Peter Rosset, agroekologian aditua: “Euskal Herrian ezagutza agroekologikoa oraindik mantentzen da”.

Peter Rosset doktoreak ikerlari lanetan dihardu Mexikoko Landa Eremuen Eraldaketarako Ikasketen Zentroan eta “Acción Sobre la Tierra” Ikerketa Sareko koordinatzailea da. Irakasle gisa lan egin du Amerikako zenbait unibertsitateetan eta 80ko hamarkadan nekazaritza iraunkorra sustatzeko proiektuetan aritu zen Zentro Amerikan. Gaur egun, elikagaien garapenaren eta landa guneen eskubideen babeslea da, baita agroekologoa ere. Horrez gain, Vía Campesina erakundeko partaidea ere bada.

Agroekologian aditua den hau, UEUk Baionan antolatutako “Elikadura burujabetza eta Agroekologia” ikastaroan parte hartu du. Ikastaroa gaur hasi eta ostiralean bukatuko da.

Via Campesina 69 herrialdeetako 148 erakunde koordinatzen dituen nazioarteko mugimendua da. Familiarteko nekazaritza babestea eta bultzatzea du helburu. Agroekologian aditua eta erakunde honen kidetzat dugu zure burua. Zein da zure betebeharra erakundearen barruan eta zein da agroekologiak betetzen duen papera Via Campesina elkartearen barruan?

Via Campesina taldearen barnean, agroekologia arloan laguntza eskaintzen duen teknikaria naiz. Erakunde honentzat oso garrantzitsua da, elikadura burujabetzaren sorkuntzan, nekazaritza laborantza iraunkorra izatea. Aldi berean, egun gailentzen den eredu teknologikoa erabiltzen badugu, inolaz ere ez dugu elikaduran subiranotasuna lortuko.

Agroekologia arlo ezezaguna zaigu gure gizartean. Nola definituko zenuke? Gainontzeko nekazaritza motekin konparatuz, zertan desberdintzen da?

Agroekologia, nekazal laborantza iraunkorra bermatzen dituen printzipio askoren bateraketa da. Via Campesina elkarteak defenditzen dituen printzipio agroekologikoen artean honako hauek aurkitzen dira: landako ekoizpena, gizakien erabilera eta garapenerako eskura dagoen guztia barnekoa da ez kanpokoa. Berezko baliabideak dituzte oinarri, biodibertsitatea, lurzoruko materia organikoa, eta abar. Nekazaritza agroekologiakoa izateari utziko dio, gizakien erabilera eta garapenerako eskura dituzten baliabide guztiak monolaborantza kimikoan edota monolaborantza organikoan oinarrituz gero.

Nekazaritza mota hau sustatu nahian edota ezagutzera eman nahian UEUk “Elikadura burujabetza eta Agroekologia” ikastaroa antolatu du. Zer transmititu nahi duzu ikastaro honekin?

Agroekologia oinarri izanik, Via Campesina elkarteko kideek aurrera eramaten dituzten ekimenak elikadura burujabetza lortzeko. Aldi berean, Via campesina elkartean aurrera eramaten dugun agroekologia eta beste tokietan praktikatzen den agroekologiaren arteko ezberdintasunak landu ditugu klasean. Besteak beste, GKE-ak, industria organikoak eta gobernu neoriberalak.

Zer ekarpen egin diezaioke agroekologiak Europako nekazaritzari? Laborantza sistema gisa ezar daitekela uste duzu? Eta Euskal Herrian?

Nire ustez Europako nekazaritza sistema tradizionalak agroekologia du oinarri. Mendeetan zehar praktikatu izan den sistema da baina azken aldiko nekazaritza industrialak eta salerosketako-agrologiak gauzak aldatu ditu. Hala ere, Europak errekuperatu eta birbaloratu egin nahi du lehen erabiltzen ziren nekazaritza sistema agroekologikoak. Euskal Herrian, berriz, oraindik mantentzen da nekazaritza sistema hau.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude