Iñaki Alegria: “Unibertsitate-sisteman Inguma onartua dago adierazle gisa”

Iñaki Alegria Loinaz da Inguma datu-basearen gurasoetako bat eta 2014tik 2018ra UEUko zuzendari izandakoa. Oraindik ere zuzendaritza taldeko kidea da. Ingumaren 20. urteurren honetan sorreraz zein etorkizunaz hitz egin dugu.

Nondik sortu zen ideia? Zeri erantzuteko sortu zen Inguma orain 20 urte?
UEUren helburuen artean komunitate zientifiko-teknikoak elkar ezagutzea egon da beti; eta unibertsitate mailako produkzioa bultzatzea eta gizarteratzea. 90eko hamarkadaren amaieran digitalizazioa dokumentazio-zentroetara iristen ari zen eta Europan proiektu bat aurkezteko aukera sortu zen. UEUko Historia eta informatika sailek Inguma egitasmoa jasotzen zuen proiektua ondu genuen, hasieran asmo hutsa zena. Europatik diru-laguntzarik lortu ez arren, UEUren baliabide urriekin proiektuari ekin genion, eta zorionez, aurreago, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, amaitu ahal izan genuen. 2000. urteko Durangoko azokan aurkeztu genuen.

Zergatik eta zertarako da garrantzitsua Inguma?
Komunitate zientifiko-tekniko euskaldunak elkar ezagutzeko, saretzeko eta bere lana hedatzeko tresna garrantzitsua da. Dagoeneko Unibertsitate-Sisteman onartua dago adierazle gisa; hau da, euskaraz urtero eta arloka produzitzen dena neurtzeko tresna ofiziala da; baina hortik harago komunitatearen elkar ezagutza eta ahalduntzea bultzatzeko funtsezkoa da. Kazetari batek edo kultur eragile batek gai baterako aditu bat bilatu behar duenean, ikerlari batek gaiaren inguruan bibliografia bilatzen duenean, sari baterako merituak erkatu nahi direnean… Inguma berebiziko tresna da. Zoritxarrez batzuek ez dute ezagutzen eta ez dute erabiltzen. Adibidez, Jose Ramon Etxebarriari Eusko Ikaskuntzak saria eman dionean, agian, bere orria kontsultatuko zuen.

Etorkizunera begira zein da erronka?
Erronka, erabilgarriagoa izatea da ; eta horretarako, hainbat arlotan egin beharko lirateke hobekuntzak.

Hedapenean sakondu behar da; eskaintzen dituen aukerak komunitatean ezagunagoak izan daitezen. Bereziki irakasle, ikasle eta ikerlariei dei egingo nieke bibliografia bilatu behar dutenean (lanak edo ikerketak abiatzean) Ingumatik has daitezen, euskarazko erreferentziak topatzeko. Lan hori errazteko aipamen bibliografikoen esportaziorako funtzionalitate bat gehi liteke Inguman.

Kalitate-adierazleen lanketa ere hor dago. Aipamen bibliografikoak (eta digitalean daudenean dokumenturako estekak) denak maila berean daude, balio gehigarririk eman gabe. Artikuluen arteko aipamenak lotzea, gehien aipatutakoak, aldizkarien inpaktua… informazio hori garrantzitsua litzateke. Inguma Wikidatarekin lotzen hasitako bideak horretan lagunduko du, baina hizkuntza-ingeniaritzako tresnekin gauza xeheagoak egin daitezke. Horretarako diru-laguntza berezia beharko litzateke.

Azkenik, produkzioaren parte bat digitalizatu gabe dago, beste bat ez dago eskuragarri, eta eskuragarri dagoen zati bat agian galduko da ondoko urteetan. Dena eskuragarri jartzea eta etorkizunari begira ziurtatzea izan liteke proiektuaren hurrengo urratsa; baina horretarako baliabideak behar dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude