Ingumaren 20 urteurren honetan erabiltzaileen iritzia ere jaso nahi izan dugu. Liburuzaina da Oskia Agirre, EHU/UPVn. Deustuko Unibertsitatean ere izan zen hainbat urtez (1997-2010). Ikertzailea ere bada. EHUko Gizarte-Komunikazioko Doktorego programan tesia egiten dabil.
Liburuzain moduan, zergatik da garrantzitsua Inguma bezalako proiektu bat?
Euskal komunitatearen masa kritikoa txikia da eta komunikazio zientifikoaren sisteman periferian kokatzen da. Testuinguru honetan Inguma bezalako tresna batek komunitate osoaren eskura jartzen du euskaraz sortutako goi mailako produkzio akademiko guztia eta euskal adituen berri ere ematen du. Informazio puntu bateratua da.
Inguman biltzen diren edukiek hainbat erabilera izan ditzakete, ez bakarrik unibertsitatearen munduan, baita hezkuntzaren maila ezberdinetan zein dibulgazioaren alorrean ere. Eskuragarritasunaren ikuspegitik badu egun garrantzizkoa den ezaugarri bat. Lanen berri emateaz gain, materialak sarean lortu daitezkeen kasuetan, esteka bertan eskaintzen da. Egungo gizartean bereziki garrantzizkoa da edukiak ahalik eta errazen topatzeko eta eskuratzeko bideak izatea, horretara ohituta baikaude.
Zertarako erabili izan duzu zuk, adibidez? Zein izan da zure esperientzia?
Bi erabilera nagusi eman izan dizkiot Ingumari: bata liburuzain moduan eta bestea ikertzaile gisa.
Hasiera batean ikasleei gomendatzen nien baliabidea zen. Liburutegian eskaintzen diren formakuntza saioetan, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleek asko estimatzen dute euskarazko edukiak lortzeko bide bateratu bat izatea. Beren lanetarako eta ikasketetarako euskarazko materialak lortzeko zailtasunak dituzte. Lanak euskaraz egin ahal izateko beste hizkuntzetara jo behar dutela eta itzulpenak egiteari denbora eta energia dezente eskaini behar izaten diotela askotan entzun izan dut. Eduki guztiak bateratuta dituzunean, erabilgarri dituzun edukiak topatzea errazagoa da, eta gabeziak eta hutsuneak identifikatzea ere bai. Beren hizkuntzan erabilgarri dagoena erraz topatzeko aukera izatea asko eskertzen dute ikasleek.
Ikerketarako izan dezakeen erabileraz, berriz, beranduago jabetu nintzen. Orain urte batzuk tesia egiten hasi nintzenean eta gaia erabakitzeko lanetan ari nintzela, Karmele Artetxeren tesia etorri zitzaidan gogora, bertan Inguma zen informazio iturri nagusia. Euskal Herrian sarbide irekiaren egoera aztertzen hastekoa nintzen eta euskal aldizkari zientifikoak identifikatzeari ekin behar nion. Inguma izan zen nire abiapuntua. Euskarazko aldizkari zientifikoak identifikatzeko bide garrantzitsuena dela esango nuke, helburu hauetarako erabiltzen diren nazioarteko edota estatu mailako datu-baseak motz gelditzen dira euskarazko aldizkariak identifikatzeko. Eta biltzen dituen bestelako edukientzako ere iturririk garrantzitsuena dela esango nuke (tesiak, hitzaldiak, argitaletxeak, adituak …)
Etorkizunera begira, zein aukera ikusten dituzu?
Potentzialitate handia du bai ikerketarako iturri bezala, bai irakaskuntzarako. Literatura akademiko/zientifiko guztia puntu batean eskuragai izatea bakarrik, aurrera pausu handia da. Hainbat dira etorkizunera begira ikusten ditudan aukerak, baina beti ere lortu daitezkeen baliabide ekonomiko eta pertsonalen menpe daude. Potentzialitatea hor dago, baina borondate politikoa eta sustengu ekonomikoa beharrezkoak dira ekimen hauek aurrera eramateko; ezin da dena komunitatearen borondatearen esku utzi. Liburuzain bezala, nire esperientzia profesionala unibertsitatean garatu da, eta ikuspegi horretatik begiratuta, adibidez, beste herrialde batzuetan garatu diren ikerketaren ebaluaziorako tresnen antzeko produktu bat garatzeko abiapuntua izan daiteke. Edukiak bilduta daude, sailkapena egitea falta da. Euskaraz ikertzen duten ikertzaileentzako garrantzizko gaia da.
Bestetik, erabilera zabaldua duten tresnekin elkarreragingarritasuna lortzen bada, erabiltzaile potentzial guztiengana iristeko aukera handituko litzateke; Google Scholarren bitartez Ingumaren edukiak bilatzeko aukera balego, adibidez.