Biarritzen eman zaie hasiera UEUren 50. Udako Ikastaroei

Ipar Euskal Herrian sortu ziren UEUren Udako Ikastaroak duela 50 urte, eta mende erdiko bidea ospatzeko, Biarritzeko Mediatekan elkartu gara larunbatean UEU osatzen duten kide lagun eta bidelagunak.

Biarritzen eman zaie hasiera Udako Ikastaroen 50. edizioari “50 urte UEUgintzan” jardunaldiarekin. Ane Sarasua idazkari nagusiak eta Kepa Sarasola zuzendariak hartu dute hitza eta ongi etorria eman ostean Jose Ramon Etxebarriak “Katedralaren eraikuntza-2” hitzaldia eman du. UEUren 50 urte hauek bere esperientziatik zer izan diren azaldu du, UEUk eman dizkion aukerez hitz egin du eta baita aurrera begira “gure izaera propioko katedrala eraikitzen jarraitzeko” dugun aukeraz.

Bideo-omenaldi batean errepasatu dira erakundearen 50 urteak eta UEUren zuzendariak omendu dituzte UEU osatzen duten 1.400 bazkideen ordezkari lez. Zuzendarientzat Antton Olariagak sortu du 50 (L) oroigarria. Olariagak lotura estua izan du UEUrekin, eta 25. urteurreneko oroigarria ere berak sortua izan zen. Artistak ezin izan du Biarritzera hurreratu baina oroigarriari buruzko berak idatzitako hitzak irakurri ditu Ane Sarasuak:

50 (L)

labe, Labegerie-Laboa-Lertxundi-Lete, labirinto, laborantza, laborategi, labur, lagun, laiko, laktosa, lamote, landare, lankidetza, lanpostu, laño, lapitz, larrualdi, laser, latitude, latxa, laurden, learn, lege, leize, lekuko, lema, lengoaia, lepidoptero, lerro, letra, lexiko, libera, liburu, linea, lirika, litio, litro, lizar, logaritmo, logika, lokarri, lore, lorratz, lotura, luma, lurralde, luze, luzoker, lagin.

ELEDUNAK

Organikoa-bizia-sendomalgua-enbortua-adarberritua-lurrartua-landua-zaindua-bihotza enborraren erdian sakondua.

50(L) loratuak.

 

Olariagaren hitzak entzun ostean deitu dira oholtzara omenduak; UEUko zuzendariak: Manex Goihenetxe (1973-1976), Martin Orbe (1976-1983), Baleren Bakaikoa (1983-1987), Inaki Irazabalbeitia (1987-1991), Kepa Altonaga (1992-1996), Mikel Aizpuru (1996-2000), Xabier Isasi (2000-2004), Aitzpea Leizaola (2004-2005), Lore Erriondo (2005-2010), Karmele Artetxe (2010-2014), Iñaki Alegria (2014-2018) eta Kepa Sarasola. Manex Goihenetxe ez dago gure artean eta bere izenean hartu du oroigarria Manex Goihenetxe Kultur Etxeko ordezkariak, Xixili Caillaudek. Mikel Aizpuru ere ezin izan da bertaratu eta bere izenean batu du oroigarria Gidor Bilbaok.

 

Oroigarrien ondoren, Udako Ikastaroen 50. edizioko lehenengo jardunaldiari eman zaio hasiera. UEUren oztopo, indargune… eta etorkizuneko erronkei buruz aritu dira Pauline Guelle zuzendaritzako kidea eta Xabier Isasi zuzendari ohia. Idoia Torregarai, UEUko Komunikazio arduraduna izan dute gidari.

Solasaldiaren ondoren Amets Arzallus eta Alaia Martin izan dira bertsotan eta ondoren Ane Sarasuak agurra eman dio saioari: “aukera guztien aurka, batzuetan baldintza oso zailetan, 50 urte hauetan egin duguna ikaragarria izan da. Egunerokotasunaren zurrunbilotik aldentzea eta gure buruak omentzea, aitortzea eta hurrengo 50 urteetan izan nahi duguna eta egin nahi duguna amestea merezi dugu: #ospatUEU, #aitortUEU, #amestUEU #praktikatUEU“.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude