Ingumak, Euskal komunitate zientifikoaren datu-baseak, 20 urte betetzen ditu azaroan. Hasiera hartan datu-basea elikatzeko arduraduna Karmele Artetxe Sanchez historialaria izan zen eta gerora, Inguma oinarri hartuta, esparru akademikoan euskarak duen presentzia neurtu eta historian zehar izan duen bilakaera aztertu zuen bere doktore tesian.
Zer nolako esperientzia izan zen Ingumarena?
Oso garrantzitsua izan zen niretzat Inguma datu-basean 4 urtez lanean aritzea. Bertan ikasitakoak, pentsatutakoak eta bizitakoak nire ibilbide akademikoa markatu du. Ez bakarrik gerora prestatutako doktorego-tesiaren abiapuntu izan zelako, baizik eta alor akademikoan nire burua kokatzeko ezinbestekoa izan zelako. Proiektu honek, inplizituki bada ere, edonor interpelatu egiten du: zure jarduera unibertsitarioaren oinarri ideologiko linguistikoak zeintzuk dira? Pentsatzen duzuna eta egiten duzunaren artean koherentziarik badago?
Zergatik da garrantzitsua Inguma?
Hasteko, erreferentzia gune bat da, euskarazko bibliografia zein ekoizleak (aldizkariak, argitaletxeak…) eta egile euskaldunak topatzeko balio du; eta, lehen zein gaur, erreferentziak ezinbestekoak dira, testuinguru balkanizatuari aurre egiteko. Bestalde, Ingumak ikusarazten du euskarazko komunikazio zientifikoa izan badela. Hau da, euskara noranahikoa dela unibertsitateko ikasgelan aritzeko, artikulu zientifikoak egiteko, ikerketa euskaraz egiteko, finean goi mailako kultura eta jakintza transmititzeko.
Zer nabarmendu nahiko zenuke?
Bere 20 urteko ibilbidea. Proiektu berri eta interesgarriak sortzea erlatiboki erraza da, mantentzea berriz, oso zaila. Izan ere, diru-laguntzen deialdiak, oro har, oso lotuta daude proiektu berrien sustapenarekin eta ez hainbeste proiektuen jarraipena bermatzearekin. Ematen du beti zerbait berria sortzen aritu behar garela, eta agian, beharrezkoa da; baina horrekin batera, kultur proiektu sendoak behar ditugu, iraupen luzekoak, urteekin ondutakoak, beste proiektu batzuk sustatu ditzaketenak (Tesiker, Artizarra…) eta erreferentzialak direnak. Inguma ez da bakarra, baina bai gutxi horietako bat.
Etorkizunera begira zein da erronka?
Asko eta asko, eta askotarikoak, euskarak berak dituen adinekoak. Dena den erronkarik handiena Komunitate Zientifiko Euskaldunak berak du. Luze hitz egiteko gaia bada ere, soilik aipatuko dut kosmopaletismo akademikoaren eraginpean irentsia izateko arrisku larria bizi duela. Inguma tresna bat da eta zentzua du komunitatea badago, bestela ez.