Kepa Sarasola: “Ingumaren erreferentzialtasunak bere inguruan zenbait ume sortzera eraman gaitu”

Kepa Sarasola Gabiola UEUko zuzendariaren iritzia ere bildu nahi izan dugu Ingumaren 20. urteurren honetan.

Zergatik da garrantzitsua Inguma?

Arrainak ura behar duen moduan euskarak bere unibertsitatea behar duela kantatzen du Oskorrik. Unibertsitateak euskarari leihoak irekitzen baitizkio. Nola neurtu dezakegu hori? Zer lortu dugu azken 50 urteetan? Azken 5 urteetan makaltzen ari da produkzioa? Ingumari esker gogoeta hori modu objektiboan egin daiteke. Karmele Artetxek 2010eko bere tesian komunitate zientifikoa euskaldunaren datuen azterketa historikoa eta bibliometrikoa egin ahal izan zuen… Ordurako Inguma sortuta zegoelako egin ahal izan zuen, jakina. Koldo Garciak pasa den ekainean euskarak ikerkuntzan duen “osasuna” aztertu zuenean Ingumako datuen grafikoen gainean azaldu zizkigun bere kezkak, noski.

Euskarazko produkzioaren berri emateaz gain, egileekin komunikatzea ere ahalbidetzen du datu-baseak; egileekin harremanetan jartzeko aukera baitauka. Demagun kazetaria zarela eta aditu euskaldun bat baliatu nahi duzula gaur Covid-19 birusari buruz… Ingumak 11 erreferentzia emango dizkizu eta egileei idazteko aukera. Edo sare neuronalei buruz galdetuta… 9 erreferentzia lortuko dira.

Bestalde, gustatzen zait gure ikerlarien lan interesgarri horiek Wikipedian deskribatzea; gure ikertzaileak badirelako futbolariak, idazle eta politikariak bezain garrantzitsuak. Horretarako laguntza ezin hobea da Inguma. Astean bizpahiru aldiz kontsultatzen dut; eta, esate baterako, atzo klik bakar batean lortu nituen Mari Luz Estebanen 4 liburu, 11 artikulu eta beste 36 dokumentu. Pagotxa!

Horretaz gain, ziurtagirien zerbitzua eskaintzen du Ingumak. Datu-baseko egileek ziurtagiria eskatu dezakegu CVan jartzeko. Azken 15 urtetan bost aldiz erabili dudala uste dut.

Zer nabarmendu nahiko zenuke?

Inguma izan zela gure lehenengo datu-basea, baina bere erreferentzialtasun sendoak bere inguruan zenbait ume sortzera eraman gaituela geroago. Hor dugu Tesiker, euskarazko tesien datu-basea. Ingumak doktorego-tesiei buruz duen informazioaren garrantzia ikusita, gune berezitu baten beharra ikusi zen; informazio hori era are osatuago batean eskaintzeko asmoz. Espainiako Teseo datu-basea edo Frantziako Sudoc datu-basearen antzekoa.

Artizarra sare soziala. Linked-in sare sozialaren antzeko izan daitekeena. Profesional bakoitzarekin batera, bere ingumako produkzio osoa ikus daiteke.

Unibertsitatea.net ataria. Bere atal batean Inguma dauden egileei elkarrizketa bidez aurpegia, iritzia, ilusioa eta asmoak gehitzen dizkiena.

Buruxkak liburutegi digitala. UEUko produkzioa digitalki eskaintzen duen biltegia.

Eta, azkenik Wikidata-ko P7558 propietatea. 2019ko azaroaren 13an sortu zuten propietate berri hau Wikidatan, pertsona batek Inguma datu-basean duen identifikatzailea jasotzeko. Propietate hau Wikidatan integratuta, Wikimediako beste hainbat aplikazioetan erabil daiteke Ingumako informazioa; esate baterako, tesi zuzendarien arteko erlazioa grafikoki erakusteko edo artikuluen egilekidetza aztertzeko. (Scholia).

Etorkizunera begira zein da erronka?

Produkzioaren erreferentziak eskaintzeaz gain, edukiak ere eskaini nahiko genituzke; hau da, artikulu edo liburuen testuak eurak ere eskaintzea.

Esan bezala, Wikipedia eta Wikidatarekin lotzeak aukera oso erakargarriak zabaltzen ditu. Antzeko datu-baseak erabiltzeko nazioartean dauden tresna estandar batzuk Ingumarekin erabili ahal izango ditugulako (Scholia…), eta gure datuak (denak edo partzialki) mundu mailako beste datu-base orokorrago batzuetatik ere atzitu ahal izango direlako.

Humanitate Digitalen inguruan zabaltzen ari diren iker-lerro berrietan Ingumako informazioa oso baliagarria izan daiteke; orain dagoen bere horretan bakarrik berez aztergunea izan datekeelako; UEUko testu-produkzioa analizatzeko sarbide inteligentea izan daitekeelako; UEUkoa bakarrik ez, unibertsitate mailako euskarazko produkzio osorako sarbidea ere izan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude