Anartz Ormazabal Ugalde: “Eibar hartu dugu adibide paradigmatiko moduan”


Anartz OrmazaOndare industriala eta parte-hartzea: eredu zaharrak, paradigma berriak UEUren udako ikastaroan topatu dugu Anartz Ormazabal UEUko Arkitektura Sailburu eta arkitektoa. Hiru egunetako ikastaro honetan, eraikin zaharrak eta industrialak berrerabiltzeko aukerak aztertzen ari dira, partehartzea ardatz duten proposamenekin. Hainbat hitzaldi eta praktiken artean Anartzekin hitz egin dugu ikastaroari buruzko xehetasun gehiago jakiteko.

Ikusi Anartzen bideoa

Nondik sortu zen ondare industrialei zentzu berri bat ematearen ideia lantzen duen ikastaro hau? Arkitekturako sailetik , ikastaroei begira zer eskaini genezakeen pentsatzen hasi ginen, apur bat ikusiz zer zegoen pil pilean eta konturatu ginen hustutako eraikinak berrerabiltzeko hainbat ekimen eta proiektu sortzen ari zirela. Eta hauekin lotuta, parte hartzearen kontzeptua ere sartu genezakeela pentsatu genuen.

Atzoko saioan herri desberdinetako esperientziak jaso dituzue, ezta? Ekimen ezberdinetako bizipenak kontatu ziren, baina egia da, ekimen ezberdin horiek herri ezberdineko plataformak izan zirela. Eibarreko adibidea, Urretxuko Irimoren parte hartze eta berrerabiltze prozesua, Gernikako Astra fabrikaren adibidea …

Herri denetan dagoen arazoa da, ondare industrial hutsena? Adibide garbirik bada? Eibar hartu dugu adibide paradigmatiko moduan. Ikastaroa hemen zela jakinda, Nerea Mendikute San Miguelek eta Madalen Gonzalez Bereziartuak lehen hitzaldia eman zuten Eibarri buruz, testuinguru moduko bat egiteko, sarrera bat. Gaian sartzeko erabili genuen eta Eibar hiria kasu praktiko baten aplikatuta erabiliko dugu. Eibar izango dugu eredu.

Paradigma berrien bila etorri zarete. Topatu duzue bateren bat? Herri ezberdinetako adibideak aztertzen jardun genuen atzo. Bide berriak jorratuz, zein paradigma berri topatu daitezkeen pentsatuz eta uste dugu, parte hartze prozesuen bitartez lortu daitekeela paradigma berrietara heltzea. Atzo eztabaidatzen jardun genuen, arratsaldeko mahai inguruan, eta gaur praktiken bidez egun hauetan ikusi dugun guztia jarriko dugu martxan eta ikusiko dugu zein paradigma berrietara heldu gaitezkeen. Hots, ikasitakoa aplikatuko dugu paradigma berrietara iristeko.

Ondare industrial zaharkitua etxebizitza bihur daitezke? Gai hau mahai gainean jartzen den momentuan, eraikin zahar hauei, funtziorik ez daukaten eraikin hauei, funtzio berriak ematea da helburua eta horien artean, zergatik ez, etxebizitzarena dago. Baina, erakin hauek badituzte bere baldintza eta ezaugarri bereziak eta ondo aztertu beharko litzateke zeinek merezi duen eta zeinek ez. Moduak aztertu beharko lirateke, baina aukera egon, badago.

Teoria eta praktika elkartu dituzue ikastaroan, ezta? Hiru eguneko ikastaroa da. Lehenengo eguna apur bat teorikoagoa izan zen, maila teorikoan hausnartzeko, eztabaidatzeko eta adibide ezberdinak ikusteko eguna izan zen. Datozen bi egunak praktikoagoak izango dira. Formatua guztiz ezberdina da, atzoko formatua hitzaldi eta jardunaldi formatua zuen eta gaurkoak, berriz, tailer praktiko baten formatua du. Jendeak kasu praktiko batean lan egingo du, eta talde txiki ezberdinetan banatuta egingo dute lan. Jendeak parte hartuko du, modu aktiboan eta testuinguru jakinen barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude