Miren Harizmendi González: “Ekintzen erantzukizunek aurrera egiten laguntzen digute, baina erruduntasunak ez digu uzten aurrera egiten”

Miren Harizmendi1Zu irabazle, ni irabazle. Gatazkak ikasgai bihurtuz” ikastaroa abian jarri da gaur goizean Iruñeko Jaso Ikastolan UEUko udako ikastaroen 42. edizioaren barnean. Miren Harizmendi González, soziologian lizentziatua, terapeuta gestalt eta transpertsonala, da ikastaroko irakaslea da. Berekin hitz egin dugu eta ikastaroaren nondik norakoak kontatu dizkigu.

Ikusi Miren Harizmendiren bideoa

Zein da ikastaroaren helburua? Gatazketatik poliki-poliki atera ahal izateko eta hauen ebazpenerako bideak aurkitzen saiatzea da ikastaroaren helburu nagusia.

Nola definituko zenuke gatazka bat? Zer motatako gatazkak identifikatu dituzu? Pertsona ezberdinen interes edo gogo ezberdinen arteko talka da gatazka. Mota askotako gatazkak daude: bi pertsonen artekoak, familia artekoak, lagunen artekoak, lan mundukoak, politika mailakoak eta taldeen artekoak, besteak beste.

Gatazka baten aurrean zein jarrera hartzea gomendatzen duzu? Lehenik eta behin gatazka ikasketa moduan hartzea gomendatzen dut. Askotan ez gara ohartzen gatazka batean sartuta gaudela eta ohartzen bagara ere, batzuetan ez diogu jaramonik egiten. Izan ere, aurreiritzi batzuetatik abiatzeko joera izaten dugu eta aurreiritzi horiek nahiko automatizatuak izaten ditugu. Hori dela eta, erreza dugu puntu batean posizionatzea eta hortik ez mugitzea. Suposatutzat hartzen dugu pentsatzen duguna eta sentitzen duguna horrela izan behar dela eta arrazoia dugula. Askotan ez dugu gatazkaren inguruko hausnarketarik egiten. Beraz, nik gomendatuko nuke gatazkak ikasketa moduan hartzea, bakoitzak bere buruari galdetuz ea zer den egoera horretatik ikasi dezaketeena.

Gatazka batean gaudela blokeatzen bagara, zer egin dezakegu? Hori da hain zuzen ere ikastaroan landuko dugun gai nagusia. Azken finean, gure burua egoera zehatz batean ikusten ez badugu, blokeatzea erraza da. Bakoitzak bere bidea bilatu behar du; agian niretzat baliagarria dena zuretzat ez eta zuk behar duzuna beste batek ez du behar. Badira proposamen edo aukera orokor batzuk, baina beti bakoitza norberaren esperientziatik abiatu behar da. Alde batetik, beharrezkoa da autoestimua edukitzea. Beste zenbait ataletan bezala, gatazken kontuan autoestimua garrantzitsua da gure buruari balioa ematen diogulako eta horrela errrezagoa zaigulako egoerari aurre egitea. Bestetik, askotan gatazka batean gaudenean eta gure buruarekiko gatazka ez denean, erreza da besteari errua botatzea. Orduan, erruak enkistatzeko joera izaten du, iraganari begira geratzen baikara blokeatuta eta aurrera egitea kostatzen zaigu. Beraz, garrantzitsua da errua eta erantzukizunaren artean bereizketa bat egiten jakitea. Izan ere, ekintzen erantzukizunek aurrera egiten laguntzen gaituzte, gure akatsetatik ikasten baitugu baina erruduntasunak iraganari eusten dio eta ez digu uzten aurrera egiten. Horietaz gain, beste zenbait irizpide kontuan hartu behar ditugu gatazka batean blokeatuta geratzen bagara, hala nola, bestearekiko enpatia, bestea entzuteko prest egotea, barne hausnarketa (zer suposatzen dit egoera horrek, zer pentsatzen dut horren inguruan, nola jokatzen ari naizen konturatzea gero aldatu ahal izateko) komunikazioa, errespetua, bestearekiko begirunea, kontsiderazioa…

Eta zer saihestu behar da gatazka batean? Nik uste dut errespetu falta dela gatazka batean saihestu behar den gauza nagusiena, bai besteekiko eta bai gure buruarekiko. Horrez gain, nik uste dut baliagarriagoa dela gauden puntutik abiatzea, nahiz eta gustuko ez izan. Hau da, blokeo egoera horretatik abiatu behar gara gatazkari aurre egiteko.

Nori zuzenduta dago ikastaroa? Ikasteko prest dagoen edozeini, ez dago arau edo baldintza berezirik ikastaroa egiteko. Azken finean, gatazketatik ikasteko prest dagoen edozeini zuzenduta dago.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude