Ingumaren sortzaileetako bat dugu Pruden Gartzia. UEUren zuzendaritza kide izandakoa, UEUren argitalpengintza batzordeko kidea da gaur egun.
Zer gogoratzen duzu Ingumaren hasierarena? Nondik sortu zen ideia? Zeri erantzuteko?
Orduan gure kezka nagusia sakabanaketa zen. Behin eta berriro ateratzen zen hori.Euskaldunak bazeudela, baina ez genuela lortzen komunitate bat osatzea. Frankotiratzaile hutsak gara. Artxipelago esatea ere oso optimista litzateke. Jendea oso isolatuta dago, komunikazio gutxi dago.
Guk bide bat ikusten genuen. Lortu behar genuela komunitateko kideen arteko komunikazioa areagotzea, komunitate bat sortzeko. Hori izango zen normalizaziora bidea.
Villasantek ez zion deitzen normalizazioa, deitzen zion salbamendua. Nik uste dut termino zehatzagoa dela euskararen salbamendua. Izan ere, horretaz ari gara etengabe. Gero etorri zen Txepetx eta etorri ziren soziolinguistikak eta ipini zuten modan normalizazioa. Berez, salbamendua da.
Ingumara itzulita, kezka zen sakabanatuta geundela euskaldunok eta zerbait egin behar genuela gure arteko komunikazioa areagotzeko. Eta hortik sortu zen ideia.
Eta zure ustez zergatik da hain garrantzitsua Inguma?
Batez ere esan dudanagatik; eta berriro bueltatuko naiz Villasanteren ideiara: Euskararen salbamendua. Euskara itotzen ari da edo ari zen. Etengabe gaude ura heltzen zaigula sudurrera. Eta orduan salbatzeko estrategia desberdinak ipintzen ditugu martxan. Orduan badago alor bat UEUk bereziki lantzen duena, eta da, unibertsitate mailako jakintza. Jakintza ez da gauza abstraktu bat, jakintza pertsonek osatzen dute. Pertsonak euren artean komunikatzen direnean sortzen da jakintza. Jakintza hori gero gizarteari transmititzen zaio. Orduan guk pentsatzen genuen, hori egin behar genuela euskaraz. Nahi badugu euskara hizkuntza normal bat izatea, ez itotzea, euskaraz egin behar dugu. Horretarako lehenengo pausua da gure arteko komunikazioa biltzea. Ez badugu lortzen komunikazio hori, horren bitartez komunitate maila minimo bat eratzea, izango gara beti pertsona solteak. Pertsona bakoitza bere itsasoan bakarrik itotzen.
Horretarako da inportantea Inguma, komunitate bat sortzeko. Nik uste dut Karmele Artetxek ipini ziola izen konkretuagoa: “Euskal Komunitate zientifikoa”. Garai batean zientifiko-intelektuala erabiltzen genuen. Beste izen batzuk ere egon dira. Karmelek bere doktorego tesia egin zuenean “euskal komunitate zientifikoa” ipini zuen. Horrekin nahikoa da esan nahi dena esateko.
Komunitate zientifikoak hizkuntza guztietan daude. Hizkuntza handietan, gainera, ez dago bat, hainbat daude. Tontakeria bat da pentsatzea ingelesez komunitate bakarra dagoela. Ez dago bat, hainbat daude. Euskararen kasuan gutxienez bat behar dugu. Oso txikiak gara. Eta Inguma da horretarako tresna bat. Ez bakarra. Bat.
Ingumak hauetan urte guztietan egin duen ibilbidea ikusita, etorkizunera begira zure ustez zein da erronka?
Ingumak badauka parte bat oso inportantea eta da teknologia berrien erabilera. Hori batez ere zor zaio Iñaki Alegriari. Bera izan da Ingumaren benetako motorra. Ekarpen garrantzitsua egin du: teknologia berriak erabili behar ditugula. Inguma hasiera batean bakarrik zen zerrenda bat neure buruan. Ni bibliotekaria naiz eta alde dokumentaletik zerrenda bat, bi, hiru… Hasiera batean telefonoak ipini behar genituen, jendearen arteko komunikazioa orduan telefonoz zen-eta. Iñakik ekarri zuen gauza inportantea izan zen teknologia berriena. Geroztik Inguma ildo horretan joan izan da. Teknologia berriak garatu ahala, joan da pixka bat horretara egokitzen. Orduan, erronka nagusia zein izan daitekeen? Teknologia berriek etengabe zabaltzen dizkiguten esparru berri horietara egokitzeko gaitasuna izatea.
Zerbait gaineratu nahiko zenuke?
Inguma da pieza bat puzzle oso handi batean. Hori ez dugu inoiz perspektibatik galdu behar. Ingumak berez ez dauka balio berezirik, ez bada euskalgintzaren barruan, ez bada proiektu historiko baten barruan; eta proiektu hori da, euskararen salbamendua. Euskara hizkuntza normal bat izatea; edo beste era batera esan dezagun, eta da, Euskal Herria bizitzea. Horren barruan ez badago, ezerk ez dauka zentzurik. Horren barruan estrategia oso ezberdinak daude, maila diferenteak… Orain hogei , hogeita hamar urte pentsatzen genuen gauzak sinpleagoak zirela. Gaur egun badakigu konplexuagoak direla. Euskal Herria bere osotasunean, euskararen salbamendua bere osotasunean, ikusi ahal izatea oso inportantea da; gero ulertu ahal izateko, hau tresna bat dela, gauza konkretu batzuk egiteko eta estrategia global baten barruan. Hori da etengabe buruan izan behar duguna, ulertu nahi badugu zer den Inguma eta zertarako eta zergatik dagoen. Hau ez da bilduma bat, hau ez da bildumagile baten bilduma, batzuk zigiluak edo diskoak bildumatzen dituzten moduan; hau da tresna bat estrategia global baten barruan.