Euskal produkzio akademikoa zaintzen eta zabaltzen

Joserra Etxebarriak irakatsi dizkigun gauza askoren artean dago fisika nuklearra euskaraz lantzeko bi gauza baino ez direla behar: euskara jakitea eta fisika nuklearra jakitea. Baina non edo nola aurki daitezke fisika nuklearraz dakiten aditu euskaldunak? Non aurkitu fisika nuklearrari buruzko materiala? Bilaketa horretan laguntzeko Udako Euskal Unibertsitateak bikote paregabea eskaintzen dio euskal komunitateari: Inguma+Artizarra parea hain zuzen ere.

Inguma, bere aurkezpenean irakur daitekeen bezala, “Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da”. Bere helburua euskal produkzio akademikoaren berri ematea da, hau da, egindako produkzio akademikoa eta egile euskaldunak ezagutarazteko baliabide bat da. Datu-base hau elikatzeko 194 erakunderen produkzioa erabiltzen da, bai idatziz egiten direnak (liburuak, artikuluak, hitzaurreak, liburu-aipamenak, edizio kritikoak, ikerketak eta doktorego-tesiak), bai ahoz (hitzaldiak, ikastaroak eta irakasgaiak) egiten direnak. Egun, ia 11.500 egilek egindako 42.500 erreferentziatik gora jasotzen dira. Gainera, adituek Inguman katalogatuta dagoen materiala jasotzen duen ziurtagiri bat eska dezakete.

 

Artizarra, bere webgunean irakur daitekeen bezala , “euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala da”. Ingumaren eskarmentua oinarri hartuta, UEUk euskal produkzio akademikoa jasotzeaz gain, produkzio hori sortzen duten egileen arteko saretzea sustatu izan nahi du. Hain zuzen ere, Artizarraren helburu nagusia hori bait da: ikertzaile eta profesional euskaldunen arteko harremanak ahalbidetzea. Eta, horrela, komunitate zientifiko-profesionala ezagutaraztea. Egun 700 kidetik gora biltzen ditu eta 28 talde ezberdinetan parte har dezakete. Euskaldun profesionalen Linkedin, Academia edo Researchgatetzat jo daiteke.

Produzitzen dena ez bada jasotzen, eta jasotako hori zabaltzen, ahaztu eta galdu egiten da. Inoiz produzitu ez balitz bezala. Horregatik UEUrentzat oinarrizko lan bat da euskal produkzio akademikoaren datu-basea izatea eta produkzio hori sortzen duten adituak ezagutzera ematea. Euskaraz sortzen den ezagumendu akademikoa ez galtzeko eta zabaltzeko. Euskaraz sortzen duten aditu zientifiko-profesionalak saretzeko eta komunitate hori trinkotzeko. Euskal komunitate zientifiko-profesionalak zer sortzen duen zaintzea eta zabaltzea ezinbestekoa da Euskal Unibertsitatearen bidean. Ezagumendua sortzen jarraitzeko, ahaleginak ez bikoizteko eta ideia berriak garatzeko zer egin den eta norekin sor daitekeen jakitea beharrezkoa da. Euskaraz ezagumendua sortzen dela ikusarazteko. Azken finean, Inguma+Artizarra bikoteak aukera hori ematen bait du: euskal komunitate zientifiko-tekniko-intelektuala komunitate bizi, profesional eta emankor bat dela ikusteko eta erakusteko.

UEUtik Inguma+Artizarra parea elikatzen eta indartzen jarraituko dugu. Sartu, parte-hartu edota kuxkuxeatu. Aurkitu bilatzen ari zaren profesional hori, ezagutu jakintza-arlo batean euskaraz zer duzun eskuragarri edo lagun gaitzazu zure lan akademikoa eta zu ezagutzen. #ElkarEkin euskal produkzio akademikoa zainduko eta zabalduko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude