Ibon Salaberria: “Industrialak izanda ere, eraikin hauek badute ondare izaera, beti ere, berrerabiltzen badira”

UEUko udako ikastaroak Eibarrera itzuli dira aste honetan eta Ondare industriala eta parte-hartzea: eredu zaharrak, paradigma berriak, izan da astelehena ireki duen ikastaroetako bat. Bertan eraikin zaharrei beste bizi bat emateko modua azaltzen ari dira, ondare bilakatzeko eta beste erabilpen bat emateko, gizartearen beharrei egokituz. Hau azaltzera etorri denetako bat Ibon Salaberria San Vicente arkitektoa izan da, IRIMO, parte hartze prozesua: eremu industrial “zaharkitu” batentzako aukerak izenburupeko hitzaldiarekin.

Ikusi Ibonen bideoa

Ibon Salaberria1Zein izan da zure hitzaldiaren muina? Batez ere, Urretxuko hiri zonaldean egin den eremu industrial baten inguruko parte hartzearen inguruan aritu naiz. Etorkizunean zein eraldaketa mota egin daitekeen ikusteko; hau da, betiko plangintzetatik aldenduta, herriko hainbat eragile elkartuta eta lan ildo batzuk jarrita egin daitezkeen aldaketak. Izan ere, pixka bat industrialak izan da ere, guk aipatzen genuen, eraikin hauek badutela ondare izaera, beti ere, berrerabiltzen badira, eta ez baldin badira izoztuta edo irudi bat bezala gelditzen.

Zein erabilera emango zenioke ondare zaharkitu bati? Edozein. Inertziaz beti produkzioa herrietatik desplazatzen da eta azken urteetan ikusi den bezala ez da ona herriarentzako; eredua Eibar da. Bere industria edo produkzioa herritik kanpora bidali du, eta horrek desegituraketak ekartzen ditu. Modu honetan, gizarte jakintzak ez dira pasatzen batetik bestera eta leku nahiko espezializatuak bihurtzen dira, Nerea Mendikute eta Madalen Gonzalezek azaldu duten bezala ikastaroa ireki duten hitzaldian. Hau kontuan hartuta eta honen kontra joanda, herrian egin daitekeen produkzio motak aztertu beharko lirateke, herriko beste eremuekin lotzeko, baita errezidentziaekin ere.

Zergatik uste duzu ez direla berrerabiltzen eraikinak, baina bai, berriak egin? Errazagoa da plangintza bat egitean ezer ez dagoela pentsatzea, edo behintzat honela pentsatu izan da azkeneko urteetako plangintzetan. Zerbait berria egin behar bada, aurretik ezer ez dagoela pentsatu eta azkenean ekonomikoki oso produktiboak diren proiektuak egiten dira. Lehen ekonomikoki produktiboagoa zelako, etxebizitzak egiten ziren; baina gaur egun ez. Horregatik, garai apropos batean gaude birpentsatzeko nola aktibatu eraikin zahar horiek, baina ez kulturarako bakarrik, beste funtzio batzuetarako ere bai.

IRIMO parte hartze prozesua, zer da? Irimoren helburua Urretxuko zonalde bateko transformazio graduala bultzatzea da. Urretxuko udalak gauza bat planteatzen zuen eta beste batzuk beste bat baina, batak zein besteak oso modu monofuntzionalean antolatzen zuten eremua: edo etxebizitzak edo industria. Beraz, transformazio gradual bat planteatzen den prozesu bat defendatzen genuen. Honelako eremu batetik abiatuta, erabilera asko nahastuta izango dituena; produkzioa, etxebizitzak, eta abar… leku urbano bat bihurtu daitekeela azalduz, guztiz herriari lotuta dagoena.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude