Anjeles Iztueta: “UEUkideen sarea beti izan dut oso presente nire ibilbide profesional edo politikoan”

UEUren talde eragilean izango da hemendik aurrera Anjeles Iztueta Azkue. Matematikaria da Iztueta eta unibertsitatean ( EHU- Sarriko, Donostiako Elizaren Magisteritza Eskolan, Deustu-ESTE, UNED), Emakunde-n zein Eustat-en egin du lan. Beti ere ikerketa eta estatistika-matematikoaren arloan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua ere izan zen Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela.

Zein harreman izan duzu UEUrekin?

70ko hamarkadan UEUk Larraonan (Iruñean) antolatu zuen lehen hamabostaldian parte hartu nuen, Matematika Sailean. Garai hartan Valladoliden nintzen matematika ikasle.

Gerora ere urtero parte hartzen nuen Larraonan. Sarrikon irakasle nintzela matematika euskaraz emateko lehen saiakera egin genuen 1977an. UEUko Matematika Saila izan zen gure lan taldea eta matematika hiztegia ere elkarrekin landu genuen, UEUren babesean.

Larraonan landutako UEUkideen sarea beti izan dut oso presente nire ibilbide profesional edo politikoan.

Talde eragileko kide moduan, zein ekarpen egin dezakezula uste duzu?

Nire esperientzia ekarri dezaket eta, batez ere, nire gogoa eta ilusioa. Betidanik sentitu izan naiz UEUkide.

Etorkizunera begira zure ustez zeintzuk dira UEUren erronkak?

Unibertsitate mailako ikasketak, on-line eta euskaraz sustatzea Euskal Herriko Unibertsitate Sisteman; euskal Currikulumaren gaiak sustatzea Euskal Herriko beste erakunde eta eragileekin elkarlanean; euskaraz eginiko kalitatezko Ikerketak mundu zabalean txertatzea; eta Euskal Herriko euskal komunitatea indartu eta saretzea; horretarako elkarlana eta harremanak egiteko guneak sortuz eta indartuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude