Xabier Isasi: “Neurri batean esan daiteke Ingumak sortu duela euskal komunitate zientifikoa”

Orain 20 urte, Inguma sortu zenean, Xabier Isasi Balantzategi zen UEUko zuzendaria. Inguma “proiektu berri freskagarria” izan zen beretzat eta gaur ere harrotasunez ikusten du.

Nola gogoratzen duzu Ingumaren hasiera?

Zuzendaritza garaian (2000-2004) gauza asko hasi ziren: XXI mendea, pezetari agur!, euroari ongi etorria (€)!, Bilboko bulego berria (egoitza soziala), Eibarko egoitza akademikoa (Markeskoa)… eta INGUMA! UEUko bi sail indartsuen ekarpena izan zen Inguma, Historia (Pruden Gartzia) eta Informatika (Iñaki Alegria). Proiektua aurkeztu zigutenetik, dudarik ez genuen izan UEUk Inguma bultzatu behar zuela. Memoriak kale egiten ez badit, Europako mugaz gaindiko Interreg programan aurkeztu genuen, baina ez genuen “babesle” egokirik aurkitu; eta ez ziguten diru laguntzarik eman. Urte haietan Bizkaiko Foru Aldundian sortu berria zen Euskara Zerbitzuak (Gotzon Lobera) diru zuzkidura garrantzitsu esleitu zion UEUri. Bertan aurkeztu genuen Inguma eta oso jarrera ona eta abegikorra aurkitu genuen.

Zuzendari moduan zer suposatu zuen?

Hainbeste putzutan sartu nintzen… Inguma proiektu berri freskagarria izan zela niretzat. Lan talde indartsua zegoen, jende jantzia eta gaztea. Zoragarria!

Zergatik eta zertarako da garrantzitsua Inguma?

Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basea Inguma izenordez ezagutzen dugu gaur; baina orduan ez genekien euskal komunitate zientifikoa existitzen zenik ere! Neurri batean esan daiteke UEUk sortu duela komunitate hori. Horregatik sortu genuen Inguma. Orain badakigu euskaldunen komunitate zientifikoa nolakoa den, zenbat garen, zertan dihardugun, nola hazten den…

Garrantzia? Kontuan hartu, orain, Inguma datu-baseak euskaldunen komunitate zientifikoko nortasun agiri antzeko zerbait ematen duela. Inguman ez dagoenak ez dauka komunitate zientifikoaren aitortzarik. Datu-basearen erabileraren ikuspegitik, beste aldetik, zenbakiak ikustea besterik ez dago, Inguma saihestezineko erreferentzia da unibertsitatean, ikerkuntzan, administrazioetan, hedabideetan…

Etorkizunera begira zein da erronka?

Hazteaz eta gehiago zabaltzeaz harago, hedapenean ikusten dut erronkarik nagusiena. Datu-base bizia izan behar du Ingumak, teknologia berriekin garatu eta hobetu, bai, baina batez ere, euskal komunitate zientifikoa ezagutarazi eta kohesionatuko duena. Hezkuntzan gehiago erabili beharko litzateke, bigarren hezkuntzatik unibertsitateraino, ikasleek zein irakasleek. Ingumak, ustiatzeko datu-basea izan behar du.

Egia esan, sinesgaitza iruditzen zait Inguma; baliabide gutxiekin horren produktu txukuna lortzea… Zenbat lan eta ilusio! Nik harrotasunez ikusten dut. Itzela iruditzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude