Urrats estrategiko bat: master ofizial bat euskaraz eta online

Online heziketa inoiz baino garrantzitsuago bihurtu zaigun une honetan, aurten, UEUk urrats garrantzitsu bat egingo du GOI ikastegi atxiki berriaren bitartez (GOI = Goimailako Online Irakaskuntza). Bigarren Hezkuntzako irakaslea izateko beharrezkoa den EHUko masterra euskaraz eta online moduan ere egin ahal izango da datorren ikasturtean eta orain apirilean hasiko da izena emateko epea, online noski.

Baina zeintzuk dira urrian zabalduko dugun online modalitate berri honen ezaugarriak? Zertan izango da diferente estatu mailako beste eskaintzekin alderatuta? Eta nola txertatuko da UEUren online ibilbidean? Galdera horiek landuko ditugu artikulu honetan.

Masterraren izen osoa luzea da:

“Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra”

Laburtzearren “Bigarren hezkuntza online masterra” esango dugu hemen, edo “BH masterra” besterik gabe.

 

 

ZEINTZUK DIRA ONLINE MODALITATE BERRI HONEN EZAUGARRIAK?

Gaur egun UPV/EHUko Masterraren 8 espezialitateak dira aurrez aurrekoak eta HEFA Fakultateak eskaintzen ditu bi hizkuntzatan (euskara eta gaztelania), ingelesezko hautazko ikasgai batzuekin eta EAEko hiru campusetan: Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban.

GOI Ikastegi Atxikiaren bitartez, BH Masterra euskaraz eskainiko dugu (ingelesezko hautazko batzuekin) eta eskolak Ikasgela Birtualaren bitartez eskainiko dira 3 espezialitatetan: 1) Natur Zientziak eta Matematika, 2) Giza eta Gizarte Zientziak, eta 3) Hizkuntza eta Literatura.

Eskaera handiena duten hiru espezialitateak dira horiek. Espezialitate bakoitzean, 40 ikasle onartuko ditugu gehienez, hau da, 120 guztira.

Masterraren antolaketa GOI Ikastegi Atxikian beraz, hau izango da:

Modulu generikoa
18 ECTS

Modulu espezifikoa
24 ECTS

Practicum

12 ECTS

Amaierako lana
6 ECTS

Formazio psikopedagogikoa

Espezialitate bakoitzeko
formazio didaktikoa

Praktikak hezkuntza zentroetan

Erdi presentziala

Erdi presentziala

Aurrez aurrekoa

Aurrez aurreko

aurkezpena

 

MOTIBAZIOA ETA HELBURUA

Digitalizazioaren garrantzia etengabe handitzen den garai honetan, baliabide digitalen erabileran ere trebatu behar ditugu irakasleak. Modalitate erdi-presentziala Ikasgela Birtualaren bitartez egingo da, baita formazio-jarduera sinkrono/interaktiboak eta beste online jarduera batzuekin konbinatuz ere. Espezialitate bakoitzean gehienez 40 ikasle baino onartuko ez direnez, ikasle kopuru txikiak irakaskuntzaren kalitatea bermatzea ekarriko du.

Masterreko irakaskuntza eta administrazioa euskaraz izango dira erabat., salbuespen bakar batekin: espezialitate bakoitzean hautazko irakasgai bat egongo da, ingelesez.

Master presentzialetik pasa diren egresatuen iritzietan oinarriturik praktika-aldirako iraupen posible luzeeneko ibilbide bat ere eskainiko dugu. Berrikuntza-Ikasgela ardatz duen hautazko ibilbide hori proposatzen dugu espezialitate bakoitzean. Espezialitate bakoitzean 6 ECTSko “Berrikuntza eta ikerkuntza” ikasgaia eskainiko da hautazko ibilbide moduan. Ikasgai hori practicumeko hezkuntza-zentroan garatuko da, zentroko beharrei egokiturik, eta modu praktikoan. Behar duen jarraipen egokia ziurtatu ahal izatearren espezialitate bakoitzean 10 ikasle soilik onartuko dira berrikuntza-ikasgelan.

 

MODALITATE BERRIA: Eskaintza erdipresentziala eta berrikuntza-ikasgela

Modalitate erdipresentzialean, ikaslearen lan-antolaketa malgua da, nork bere erritmora egokitzen du. Teknologia berrien erabilerak berrikuntza eta malgutasuna ematen dio ikaskuntza prozesuari, ikaslearen kokapen fisikoa edo egoera pertsonala zein den muga bat izan barik. Hala ere, egiten den irakaskuntza-proposamenean presentzialtasuna ere bada, behar diren gaitasunak modu egokian barneratu daitezen. Aurrez aurreko jarduera aldagai hauek konbinatuz lortzen da:

  • Aurrez aurre ikasgelan: lau hilabeteko bakoitzaren bukaeran, ikaslea gelara hurbiltzea eskatuko da, aurrez aurreko ebaluaziorako eta amaierako lanaren defentsarako.
  • Aurrez aurre hezkuntza-zentroan: practicum garaian eta berrikuntza-ikasgelako hautazko ibilbidean, ikaslearen presentzialtasuna derrigorrezkoa da.
  • Ikasle-irakasleen arteko zenbait ekitaldi sinkronoak bultzatuko dira (online azalpenak, mintegiak edota aldez aurretik zehazturiko tutoretzak)

Ikasgela birtualaren bitartez ikasleak uneoro eskura izango ditu material didaktiko eta osagarriak, baita garapenerako eta ebaluaziorako behar dituen tresna eta baliabide guztiak ere.
Modalitate honetan ikasleak trebakuntza sakonago bat lortuko du konpetentzia digitaletan, hori modalitate honen balio erantsi bat da. Geroago lagungarri izango zaio trebakuntza gehigarri hori, online eskaintzari aurre egiteko hainbat lanpostu berri aurreikusten dira etorkizun hurbilean.

Matrikulatzeko interesa izan arren, maiz fisikoki hurbildu ezin daitekeen ikaslearentzat erakargarria izan daiteke modalitate erdipresentzial hau eta aukera berriak irekitzen zaizkio. Egun, unibertsitate publikoan dagoen euskarazko online eskaintza bakarra da. Hori garrantzitsua da, EAEko irakasleak bere ibilbide profesionalean euskara baita hizkuntza kurrikularra. Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko euskal hiztunentzat ere aukera hori gehigarri bat da.

 

ONLINE IRAKASKUNTZAREN GARRANTZIA, ALDATZEN ARI DEN MUNDU BERRI BATEAN

Hezkuntzan, ezagutzan, euskararen erabileran, lan-munduan eta urrutiko Ikaskuntzaren metodologian aldaketa biziak ematen ari dira. Mundua asko aldatu da, abiadura handian aldatzen ari da, eta hezkuntzaren alorrean oso nabarmena da aldaketa.

Duela 50 urte Euskal Herrian ez zegoen apenas unibertsitate publikorik, eta erabat ezinezkoa zen karrera bat euskaraz ikastea. Ikerketarik ez zen ia inon ere egiten. Ekonomiaren jarduera nagusia sektore primarioan eta sekundarioan finkatuta zegoen. Urrutiko irakaskuntzan UNED zen eskaintza bakarra: erdaraz ikasi behar zen hor derrigorrez, ikasleentzako material bakarra paperezko apunteak zirela, ikasle-irakasle komunikazio-bide bakarra eskutitza zen, ailegatzeko astebete-edo behar zuena, edota oso noizbehinkako telefono-deia. Ikasleen arteko harremanik ez zen inondik ere sumatzen.

2020an errealitatea oso bestelakoa da, sektore primario eta sekundarioa ez dira ekonomiaren motore nagusia eta lanpostu batean aritzeko beharrezkoa den formazioa ez da ezaugarri estatiko bat langilearen bizitza osoan zehar. Bizialdi osoko prestakuntzaren beharra egunero dago presente alor gehienetan. Lan-ohituretan eta moduetan ikusten dugun eboluzio azkar hori formazio-bide berrien eskutik etortzen ez bada, lehiakortasun-parametroetan galera handia izango dugu. Online irakaskuntza indartzea betebehar estrategikoa da gaur egun.

Bestalde, euskarak frogatu du goi-mailako formazio akademikorako baliagarria dela. 1977an Adolfo Suarezek ezinezkotzat jotzen zuen fisika edo kimika unibertsitatean erabiltzea. 2020an ia gradu eta titulazio guztiak euskaraz egin daitezke, ez unibertsitate guztietan baina. Amets hutsa zen hori orain dela 50 urte. Euskara batuaren definizioarekin abiatuta, belaunaldi dinamiko eta indartsu batek, instituzioen laguntzarekin, mirari bat sortu du eta unibertsitate mailara heldu da bertako hizkuntza. Oraindik ez dago erabat sendo, baina etengabe gabiltza aurrerapausoak ematen. Eta online ikas daitekeen hiritarren kopurua milako batzuetakoa dela estimatu izan da.

Urrutiko hezkuntzan ere aldaketa itzelak izan dira. Interneten eta IKTen sozializazioak ekarri du iraultza ikasle-irakasle komunikazioan, baita ikasle-ikasle komunikazioan ere. Horrela urrutiko unibertsitateetan ikaste-prozesua maiz ikasleen arteko interakzioen bitartez bideratzen da, foroetan parte hartuz edo talde-lanak eginez; oso erraza eta berehalakoa baita interakzio hori gaur egun. Gainera Moodle bezalako plataformekin instant batean heltzen dira materialak eta mezuak iirakaslegandik ikaslegana.

 

ESKAINTZAREN EZAUGARRIAK. LABURPENA

Laburbilduz, UPV/EHUri Atxikiriko GOI Ikastegi Atxikiak, DBHBHL Masterra euskaraz eta modalitate erdipresentzialean eskainiko du, ezaugarri hauen baitan:

  • Heziketa-jarduera sinkronoak, heziketa-jarduera interaktiboak eta beste online jarduera batzuk konbinatuko dira.
  • Praktikaldia, aurrez aurrekoak izango da hezkuntza-zentroan.
  • Euskaraz izango da.
  • Plaza mugatuak izango dira: espezialitate bakoitzeko 40 gehienez (eta horietako bakoitzean 10 gehienez berrikuntza-ibilbidean)
    Konpetentziak lortukko direla bermatzeko jarduera zein ebaluazioa egokitu dira, modalitate berrirako.
  • Aurrez aurreko modalitatean egiten den antzera, eta ikaslearen hizkuntza gaitasunak sakontzeko asmoz, espezialitate bakoitzerako hautazko ikasgai bat ingelesez eskainiko da.
  • Espezialitate bakoitzean, Berrikuntza-Ikasgelan irakasgaia eskainiko da berrikuntza-ibilbide baten baitan, formazio duala bihurtu daitekeena. Espezialitate bakoitzeko 10 ikasle gehienez onartuko dira eta hautatua den ikasleak, irakasgaiaren 6 ECTSak, aurrez aurre eta modu praktikoan, hezkuntza-zentroan egingo ditu (geroago jarraian practicuma burutuko duen zentro berean). Ikasle hauen proiektuaren aukeraketan, ezinbesteko pisua izango du Ikastetxeak.

UEUren GOI Ikastegia, prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketako Ikastegia da. Goimailako Online Institutua ikastegia UEUren barnean antolatu da, online unibertsitate ikasketak euskaraz ere sustatu beharra dagoela ikusi delako.

Proiektu honek UPV/EHUk duen eskaintzarekin osagarria izateko eta Europako testuinguruaren esparruan goi mailako ikasketen etengabeko berrikuntza bultzatzeko asmoa du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude