Amaia zubiria: “Ez dago ahots onik ez eta ahots txarrik”

Ahotsa altxor bat dela uste du Amaia Zubiriak. Eta egunotan UEUko Udako Ikastaroen baitan ahotsa erabiltzen eta espresioa lantzen aritu da ikasleekin ‘Kantua aitzakia: espresio tailerra’ ikastaroan.

–    ‘Kantua aitzakia’ izenburua ipini diozu ikastaroari. Kantatzeko aitzakiarik behar da ala?
Ez, ez, lana egiteko behar da aitzakia, eta orduan, lan egiteko kantua hartu dugu aitzakia gisa. Hortik dator izenburua. Baina kantatzeko ez da aitzakiarik behar!

–    Zer lantzen duzue ikastaro honetan?
Espresioa osotasunean. Arnasa, diafragma, malgutasuna, bai ahotsarena eta baita gorputzarena ere. Nik bat bezala ulertzen ditut horiek. Teoria apur bat lantzen dugu, batik bat galderak sortzen direlako ariketak egiten ari garen bitartean, baina gehienbat praktikoa da.

–    Kantua ahotsa baino gehiago da?
Ez, nik, hain zuzen ere, alderantziz esango nuke. Alegia, ahotsa kantua baino gehiago dela. Ahotsak gauza askotarako balio digu. Ahotsa altxorra da eta altxor horrekin nahi izanez gero kantatu egin dezakegu, maitatu, eskatu, eman, liluratu, bortxatu baita ere… Denerako balio du ahotsak.

–    Kantatzeko ahots ona izatea garrantzitsua da?
Ez dago ahots onik edo ahots txarrik, baizik eta, ahotsak daude. Gaur goizean ahots mota bat gustatuko zaizu, eta arratsaldean, agian, beste ahots bat duzu gustuko. Oso subjektiboa da. Komunikatzeko ahalmena aldiz, bestelakoa da. Hori ez du edozeinek egiten, lan handia eskatzen duen zerbait baita, eta berezkoa ere behar du izan neurri batean.

–    Komunikatzeko ahalmena, beraz, ezin da ikasi?
Ikasi ahal da, bertsolaritza ikasi badaiteke, komunikatzen baita ere!

–    Belarririk gabe ahotsa zertarako?
Bai, egia da kantua eta belarria oso oso batuak daudela, uztartuak beharko luketela. Beti ez daude batera, baina hori ere ikasi daiteke. Egia da denbora asko behar duela, behin adin batetara heldu ostean bizio guztiak hartuak ditugulako. Baina badira metodo batzuk oso espezializatuak eta oso garestiak entzumena hobetzen laguntzen dutenak. Bada jende asko ahots ikaragarria dutenak baina notaren bat edo beste gaizki entzuten dituztenak. Eta noski, gaizki entzuten badu, gaizki emango du nota hori. Bakarlari batentzat, adibidez, oso garrantzitsua da notak ondo ematea.

–    Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Tira, hona denetarik etortzen da. Gehienak irakasleak ohi dira, edo baita, antzerkian aritzen direnak ere. Orokorrean, euren espresioa kontutan hartzen duten jendeari datorkio ongi ikastaroa. Behin edo behin funtzionarioren bat edo enpresa bateko zuzendariren bat etorri izan da, eta inork baino behar handiagoa zuten. Espresatzen jakitea oso garrantzitsua baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude