Lurretik saskira, saskitik sukaldera

Agroekologia nekazal laborantza iraunkorra bermatzen dituen printzipio askoren bateraketa da. Hori da hain zuzen, UEUk antolatu duen “Elikadura burujabetza eta Agroekologia” ikastaroan landu duten gaia. Patxi Gaztelumendi, agroekologia.org taldeko kidea, ikastaroari hasiera eta bukaera ematen arduratu den irakaslea da. Bere ustez, “ elikadura burujabetzak kezka sortu du jendearen artean, elikadura gure eskubidea izateaz gain, kalitatea, osasuna… kezka iturri dira”. Horren isla izan da ikastaro honekiko parte hartzea. Jende askok galdetu du, arduratu da eta izena eman du.

Ikasle gehienak nekazal eremutik kanpo etorritakoak izan dira. Beraz, ikastaroan hurbilpen bat egin dute laborantzara, ekoizpen eremura. Lehengo egunean, Paul Nicholson, Vía Campesinaeta EHNK sindikatuko kidea, eta Peter Rosset, “Acción Sobre la Tierra” Ikerketa Sareko koordinatzailea eta Vía Campesinako kidea, nekazaritza eta globalizazioa gaiaz aritu ziren. Gainera, munduko elikadura eta burujabetzeren aldeko borroka eta agroekologia Euskal Herrian izan zuten aztergai. Izan ere, Rosset-en esanetan, “Via Campesina elkartean aurrera eramaten dugun agroekologia eta beste tokietan praktikatzen den agroekologiaren arteko ezberdintasunak landu ditugu klasean”. Bigarrenean,Mixel Berhokoirigoin, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako zuzendariak, etaIker Elosegi, koordinatzaile nagusiak, “Nekazaritza iraunkorraren oinarriak” gai landu zuten. Horrez gain, Loreen metodologia eta Euskal Herriko ekoizpen eta kontsumoa eredu iraunkorrak aztertu zuten. Arratsaldean, Patxi Gaztelumendi irakaslearekin joan ziren ikasleak Itsasura. Bertan, etxaldeetako bisita eta laborariekin solasaldia izan zuten. “Laborariek, gure baserritarrek jakinduria aberatsa dute, kultura, jakintza, ezagupenak, esamoldeak, lan tresnak… eta hori Euskal Herrian altxor izugarria da”, adierazi du Gaztelumendik. Irteeran, baserritar eta nekazariek bultzatutako prozesuak ikusi eta pentsamendua beraiengandik jaso zuten ikasleek.Munduan, baserritar jakinduria hori egungo teknikekin uztartzen ari da agroekologia, eta pentsamendua eta jakintza lantzen diren esparruetan prozesu hauek sartu behar ditugu” gaineratu du irakasleak.

Hirugarrenean eta azkenean, Arantza Arrien, Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko (EHNE) kidearekin bildu dira ikasleak “campesina a campesinametodologia aztertzeko. Ondoren, ikastaroari bukaera emateko, mahai inguru bat antolatu dute ikasle eta irakasleen artean. Irakasleen aldetik,Jacoba Recondo, elikadura burujabetzan aditua, Efren Areskurrinaga, “La liberación agrícola y el aumento de la inseguridad alimentaria”liburuko egilea,Unai Aranguren eta Iker Elosegi, EHNEko kideak, etaImanol Esnaola, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategikoidazkaria, egon dira.

Unibertsitatea, nekazal eskolak, ikerketa zentroak eta estadistika nekazaritza iraunkorraren zerbitzura jartzea da gure helburua”, gaineratu du Patxi Gaztelumendik.

Bihar etziko Euskal Herrian, nekazaritza iraunkorra estrategikotzat jotzen badugu, horren inguruko ikasketak, formakuntza, ikerketak beharko ditugu. Oinarria jartzen ari gara. Eztabaida horretatik proiektuak abiatzeko, herri mailan zein nazio mailan. Nazioartean oso adibide egokiak ditugu alde horretatik, eta hoiek ezagutuko ditugu, sortzaile eta garatzaileen eskutik. Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sorrera eta garapena, adibide oso ona da alde horretatik, zazpi urte dira sortu zutela, eta esperientzia horretatik, Euskal Herriko nekazaritza iraunkorrak asko ikasi du, baina gehiago da oraindik egiteko duguna”, laburbildu du Gaztelumendik.

Agroekologiari lotutako formazio eskaintza egitea dute helburu. Laborari eta baserritarrak, herri mugimenduetako jendea, herri erakundeetako arduradun instituzionalak eta unibertsitatearekin elkarlanean. Horretarako, prozesu berriak abiatu behar dira, parte hartzaileak, berritzaileak eta Euskal Herri osoarentzat.

Gaia unibertsitatera ekartzea zen lehen helburua. Hori lortu dugu. Gaiari heldu eta landu behar dugu orain, eta horretarako UEU gune ezin aproposagoa da. Elikadura burujabetza berez prozesu bat da, agroekologia tresna. UEU ere, tresna bat da euskal unibertsitatearen helburuan, horregatik prozesuak oso garrantzitsuak dira. “Baionako ikastaroa, oinarri horren lehen harria da, eta lurra lantzea dagokigu orain, etorkizunean fruitu onak eman ditzan”, dio ikastaroaren arduradunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude