Elena Garcia:“Ikastaro arrakastatsua da Euskal Herrian itzultzaile ugari eta hizkuntzekiko sentsibilizazio handia dagoelako”

 

Elena Garcia Berasategi, “Ordenagailuz lagundutako
itzulpena MS Word gabe” UEUko ikastaroaren arduraduna da. Garcia Berasategi
ELEKA Ingeniaritza linguistikoa enpresako teknikaria eta
hizkuntza-teknologietan aditua da. Ikastaroan, Wordfast Pro, Anaphraseus eta
Omega T itzulpen tresnak lantzen ditu. Hala ere, ikastaroak piztu duen interes
handia dela-eta, talde berri batekin bigarren ikastaro bat sortu da uztailaren
15erako, non oraindik ere izen-ematea zabalik dagoen.

<img src="%3Ca%20href="IMG_5327“>

UEUko udako ikastaroetan “Ordenagailuz lagundutako
itzulpena MS Word gabe
” ikastaroa landu duzu. Zeintzuk izan dira kurtso
honetako ideia aipagarrienak edota bete dituzun helburuak?

Gehienbat, Microsoft (MS) Word-etik kanpo funtzionatzen
duten Wordfast Pro, Anaphraseus eta Omega T tresnen aurkezpen orokorra egin
dut. Orain arte Word-en erabiltzen ziren tresnekin lan egin izan da, baina
tresna horiek ez dute MS Word-en beharrik. Gehienbat horien erabilera eta
eskaintzaren informazioa zabaldu dut.

Wordfast Pro, Anaphraseus eta OmegaT itzulpenerako
tresnak software librearen barnekoak dira, ezta? Zer goraipatuko zenuke
software librearen inguruan?

Anaphraseus eta Omega T software libreak dira, baina
Wordfast Pro, ordainpekoa. Nik esango nuke, azken aldian joera nabarmena
martxan jarri dela software librearen alde egiteko eta, zentzu horretan,
ordenagailuek lantzen dituzten tresnak ere ezin dira atzean geratu. Baliteke
oraindik ere ordainpeko tresnek funtzionalitate handiagoa eskaintzea, baina
software librearen munduan jende ugari ari da lanean funtzio berdintsuak
kalitate onean eskaintzeko.

Zergatik zuzentzaile batek dauka beste aplikazio baten
beharra?

Gaur egun itzultzaileek ezin dute lanik egin teknologiak
eskaintzen dizkien laguntza horiek gabe. Bai Word-en gainean edo Word-etik
aparte, ordenagailuek eskainitako itzulpen tresnak oso baliagarriak direla
iruditzen zait. Baina zergatik? Ba, tresna horiek itzultzaileen lana kudeatzen
dutelako. Hau da, itzultzaile batek esaldi bat itzultzerakoan, tresna horiek
ordura arte egindako lana itzulpen memoria batean gordetzen dute, eta antzeko
esaldi bat berriz ere itzuli behar duenean, tresnak berak aurreko batean
egindako erabilera gogoratu egingo dio. Beraz, tresna automatiko hauek gure
lana errazteaz arduratzen dira, lehendik itzulita daukaguna memorizatzen, gure
lanaren ardura nagusia itzulpen berriak bakarrik izan daitezen.

Zeintzuk dira Trados itzultzailearen eta zuk landutako
itzultzaileen arteko aldea? Ikastaroko tresnen arteko alderik badago?

Orokorrean Trados-en mailako edo pareko programa Wordfast
izango litzateke. Hasiera batean, bi horiek MS Word-en barruan txertatzen ziren
eta, urteak pasa ahala, Word-ekiko dagoen mendekotasunarekin bukatzekotan,
bertsio berriak eratu ziren. Beraz, gaur egun Trados Word-etik kanpoko programa
bat da eta Wordfastek mantendu egiten du Word-en gaineko bertsioa, Wordfast
Classic izenekoa. Baina, horretaz gain, aparteko programa den Wordfast Pro
programa eratu du. Azken batean, horien funtzioak oso antzekoak dira.

Sarean gauzak metatzeari dagokionez aldea badago, itzulpen
memoriak partekatzerako orduan. Lantzen ari garen tresna hauen bidez, metaketa
lanak egiterakoan, ezaugarriak oso antzekoak dira. Sarean lan egiteko
momentuan, aldiz, ordainpekoek funtzio hori garatuago dute, sarean gauzak
partekatzearen funtzioa, hain zuzen.

Itzultzaileei begirako hainbat aplikazio egonda, horrek
ez du zuzentzaileen lana trabatzen, hau da, menpekotasunik sortzen?

Egia esan ez nator horrekin bat eta oso kritikoa naiz, hau
da, ikastaroan azaltzen ditugun programa horiek ez dute itzulpen automatikorik
egiten. Hiru tresna hauek itzultzaile automatikoak integra ditzakete, baina
beraien eginkizun nagusia pertsona batek itzulitako esaldi horiek gordetzea da.
Beraz, sormena pertsonen esku geratzen da.

Ikastaro arrakastatsua izango dela aipatu beharra dago,
izan ere, bigarren talde bat osatu behar izan da. Zein uste duzu dela arrakasta
honen zergatia?

Nik baietz esango nuke, Euskal Herrian itzultzaile ugari
dagoelako eta hizkuntzekiko sentsibilizazioa ere nabaria baita. Kontuan
hartzekoa da udan denbora libre gehiago daukagula eta jende askok trebakuntzan
xahutzen duela. Beraz, jendea prest eta interesaturik badago, aukera polita da
oso modu kontzentratuan, ikuspegi orokor bat hartu eta zer gauza berri dauden
ikusteko. Bukatzeko, aipagarria da UEUk urtero egiten duen esfortzu hau,
gehienbat, jendeak eskertu egiten duelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude