Uxune Martinez: “Goi-mailako produkzioan emakumeek egindako ekarpena agerira ekarri zuen Ingumak”

Uxune Martinez, gaur egun Zabalkunde zientifikorako arduraduna da Euskampus Fundazioan, baina 11 urtez Inguma datu-baseko arduraduna izan zen. Bere iritzia ere jaso nahi izan dugu Ingumaren 20. urteurrenera begira.

Zure kasuan, Zer nolako esperientzia izan zen Ingumakoa?
11 urte eman nituen Inguma datu-basean eta benetan esperientzia aberasgarria izan zen. Tarte horretan hamaika gauza ikasteko eta ezagutzeko aukera izan nuen. Euskarazko produkzioaren nolakotasunaz jabetzeko aukera izan nuen, hainbat arlotako adituak ezagutzeko atea izan zen; eta, bestalde, aro teknologikoan bete-betean murgiltzeko aukera eman zidan datu-basean lan egiteak. Izan ere, 2004. urte amaieran hasi nintzen dokumentalista gisa eta orduan ez nuen telefono mugikorrik ere; baina datu-basea goitik beherako aldaketa garatzen hasi zen 2005. urtean, hiru helburu nagusirekin: erabiltzaileei bilaketak erraztea, informazioaren erauzketa arintzea eta sarean ikusgarritasuna areagotzea. Horrek ezinbestean jauzi teknologikoa egitera bultzatu ninduen eta dokumentazio lana informaziorako teknologiekin uztartzera. Oso sasoi polita izan zen, erronkez betea eta kitzikagarria.

Zergatik da garrantzitsua Inguma?
Inguma datu-basea garrantzitsua da, besteak beste, euskarazko produkzio zientifiko-teknologikoaren ispilu argia delako. Bertan bilduta daude euskara batuaren irizpideak finkatu zirenetik idatziz eta ahoz ekoiztu diren zientzia-arloko lanen erreferentziak eta horrek komunitate zientifikoa badugula erakutsi du. Izan ere, duela hogei urte, eta ez daude hain urrun, ez genuen komunitate horren ezagutza zehatzik. Askok, zalantzan jartzen zuen existitzen zenik ere. Ingumaren bidez eta berari esker, komunitatea egon badagoela baieztatu da, eta, horrez gain, euskal komunitate zientifikoa zer-nolakoa den ezagutzeko aukera izan dugu.

Amaitzeko, azpimarratu nahi nuke datu-baseak eragin biderkatzailea izan duela. Alde batetik, produkzioari dagokionez, Ingumari esker euskaraz egin diren doktorego-tesiei buruzko datu osatuenak ditugu gaur ;eta horietako asko kontsulta librerako daude Kultura eta Hizkuntza Politikarako Saileko Tesiker datu-basean. Bestalde, Inguman egindako dokumentazio lanari esker, fitxa bibliografikoetan inizial batzuen ostean zeuden egileen izen-abizenak dokumentatzea lortu izan da. Gehien bat, 60ko hamarkadatik 1987ra bitartean lanak argitaratu zituzten egileen datuak berreskuratu izan dira. Horietako asko eta asko emakumeak ziren eta goi-mailako produkzioan emakumeek egindako ekarpena agerira ekarri zuen Inguman abiatutako dokumentazio lanak.

Zer nabarmendu gura zenuke?
Ingumak bildu egiten du. Euskarazko goi-mailako idatzizko eta ahozko produkzioaren biltegia da. Aditu euskaldunen bilgunea da; eta aditu eta erabiltzaileen arteko harremanei bide ematen dion zubia.

Etorkizunera begira zein dan erronka?
Aurrera begira badira erronkak. Nagusia, nire ustez, datu-basearen balio erantsia lantzen jarraitzea litzateke. Inguma sarean dagoen informazio-iturri dokumentala da eta erabiltzaileen profila eta kontsumo joerak kontuan izan behar ditu pausu bat harago joan eta behar duten informazioa eskaintzeko. Esaterako, pantaila aurreko nekea ekiditeko, posta elektroniko bidez puntu-puntuan datu-basean katalogatu berri direnak jakinaraztea erabiltzaileei (harpidetzaren bidez). Bilaketa emaitzak bistaratzea era bisualagoan eta zerrenda formatuko bista bigarren plano batera eramanez. Edo, Artizarra sarean dauden egileen aurkezpenak Ingumara ekartzea, izen-abizenen atzean daudenak bistaratuz hurbiltasuna eskaintzeko erabiltzaileei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude