Nora Igartua: “Orain Ingumak elikatzen gaitu gu”

Ingumaren hasiera hartan, Oraindik mugikorrik ez zegoen garaian, eskuz, analogikoki datu-basea elikatzeko ardura izan zuen Nora Igartua Ugarte historialariak.

 

Nolako esperientzia izan zen Ingumakoa?

UEUko lantaldean sartu nintzen 2000. urtearen hasieran, Inguma datu-basea elikatzeko betekizunarekin. Neguko autobuseko Gasteiz-Bilbo-Gasteiz joan-etorri hotzak atsegingarri egiteko Interneterako sarbidea zuten sakelakorik ez zegoen eskuragarri. Horren ordez, liburuak, egunkariak eta gustuko nituen beste irakur materialak izan nituen bidelagun Bizkaialdera abiatzen nintzen bakoitzean. Eta halakoak ziren baita ere Ingumaren sabela betetzeko baliabide materialak. UEUko 70eko hamarkadan zehar eginiko dokumentu eta argitaratutako liburu zein aldizkariak bilatu, sailkatu eta horietatik datu-basea hornitzeko beharrezkoak ziren datu guztiak hustu behar izan genituen; eskuz, analogikoki, materialak banan-banan aztertzeak, irakurtzeak, sorrarazten zidan gozamenarekin. Ingumaren hasiera apal honetan, lekutzen dut nire ekarpena. Datu-basearen biziraupenerako jaki akademiko nahikoa jasoko ote zuen kezka maiz izan nuen; baina hogei urteren ostean, argiki ikus daiteke tresna digital sendo bat bilakatu dela. Gure gupidarik ez du behar Ingumak. Bera da, orain, gu elikatzen gaituena.

Zure ustez zein ekarpen egiten du Ingumak? Zer nabarmenduko zenuke?

Ingumaren ideiaren sortzaileen alde, datu base honek bete beharreko helburuak erabateko gaurkotasuna dutela esan beharra daukat. Ingumaren funtsek sendo diraute. Gehiago dauden arren, hiru aipatuko ditut. Euskal komunitate zientifikoaren euskarazko produkzioa ezagutarazteko ezinbesteko tresna da. Corpus zabal bat eskaintzen du. Baina Ingumaren ekarpena ez da hedapenaren arlora mugatzen bakarrik. Egileek eta bere produkzioek osatzen duten komunitate akademikoak zentzu dinamikoago bat eskuratzen du Ingumari esker, elkar ezagutu eta harremanetan jartzeko aukera ematen baitu. Komunitate zientifikoa trinkotzea ahalbidetzen duela uste dut. Eta hirugarrenez, Ingumak eskaini egiten du bertan aurkitzen diren baliabideen arteko errelato historiko bat; euskarazko produkzioaren historia bera osatzen duten noiz, nor, zer eta non galderei erantzuten dioten datu interesgarriak eskaintzen dituelako.

Etorkizunera begira nola ikusten duzu?

Big Dataren arloan murgiltzen diren baliabide elektronikoak, datu baseekin gertatzen den legez, behin-behineko gai bihurtzen ari dira eguneroko jardueretan. Datuak eguneratzen eta gehitzen dituen datu-base bat izanik, gainera, Ingumaren biziraupenak zentsu osoa eskuratzen du. Berez, halako tresna digitalen izateko arrazoia, Interneten erabilera dinamikoarekin lotura zuzena dutelako dela pentsatzen dut. Gaur egun, ez dago Interneten eraldatzen, hazten edota informazioa etengabe partekatzen ez duen elementurik. Horretaz, Inguma ondo kokatzen da premia eta erabilera digitalen lehentasunen artean: bere corpusa zabaltzen eta sendotzen ari da etengabe. Etorkizunera begira, beste komunitate zientifikoen datu baseen nazioarteko sareren bat sortzerik balego, interesgarria litzateke Ingumak ere horretan parte hartzea. Erronka polita litzateke, euskal komunitate zientifikoaren hedapenerako, egitura akademiko inklusibo orokor baten Ingumak ere bere tokia izatea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude