ZientziaK eta Euskara jardunaldia: ondorioak

Udako Euskal Unibertsitateak 2022. urtean Udako Ikastaroen 50. edizioa antolatuko du. Bide horretan Udako Ikastaroen Hasierako Ekitaldia UEUrentzat estrategikoa den gai bat ElkarEkin lantzeko baliatzen du. Aurten Zientziei eta Euskarari buruz hausnartu nahi genuen, bizipenetatik abiatuta etorkizunari aurre egiteko. Baina bidean zientziekin lotutako gertaera batekin aurkitu ginen: COVID-19 gaixotasunaren pandemiak gogor jo gaitu eta gizarteko arlo guztietan egoerara moldatu behar izan gara, Udako Ikastaroen antolakuntzan ere, beren Hasierako Ekitaldia barne.

 

 

Hasierako Ekitaldirako aukeratu genuen gaia, estrategikoa izateaz gain, bizi genuen garaiarentzat egokia zela ikusita aurrera egitea erabaki genuen. Presentziala izan beharrean, birtuala egingo genuen, egun batean abiatu, Hasiera Ekitaldi sinboliko batekin, eta lau astez komunitatearen ekarpenak jaso. Esperimentu bat izango zen. Hortaz, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiogu parte hartu duten pertsona guztiei, zuen bizipenek eta iritziek asko aberastu dute dinamika hau.

Hasierako Ekitaldi sinbolikoaren ostean sentzazioak oso positiboak izan ziren eta oso gustora gelditu ginen harrerakin eta erantzunarekin. Egia da sare sozialek ezin dutela kafearen tartea ordeztu, kafearen inguruan sortzen diren konplizitateak eta elkartrukeak ezin baititu pantaila batek ordeztu. Baina asmatu genuen ekarpenak egiteko bide anonimo bat jartzen, bertan ekarpen baliagarriak jaso ditugu eta, agian, ekitaldi presentzial batean galduko liratekeen ekarpenak dira. Gainera, nabarmendu nahiko genuke emakumeen parte hartze altua, beste modu batera kontuan hartuko izango ez ziren ahotsak baitira.

Euskaldun bezala zientziei egiten diegun ekarpenean, alde batetik nabarmentzen da periferia bat izanda zientzietan euskal ikuspuntua txertatzea garrantzitsua dela, ingurune oso bat eskaintzen baidiegu zientzie, batez ere bertako kezkak eta gaiak ikertzeko. Bertako gaien harira, aipagarria da ikerketa batzuen sakontasuna eta ñabardurak bakarrik posible direla euskaraz egiten badira. Beste batetik, aipatzen da unibertsalagoak diren gaietan, munduko beste edozein puntutik egin dezakeen ekarpena egin dezakegula. Eta, hortaz, bai zientziak nahiz euskara unibertsalak egin behar ditugula.

Zientzietatik euskarari egiten zaien ekarpen nagusiak dira euskara lexikoaren eta erregistro berrien bidez aberastea, bere prestigioa handitzea eta euskaraz edozer azaldu daitikela frogatzea. Baita ere, dibulgazioaren bidez, zientzia-gaiak euskaldun guztientzat eskuragarri jartzea nabarmendu daiteke, bai liburu, aldizkari, irrati-saio, telebista-saio, sare-sozial eta blogen bidez, beste edozein hizkuntzak duen prestigio eta sakontasunarekin. Azkenik, norberaren lana euskal komunitatean, familian eta lagun artean zabaltzeko aukera izateak bi norantzetako onura eta pribilegioa da.

Pertsonalki Zientziek eta Euskarak pertsona moduan alor askotan aberasten gaituela da sentsazio orokorra. Munduan kokatzeko baliatzen ditugula, munduari begiratzeko lanabesak ematen dizkigulako, bizitzeko modu bat eskaintzen digutelako, beste leku batzuetan posible ezingo ez zen moduan. Hau da, komunitate baten parte sentiaraztea. Eta, horrela, gizarte hobeago bat eraikitzen dugula.

Etorkizunari begira hobetu daitezken gauzen artean daude zientzietan euskaraz kalitatzeko produkzioa sortzen jarraitzea eta sustatzea, gero beste hizkuntza batetan zabaldu behar bada ere, baina abiapuntua euskara izatea, euskal gizarteak jakin dezan zer egiten dugun zientzietan. Iritzi orokorra da ere egindako lan horrek aitortza handiagoa behar duela eta merezi duen balorazioa izan behar duela.

Hasierako ekitaldian proposatu genuen hipotesia berresteko arrazoiak daudela uste dugu eta, hortaz, tesia bilakatzen dugu: ZientziaK eta Euskara bata bestearen arnasgune dira. Hortaz, arnasgune hori sendotzea eta aintzat hartzea garrantzitsua da UEUrentzat. Komunitateak egindako ekarpenak jaso ditugu, gureak egiten ditugu eta ertz ezberdinetan ekingo diogu, besteak beste:

  •  Notario bezala: Azken 20 urteetan euskarazko produkzio zientifiko-teknikoa Inguma datubasean jaso dugu, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Artizarra sare-soziala martxan jarri genuen produkzio zientifiko-tekniko horren atzean dauden pertsonak ezaguteko eta saretzeko. Zientziei eta Euskarari egindako ekarpen guzti horiek biltzen jarraituko dugu, merezi duten aitortza jaso dezaten. Gainera, komunitatearen beharrak, kezkak eta proposamenak adi jarraituko ditugu.
  • Erraztaile bezala: adituen Topaketak antolatu ditugu hamaika jakintza-arlotan; Ikergazteri esker ikartzaile euskaldun gazteek beren lana ezagutara ematen dute eta beren bizipenak partekatzen dituzte; UEUk sustatzen dituen aldizkariei esker kalitate handia duten eta euskaraz egindako ikerkuntza-lanak argitaratzen dira, jakintza-arlo ezberdinetako ezagumendua euskaraz bermatuta; azkenik, UEUk ere hainbat beken kudeaketan parte hartzen du, euskaraz egindako ikerketa-lana erraztuz. Arlo guzti horiek indartzen jarraituko dugu.
  • Eragile bezala: Udako Ikastaroen eta urte osoko ikastaroen eskaintzaren bidez ezagumendua zabaltzen dugu; gainera Humanite Digitalen arloan ikerkuntza sustatuko dugu; eta martxan jarri berri dugun BH masterrak pedagogian bide berriak aztertzea eta ikertzea sustatuko du. Guretzat estrategikoa da euskarazko ikerkuntzan pausu berriak ematea.

Gure izaerari jarraituta aipatutako ekarpen horietako asko beste eragile batzuekin ElkarEkin egin ditugu. Horiei esker, beste modu batera pentsa ezinak ziren ideiak eta elkarlana sortu eta sustatu dira. Ez dago dudarik ElkarEkin filosofia, hau da, auzolana, euskaldunok zientziei ematen diegun berezko balio bat dela. Gure izaerari jarraituta ere, ez gara konformatzen. Aipatutako ekarpen horiek lantzen, indartzen eta berritzen jarraituko dugu, ahalik eta eragile gehienekin elkarlana sustatuta. Zientziek eta Euskarak erronka handiak dituzte aurretik eta, jardunaldi birtual honi esker, komunitateak indarguneak eta ahulguneak identifikatu ditu, erronka horiei erantzuna emango dien etorkizuneko euskal ikerkuntza gaurtik eraiki ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude