Xabier Arauzo: “Inguman bildutako lanen kalitatea nabarmendu nahi nuke”

Inguma, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da, eta Ingumak 20 urte betetzen dituen honetan, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiarekin, Xabier Arauzorekin, izan gara.

 

Bizkaiko Foru Aldundiak hasieratik babestu du Inguma. Bere sorreran zerk eraman zintuzten proiektua babestera?

Gaudenok ez gara orain 20 urte hemen geundenok, baina, hala ere, ezinbestekotzat jotzen dugu batzen jarraitzea euskaraz zer sortzen den arlo zientifikoan. Batetik, beharrezkoa delako egiten eta sortzen dena bilduta eta indexatuta gordetzea; bestetik, beste batzuek sortutako hori ezinbesteko informazio-iturri izan daitekeelako beste ikerlari batzuentzat.

20 urte beranduago, zerk egiten du interesgarri proiektu hau Aldundiarentzat?

Garai hartan zentzurik bazuen honelako ekimen bati babesa emateak, gaur egun are zentzu handiagoa du. Izan ere, sortu zen ekimen hura produktu helduago bat da orain: ez da alferrik izan 20 urteotan eginiko lana, uzta oparoa da-eta. Urteotan sorturiko datu-base akademikoa balio handikoa da euskaraz eginiko lan eskergaren berri izan nahi duenarentzat. Euskarak ikerkuntzan ere bere tokia behar du, ikerkuntza euskaraz ere egin daiteke, euskaraz ikertzea ez da bigarren mailako kontua. Oso garrantzitsua da euskaraz sortu dena eta sortzen ari dena aintzat hartzea. Gero eta ikasle gehiago badira euskararen aldeko hautua egiten dutenak, ibilbide akademiko guztia euskaraz egiteko aukera eduki behar dute. Mundu akademikoan euskarak eta euskaraz egindakoak tokia eduki behar du.

Zer nabarmendu nahiko zenukete?

Bildutako lanen kalitatea nabarmendu nahi nuke, katalogazio-lana ez baita inolako zentzurik gabe eginiko zeregina. Lanek behar besteko maila izatea ezinbesteko baldintza da katalogazioaren barruan sartzeko. Horrez gainera, beste baldintza batzuk ere bete behar dituzte: luzera jakin bat izan behar dute eta Ingumak izendatutako erakunderen batek argitaratu edo ekoitzitako lanak izan behar dute. Beraz, lanen zorroztasun-maila bermaturik dago.

Etorkizunera begira zein da erronka?

Sarea indartzea: euskal ikerlariak are gehiago saretzea eta euskaraz egiten den ikerkuntza ezagutaraztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude