50 urteak ospatu ditugu, harro baina ez konforme

UEUren mende erdiko ibilbidea ospatu dugu Bilboko Kafe Antzokian bazkide, unibertsitate, erakunde publiko, euskalgintza eta kulturgintzako komunitateaz inguratuta. Egindako ibilbideaz harro, urteurren honek elkarlanean ametsak gauzatzen jarraitzeko indarra eman digu. Gure bideaz harro gauden arren, ez gara konformatzen: amets berriak betetzen jarraitu nahi dugu. Baina, horretarako, aitortza eta baliabideak behar ditugula aldarrikatu dugu.

Erlojuan 18.00ak direnean, magia Kafe Antzokiko sabaitik: airean dantzan, Dimegaz elkartearen eskutik.

Txalo zaparradaren ostean oholtzara igo dira Kepa Sarasola UEUko zuzendaria eta Ane Sarasua UEUko Idazkari Nagusia. Ane Sarasuak hartu du hitza: “Egun garrantzitsua da gaurkoa eta oso pozik gaude urteurren biribil hau zuekin batera ospatuko dugulako”. Kepa Sarasolak bere aldetik gaineratu du: “Gure ibilbideaz harro gaude. Bost hamarkadetan zehar UEU euskara unibertsitatean modu naturalean erabiltzeko akuilu izan da, euskara teknikoa finkatzeko agentea eta euskarazko etengabeko formazioan erreferentzia. Baina ez gara konformatzen; ametsak gauzatzen eta erronka berriei ekiten jarraituko dugu, elkarlanean”.

Jokin Bildarratz EAEko Hezkuntza sailburuak eskerrak eman dizkio UEUri “euskaraz aritzeko kultura eta ohitura zabaltzeagatik. Irakaskuntzak, ikerketak eta euskarak bide luzea egin dute eta egingo dute UEUren eskutik. UEU erreferente bat da”.

Ane Sarasuak eta Kepa Sarasolak sailburuaren hitzak eskertu eta UEUren komunitatea osatzen duten guztiak omendu nahi izan dituzte: “ezin zaituztegu guztiok oholtzara ekarri, baina har ezazue egin dugun bideo hau zuentzako omenaldi moduan”.

Txalo artean eskerrak eman dizkie Sarasuak “katebegiak izan diren eta izaten ari diren guztiei“, eta ondoren, ekitaldiko hizlari gonbidatua deitu du taulara: Joseba Sarrionandia Uribelarrea.

Joseba Sarrionandiak unibertsitatea leku elitista izan dela aipatu du: “Emakumeak noiz heldu dira unibertsitatera? Langileak? Euskaldunak?“. Gure gizartea konplexua dela esan du eta unibertsitateek dagoenarekin ez konformatzeko alter egoak behar dituztela: “Lan intelektualean, formakuntzan, arazo sozialak konpontzen jardun behar du unibertsitateak, modu kolaboratiboan. Alter egoak behar ditugu erreala denarekin ez konformatzeko… eta nire ustez, UEUk lagundu dezake alter ego horiek sortzen”.

UEU baina, pertsonek egiten dute eta “UEU maite dugunok” batu ditu oholtzan Pilar Kaltzadak. Hiru belaunaldi desberdinetako UEUkideak: Arturo Elosegi, Rakel Gamito eta Maite Luengo.

Arturo Elosegik 1987an ezagutu zuen UEU eta txundituta geratu zela aipatu du: “Han ez zegoen mugarik, ez Ipar eta Hego Euskal Herrikorik, ez irakasle eta ikasle artekorik“. Rakel Gamitok UEUn beste lan egiteko modu bat aurkitu zuela dio: “Gauzak egiteko beste modu bat eskaintzen du, malgutasunez, freskotasunez…  baina ez edozein modutara, baizik eta kalitatez“. Maite Luengok berriz: “Ikertzaile gazte askorentzat, UEUk lehen esperientziak ekarri ditu: kongresuak, lehen argitalpenak…”. Etorkizunari begira, orain arte bezala konplizitateak bilatzen jarraitzea, pertsonak erdigunean jartzea eta gazteei aukera berriak ematea eskatu die UEUri. Pilarren hitzek amaitu dute solasaldia: “ezinezko posibleen historia da UEU“.

Ospakizunean, UEUk Hiru Damatxo eta BIRA produkzioarekin batera egindako spot berria ere aurkeztu dugu.

Dantzarekin hasi da ekitaldia eta musikarekin amaitu. Ane Sarasuak eszenatokira gonbidatu ditu Xabier Amuriza eta UEUko Musika saileko Nerea Zuloaga, Ainhoa Markinez eta Jose Ramon Arbe.  Ekitaldia Xabier Amuriza bertsolariak idatzi eta Oskorrik musikatutako “Euskal Unibertsitatea”ren koplak abestuz bukatu da.

Arnasa hartu beharra dugu eta ireki atea
Arrainak ura eta euskarak bere unibertsitatea.

Aspertu gara beti ibiltzen suge narrastien gisan
Hegada jaso eta nahi dugu arrano libreak izan.

Zimendu zaharrak baditu baina teilatua falta zaio
Euskara ez zen mendi artean galdurik hiltzeko jaio.

Hirietako lainoa beltza mendian zuri elurra
Etorkizunak eskatzen digu harrapatzeko gailurra.

Pausorik pauso bagoaz geure unibertsitateraino
Eskupekorik ez dugu behar berez zor zaiguna baino

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude