egoera iraunkor bat izan. Ez dugu atzera asko jo beharrik, geure testuinguruan bertan, artearen eta gizartearen artean egondako lotura estuak gogoratzeko. Esaterako 70ko hamarkadan, Nestor Basterretxea bezalako figurei esker, gizarte mugimenduak eta artea guztiz bat eginik egon ziren. Gaur, ordea, halako egoera bat imajinatzea ere kosta egiten da. Sorkuntza garaikidea, gure egunerokotasunetik kanpo, paraleloki ematen dela dirudi. Gizarte talde mugatu eta jakin batek produzitutakoan bilakatu dela, beste talde txiki zehatz bati zuzendua. Honela, talde horietakoren baten partaide ez direnek sorkuntza garaikidea, eremu itxitzat jotzen dute; beraiekin zer ikusirik ez duten espazio edo guneak direla sentituz.

Baina irudi orokortu honek ez du zer ikusirik arte garaikidearen inguruan lan egiten duen gehiengoarekin, ez artisten egoera prekarioarekin ez eta ekimenak antolatzen dituztenen asmoekin ere. Arteak, sorkuntza garaikideak ez du zentzurik gizartearen egunerokotasunetik isolatzen badugu.

Zeintzuk dira horren atzean dauden arrazoiak?
Arrazoiak asko izan daitezke, eta ezberdinak. Hain zuzen ere, ikastaro honen helburuetako bat hauek identifikatzean datza. Dena den, gure ustez badira zenbait harreman hau nabarmenki artesitzerakoan, arrakalatzerakoan, erabakigarriak izan direnak.

Batetik arte garaikidearen inguruan proiektatzen den irudia. Alegia, elitista eta merkatu ekonomikoari, salerosketa legeei lotua egotearena, baita berri sentsazionalistei ere, zenbaitetan. Hau ordea, izebergaren punta besterik ez da, guztia kontuan hartuz gero eremurik txikiena, baina zoritxarrez begien bistan dagoen bakarra. Honen aurrean, gainera, sarri erakunde eta instituzio politikoek ere ez dute gehiegi laguntzen. Sormen garaikidearen inguruko jarduerak kuantitatiboki baloratzen dituzte gehiegitan -ikusle kopurua, diru sarrerak…-, kalitatea eta aspektu kualitatiboak kontuan hartu gabe. Izan ere, bilatzen dena ikusgarritasuna eta monumentaltasuna izaten baita askotan, kalitate eskas eta kostu ikaragarriko ekintzak lehenetsiz. Honelako gertakariek, bi ondorio zuzen dituzte: elitismo ekonomikoaren mitoa zabaltzea, eta gizartea sumintzea.

Bestetik, gizarte kapitalista baten parte garenez, artearen aurrean dugun jarrera, kontsumo bizkorrekoa izan ohi da. Hau da, eskaintzen zaiguna behatzen dugu, segundo batez, begirada bakarrez, eta lehenengo inpresioan gustatzen ez bazaigu, baztertu egiten dugu. Artea entretenimendu atsegin, azkar eta “polit” gisa ulertzen dugulako gertatzen da hau; ez gaudelako prest ezeroso ipiniko gaituena, konplexua dena, prozesatzea behar duena jasotzeko.

Ikastaroan batez ere hiru eremu landuko dituzue. Zeintzuk dira eremu horiek? Zergatik horiek?
Hain zuzen ere, urrunketa sortzen duten arrazoi ezberdinen inguruan gogoeta egiten genbiltzala erabaki genuen ikastaroa hiru eremu nagusitan lantzea, eremu bakoitza arrazoi baten inguruan garatuz: hezkuntza, hedapena eta artearen eginkizunak .

Aipaturiko hauek artearekiko dugun pertzepzioa zein harremana eraldatzen hasteko eremu gakoak direlakoan gaude. Aurretik aipaturiko jarreran aldaketak emango badira, eta ez soilik modu azalekoan, harreman honen egitura bera baldintzatu, kuestionatu beharra dago; gabeziak topatu eta hauen aurreko konponbide posibleen inguruan eztabaidatu. Eta honen oinarrian egon behar luke arte-hezkuntzaren inguruan ditugun perspektiba eta gabeziak landu eta hobetzea, artearekiko harreman natural eta kritiko bat garatuko bada; baita arte zein kultura garaikidearen inguruan egiten den hedapen mota eta bideen eta hauen eraginkortasuna; eta, azkenik arteak gizartean izan ditzakeen eta dituen funtzio eta eginkizunen inguruko gogoeta plazaratzea ere bai. 

Hizlariak ere hainbat arlotakoak izango dira. Elkarlanari eman diozue garrantzia
Bai. Honen arrazoiak batez ere bi izan dira. Batetik, sorkuntza garaikideaz hitz egiten denean, badirudi arte plastiko edo bisualen inguruan soilik ari garela, eta ikuspuntu mugatu eta isolatzaile honekin apurtzea zen gure helburuetariko bat. Alegia, sorkuntza garaikidea ez dela erraz klasifikatu daitekeen jardun batzuk soilik biltzen dituen eremua; transbertsala eta anitza dela, bai arte adierazpen ezberdinen baitan bai eta beste jakintza alorrekiko harremanean ere; eta lengoaia anitzen presentzia bermatzea ezinbestekoa iruditu zaigu honetarako.

Bestetik, eta jakintzen izaera transbertsalari loturik, argi dugu artera oso modu eta ikuspuntu ezberdinetatik hurbildu daitekeela. Hori dela eta, proposatu ditugun hiru eremu horietan, begirada, modu, metodologia, asmo… anitzak bildu nahi izan ditugu; sorkuntzak eskaini ditzakeen aukera zabalak aurkezteko asmoarekin, baina baita ikastaroan zehar sor daitezkeen eztabaida, elkarrizketa, hausnarketak, ideia-trukaketak ere aberasgarriagoak izan daitezen.

Zer lortu nahiko zenukete ikastaro honekin?
Arte garaikidea eta gizartea bereizten dituen arrakala horren arrazoiak identifikatzea litzateke helburu nagusia; eta hori eginik, berriz ere, bien arteko harremana bermatzeko jorratu beharreko pausuen inguruko hausnarketa eta elkarrizketak bideratzea. Horretarako, guretzat guztiz garrantzitsua litzateke interes eta inguru ezberdinetako jendea hurreratzea eta biltzea, guztion artean elkarrizketa kritikoak sortzeko; ez baitago modu edo ikuspuntu bakar bat halako jakintza eta kontzeptuak barneratzeko, ezta hauen inguruan eztabaidatzeko ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude