Irati Iciar (UEUko Udako Ikastaroen arduraduna): “Aurten 100 matrikula gehiago lortu ditugu, sekulako arrakasta eduki dute”

40 urte pasatu dira Udako Ikastaroak sortu zirenetik. 40 urte arloak jorratzen, 40 urte zientziak aztertzen, 40 urte Euskal Unibertsitatea eraikitzen. Donibane Lohitzunen antolatu ziren lehenengo Udako Ikastaroak 1973an. Aurtengoa urteurren gazi-gozoa izan arren, sekulako arrakasta eduki dute ikastaroek. Guztiak amaitzear dauden honetan, errepasoa egiteko ordua iritsi da. Irati Iciar ikastaroen arduradunarekin konpartitu dugu balorazio unea.

Eskaintza zabala izan duzue aurten Udako Ikastaroetan, ezta?

Bai. Erronka jarri genion geure buruari aurtengorako: 40 ikastaro eskaintzea. Alde batetik, zenbaki biribila da, eta bestetik, gure urteurrenerako sinbolikoa ere bai. Erronka handia zen guretzat, azken urteotan 35 ikastaro inguru eskaini ditugu eta. Baina erronka, lortuta!

Antolakuntzaren ardura sail desberdinek hartzen dute?

Auzolana sustatu nahi izaten dugu antolakuntzan. Horregatik, antolatzaileak UEUkideak eta UEUko sailak dira: Historia, Informatika, Natura Zientziak, Filosofia, Soziologia eta Kimika sailak. Bestetik, UEUren inguruko elkarte eta erakundeak ere aritu dira antolakuntzan: EIZIE, Joxemi Zumalabe, Garabide… Azkenik UEUrekin lan egiten duten formazioko profesionalak ere egon dira lanean. Horrela lortzen da eskaintzen dugun eskaintza anitza sortzea eta UEUko ia jakintza arlo guztiak lantzea. Eskaintzen diren ikastaroak espezializatuak, dibulgaziozkoak eta garapen pertsonalekoak dira, eta horregatik eskatzen dute arlo desberdinen inplikazioa.

Nondik nora ibili zarete ikastaroetan?

Ekainaren 26an hasi ziren 2012ko Udako Ikastaroak eta uztailaren 18an amaitu dira. Eibarren egin ditugu bi aste, Markeskoa Jauretxean, UEUren ikastetxe nagusian. Baionan ere izan gara IUT fakultatean, Baionako Unibertsitatean, 3. urtez. Azkenik, Iruñean amaitu dira ikastaroak. Bigarren urtez, Jaso ikastolan antolatu dira ikastaroak. Benetan eskerrak eman nahi dizkiegu bai Baionako IUT fakultateko eta Jaso ikastolako arduradunei beraien eskuzabaltasunagatik eta laguntzagatik.

Ikastaroen ze balorazio egin duzue?

Oraindik goizegi da datu estatistiko eta ekonomikoak ateratzeko, baina orokorrean balorazioa oso positiboa da. Aurten %31 igo dira Udako Ikastaroen matrikulak, sekulako arrakasta eduki dute. Guztira 31 ikastaro eman dira eta denetara 413 matrikula egon dira, iaz baino 100 gehiago. Guztira 520 partaide aritu dira aurtengo ikastaroetan, itzela da hori. Irailerako egingo da balorazio zehatza, baina orokorrean markatutako helburu akademiko eta ekonomikoak lortu direla esan daiteke. Jendearekin hitz egin dugunean oso sentsazio positiboa geratu zaigu, bai ikasleekin, baita irakasleekin ere. Balorazioa pertsonala da momentuz, datu zehatzetan oinarrituta gabea, baina primerakoa izango dela aurreikusten dugu. Esan bezala, sekulako arrakasta!

40. urteurrena ospatu duzue aurten. Ospakizunak egin dituzue?

Baionan egin genuen ospakizun jaia uztailaren 5ean. Bertan izan ziren Jean Haritschelhar, Eneko Bidegain, Asisko Urmeneta, UEUren sortzaileak, antolatzaileak, kazetariak, eta beste hainbat eta hainbat gonbidatu berezi. Baina Udako Ikastaroez gain urte osoan ere egin dugu urteurren kanpaina UEUren errekonozimendua lantzeko. UEUk euskal gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatu, erakutsi eta islatu nahi izan da aurten. Horretarako hainbat ekimen berezi jarri ditugu abian: bizipenen bloga, opari bonoak, etab.

Ez da zuentzako momenturik onena, ezta?

Ospakizun gazi-gozoa izan da aurtengoa, bai. UEU momentu delikatuak bizitzen ari da, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza nominala galdu du aurten. Alde ekonomikotik, beraz, neurri gogorrak hartu behar izan dira, jendea kaleratua izan da eta beste guztiok lanaldi murriztuan gaude.

Jendeak horren aurrean erantzuten du?

Aurten bereziki nabaritu da UEUri laguntzeko gogoa, jasotako babesa, ikastaroak proposatzeko garaian, musutruk eskainitako ikastaroak asko… Ikastaroetako kafe garaian adibidez, jende ugari hurbildu da idazkaritzara edo guregana UEUri buruz galdetzera edo urtea nola joan den jakin nahian. Horrelako galdera hurbilak izan ditugu, benetan eskertzen direnak.

Irailean bueltatuko zarete kurtso berriarekin?

Bai, eta beti bezala ilusioz, anbizioz eta lanerako gogo handiz. 40 urte pasatu dira eta beste hainbeste bete nahiko genituzke gutxienez. Lanean jarraituko dugu, beti, Euskal Unibertsitatearen alde.

 

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude