“Euskal emakume artisten lana ikusaraztearen beharraz jabetu gara proiektua martxan jartzerakoan”

Maite Luengo eta Marina Arranz daude Emartistak proiektuaren atzean. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) eta UEUk humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko eta euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena bultzatzeko asmoz egindako ikerketa deialdia irabazi zuen proposamenetako bat da Emartistak: “Wikipedian euskal emakumezko artisten presentziaren analisia eta ikusgarritasun interbentzioa”.

Zein da Emartistak-en helburua?

Dakizuenez, genero-desparekotasun handia dago Wikipediako artikuluetan eta gauza bera gertatzen da euskal artisten biografietan ere. Egoera horri aurre egiteko proposatu genuen Emartistak proiektua, emakume artista aipagarrien inguruko artikuluak aztertu eta aberasteko nahiak bultzatuta, haien lana aldarrikatu eta ikusarazteko helburuarekin. Horretarako Wikimediak ahalbidetzen dituen aukerak baliatzen ditugu, euskarazko jakintza librea sustatzeko aukerarekin batera, historia garaikidea osatzeko era berritua eskaintzen digutelako. Gauzak horrela, ahalik eta pertsona gehienentzat baliagarria izan daitekeen edukia bultzatu nahi dugu; modu eskuragarrian ikastetxe, unibertsitate eta, orokorrean, Wikimedia erabiltzen duten euskaldunentzako.

Gaur egungo sorkuntzan espezializatutako artearen historialariak izanik, azken 20 urteotan (2000-2020) Euskal Herrian aritu diren sortzaileengan jarri dugu bereziki arreta. Egitasmoaren baitan adin desberdinetako autoreak hartzen baditugu ere, artista gazteengan enfasi berezia jarri nahi izan dugu. Urtero, arte-profesional ugarik bukatzen dituzte ikasketak EHUko Arte Ederren fakultatean, gehiengoa emakume gisa identifikatzen direnak. Euskal artista aipagarri asko aurki ditzakegu azken boladan, baina horietako asko badirudi alde batera utzi direla Wikipedian. Beraz, artista horien inguruko informazioa zein artelan esanguratsuen irudiak ez daude guztiontzat irisgarria den nonbaiten bilduta. Argazkiei buruz ari garela, bide batez, Emartistak-en baitan duten garrantzia nabarmendu nahi dugu, autoreen lana barreiatzeko behar-beharrezkoak direla uste baitugu. Izan ere, artelanen inguruko idatzizko informazioa lortu arren, gehienetan, irudirik egon ezean, zaila da sorkuntza artistikoa bere osotasunean ezagutzea.

Zerekin topo egin duzue Wikimedian?

Emartistak ekimena hasi aurretik, ez genuen Wikimedia sakonki ezagutzen eta sorpresa atsegina izan da hainbeste aukera daudela ikustea. Era berean, proiektua prestatzen ari ginela, genero-desparekotasunaren inguruko ekimen interesgarriekin ere egin dugu topo. Nazioarteko mailan aspalditik aritu dira lanean berdintasunaren alde, Women in Red bezalako proiektuekin. Eta euskal testuinguruan ere horren adibide aparta dugu, WikiEmakumeok. Era kolektiboan, arlo anitzetako emakumeak Wikipediara eramaten ari dira, historiari ekarpen handia eginez.

Euskal Herriko artisten inguruko zerrendak eta kategoriak aztertzean, aldiz, topatutakoak ez gintuen bereziki harritu. Emakume sortzaileen inguruko artikulu gutxiago daude, eta daudenak, salbuespenak salbuespen, eskasagoak dira eta irudi gutxiago dituzte. Dena dela, salbuespenak oso interesgarriak iruditu zaizkigu. Bitxikeria moduan: alde batetik, biografietan argazkiak egotekotan, hauek autorearen irudiak izan ohi dira, eta ez beraien lanenak. Bestalde, bi arte moten kategorian, performancean eta ilustrazioan, emakumezko sortzaileak dira gehiengoak. Azterketa horren emaitzak Uztaro aldizkarirako prestatzen ari garen artikuluan landuko ditugu sakonago.

Artelanetan jarri duzue fokua, irudietan. Hor dago hutsunerik handiena?

Ukaezina da irudiek erabilgarritasun handia dutela testuen bidez adierazitakoa aberastu eta osatzeko. Askoz erakargarriagoak dira irudiekin lagundutako hitzak, eta, gainera, lagungarriak dira informazioa modu eskuragarriagoan helarazteko. Are gehiago arteari edota artistei buruzko artikuluetan. Baina, kasu horietan, artelan zehatzei buruzko erreferentziak edo deskribapenak askotan aurki ditzakegun arren, ez da pentsatu genezakeena bezain arrunta artelanen irudiekin topatzea. Gainera, egotekotan, artisten erretratuak dira daudenak, ez ordea haien artelanenak. Beraz, biografien inguruan lan egiteaz gain, euskal artisten lana ikusaraztearen beharraz jabetu gara proiektua martxan jartzerakoan, eta hemen jarri dugu arreta berezia, bai.

Euskal emakume artisten kasuan, esaterako, %60ak ez du bere buruaren irudirik bere biografian eta %80ak ez dute bere artelanen irudirik. Datu horiek ikusita, argi dago hutsune handia dagoela eta, beraz, euskal emakume artisten inguruko informazioa aberastu nahi badugu, irudiak ere aintzat hartzea funtsezkoa da. Hala ere, hutsune hori, nolabait, normala dela esan genezake, ezin baita edozein irudi erabili Wikipediako artikuluetan. Wikipedia ezagutzen baduzue, jakingo duzue irudiak baliatzeko hauek libreak izan behar direla; edo, bestela, erabiltzeko baimena eskuratu behar dela. Izan ere, irudien egile-eskubideak kontuan hartu beharreko baldintza dira Wikipedian irudiak gehitzeko. Beraz, erronka horri aurre egiten ari gara, irudi horien eskuragarritasuna handitzeko asmoz.

Proiektua aurrera eramateko laguntza ere eskatu duzue…

Bai, iazko udazkenean, UEUk Euskal Wikipediako Kultura Elkartearen laguntzarekin batera antolatutako deialdiaren berri izan genuen. Humanitate digitalen euskarazko ikerketa sutatzen du aipatutako deialdiak. Gainera, oinarrietan argi adierazita zegoen emakumeen ikusgarritasunaren inguruko lanen bat bultzatzeko grina. Guk arte garaikidea era berri batean historizatu nahi genuen, aurretik bezala emakume artistak sistematikoki kanpoan utzi beharrean, hauek gaurko historian aurrena txertatuz eta jendarteratuz. Hortaz, deialdia irakurri genuenean, buruan genuen ideiarekin bat zetorrela ikusi eta aukera ederra zela iruditu zitzaigun.

Diru-laguntzaz gain, gure proiektua gorpuzten lagundu digute zenbaitek, Wikimedia zein arte mundutik, eta horiei ere gure esker onak eman nahi dizkiegu. Besteak beste, Galder Gonzalez wikilari eta dibulgatzailea aipatu beharra dugu; berak azaldu baitzizkigun sareko jakintza librean jarduteko trikimailu batzuk. Gainera, hastapen garaian, Mia Coll kultura kudeaketan adituak aholku praktikoak eman zizkigun artisten informazio bilketa prozesuari buruz; berak Uharte Zentroko Topategian buru-belarri aritu zeneko esperientzia gogoan baitzuen. Azkenik, behin proiektua martxan, EHUko Arte Ederretako Natxo Rodriguez irakasle eta artistarekin jarri ginen harremanetan; eta berari esker, artisten artean azaleratu ohi diren interes eta kezkak argitu zizkigun. Oso pozik gaude proiektua babestu eta gauzatzen lagundu gaituztenekin, eta bereziki artistekin, haien lanak gizartearekin partekatzeko prest egoteagatik.

Webgunean ere laguntzeko, parte hartzeko deia egin duzue. Zein funtzio du webguneak? Zer bilduko da bertan?

Martxoaren hasieran aurkeztu genuen Emartistak webgunea eta jada bisitagarri dago. Interesa izanez gero, webguneari begirada bat ematera animatzen zaituztegu, ekimenaren inguruko informazio eguneratua aurki dezakezue bertan.

Webgunea, nagusiki, Emartistak proiektua eta Wikimedia osatu eta aberasteko oinarri bezala ulertu behar da. Alde batetik, ekimenaren nondik norakoen berri era zuzenean eman ahal izateko sortu genuen. Bestetik, webguneak euskal artistek gauzatutako artelanen gordailu bezala ere funtzionatzen du. Aipatu bezala, artelanak gure ekimenaren ardatz nagusietako bat dira; eta, horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun irudiak espazio bakar batean biltzea. Orrialde horrek artelanen irudien bidalketa, bilketa eta antolaketa erraztu eta azkartzen dizkigu hein handi batean. Era berean, artistaren batek proiektuan parte hartu nahi badu, webgunean aurki daitekeen formulario baten bidez Emartistak aberasteko ekarpenak egin ditzake. Ekarpen horiek, ondoren, gure gordailura gehitu eta Wikimedian txertatuko ditugu, proiektua pixkanaka osatuz.

Gainera, proiektua aurkeztu eta jendarteratzeko sare sozialak ere erabiltzen ari gara, @emartistak izenarekin: bai Instagramen, bertan artista gehienak daudelako, eta bai Twitteren, geroz eta aktiboagoa den euskal komunitatea dagoelako. Kuxkuxeatu nahi baduzue, guztiz ongi etorriak zarete!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude