CHURCHILL: INPERIOA DA GAKOA

Pruden Gartzia

2023ko azaroa

Ali, Tariq, Winston Churchill : His Times, His Crimes, London: Verso, 2023, 432 or.

Ez dut ingelesezko liburu askorik irakurtzen baina, beti bezala gogoa alderrai dabilelarik, bat edo beste jausten da saskira. Hau, adibidez. Eta honek ere pentsakizun asko eragin dizkidanez gero, horietako batzuk zuei helerazi nahi dizuet. Oinarrizko galdera hauxe da: zer izan zen Churchill, funtsean, Hitlerren kontra kosta-ahala-kosta borrokatzera ingelesak adoretu zituen lider antifaxista, ala kurduak, basati atzeratu oro, errukirik gabe zapaltzea eta gas-bonbaz hiltzea agindu zuen politikari inperialista? Beti bezala, erantzuna bezain garrantzitsua da horrela erantzuteko egon diren arrazoiak aztertzea.

I

Winston Churchill (1874-1965) XX. mendeko irudi historiko nagusietako bat da. Politikari gisa aipatzen da beti, edo ia beti, baina ez da ahanztekoa Literaturako Nobel Saria irabazi zuela 1953an. Tira, esango du norbaitek, literato bikaina izango zen! Ez dakit-ba. Gogora dezagun, adibidez, Literatura Nobel saridun espainolak nortzuk izan ziren: José Echegaray (1904), Jacinto Benavente (1922), Juan Ramón Jiménez (1956), Vicente Aleixandre (1977) eta Camilo José Cela (1989). Horiek guztiak literato bikainak izan ote ziren, ala bestelako arrazoiengatik jaso zuten saria? Churchillen kasuan badirudi zalantza egiteko tarterik ere ez dagoela. Esango nuke horrek lehenengo zantzu bat eman beharko ligukeela ez soilik haren dohain literarioez, baita ere bere historiaz eta irudiaz osotasunean. Nor izan zen Churchill?

Tariq Alik ez du zalantza handirik: inperialista lotsagabe eta kriminal bat, kitto. Eta haren irudia liburu batean aztertzeko erabakia hartzerakoan, gehiago kezkatu du haren gainean Ingalaterran eta munduan azken hamarkadatan antolatu den revival gaitzpuztuak. Izan ere, hau irakurtzen diogu liburuaren hasieran, Margaret Tatcher (1925-2013) zorigaiztoko premier kontserbadore eskuin muturrekoa gobernura iritsi arte, franko ahaztuta zeukaten ingelesek, baina bereziki 1982an Falkland irletako gerrak eztanda egiten duenean, Bretainia Handiak patriotismo inperiozalearen berrindartze izugarri bat nozitu zuen: horren ondorioen artean omen dago Churchillen irudia erreskatatzea eta heroi nazional gisa zirkulazioan ipintzea. Inperio galduaren nostalgia poliki-poliki ingeles gizartean zabaldu zen, modu etengabe eta iraunkor batean, eta gaur arte. Churchillen kasuan azken urteotan, bereziki, prozesua muturreraino eraman da, besteak beste Boris Johnson lehen ministro ohiak bultzatuta eta lagunduta: urtero dozenaka biografia argitaratzen da, zein baino zein lausengatzaileagoa. Inperioaren nostalgia gaur egungo politika kontserbadore antisozialaren zerbitzura jarria, hori da, hotz eta motz esanda, Tariq Aliren iritzia, hortik Churchillen goramen jarraia.

Liburua oinarrizko tesi garbi baten gainean dago idatzia, beraz, eta tesi hori horrela adieraz daiteke: Churchillen garaiak Inperio britaniarraren garaiak dira, eta Churchillen krimenak inperio horrexen krimenak. Hots, biak gauza bera dira funtsean, Churchillen pentsamendua eta ekintza, beti-beti-beti, honela laburbildu edo interpretatu daitekeelako: inperioaren defentsa itsua, edozeren aurretik, edozeren kontra, edozein preziotan. Ondorioz, inperioren historia egitea da Churchillengana hurbiltzeko modurik praktikoena ezezik, baita ere egokiena.

Eta honez gero kontatu dizuet zertan den liburu hau: inperio britaniarraren historia bat grosso modo 1890tik 1960ra, baina bi data horiek modu orientatiboan hartuta. Beste modu batean ere kontatu daiteke: inperioaren apogeoa deskribatu ondoren (1900 inguruan gertatzen da hori), haren gainbehera geldoa baina sahiestezina eta, adi azken puntu honi, haren ordezkapena inperio amerikanoaren eskutik, bereziki 1945etik aurrera. Hain juxtu ere Churchillek modu gazi-gozo batean bizi izan zuen prozesua: batetik, inperio britaniarraren apologista gisa, gorroto zuen bihotz-bihotzetik inoren esku-hartzea bere esparruan, baina, bestetik, inperio amerikanoari lekukoa pasatzea zen, dudarik gabe, aukera bakarra britaniarrek nagusigo inperialari nola-hala eusteko, menpeko posizio batetik baldin bazen ere.

Liburu hau XX. mendeko inperialismoaren historia bat da, ingelesek jokatu zuten paperetik aztertuta.

Ondorioz, krimen izugarrien kontaketa zehatza da, inperialismoa kriminala delako.

Bereziki: Churchillen irudia zuritzeko eta heroi nazionala bihurtzeko egiten diren ahaleginak okaztagarriak dira, masa-kriminal bat izan zelako funtsean.

Hori da Tariq Aliren iritzia eta ni, zer esango dizuet, liburua irakurri ondoren nahikoa ados nago.

Winston Churchill 1941ean (Wikipedia)

II

Aurreko atala berrirakurri ondoren tentazioa izan dut iruzkina bere horretan uzteko. Izan ere, zer gehiago esan daiteke? Inperialista ingelesen krimenen laburpen bat? Hortxe duzue liburua, hortxe informatuko zarete zehatz-mehatz. Krimenen kontakizuna ez da irakurketa atsegina, baina Tariq-ek badaki ondo idazten, gauzak airoski eta zehazki kontatzen, gertakari historikoak eta balorazio pertsonal explizituak egoki konbinatzen. Hau historiako liburu estandar bat da zentzu askotan, saiakera polemiko moduan idatzia, eta liburu ona da, ororen buru.

Baina agian nire aldetik kondena moral kategorikoago bat falta da. Ez dakit, uste dut nahiko inplizitua dagoela idatzi ditudan lerroetan, ez dago iltzearen gainean mailu-kolpe gehiagorik jo beharrik, alde horretatik ez behintzat.

Dena den, bai komenigarri izan daiteke liburuaren azken kapituluari buruz (“What´s Past is Prologue: Churchill´s Legacies”, 395-417. or.) zerbait esatea berariaz. Alde askotatik liburuaren zatirik interesgarriena da: Churchillek 1960 aldean utzi zuen politika aktiboa, hots, Suezko kanalaren nazionalizazioaren ondoren (1956) Inperio britaniarrak, argi eta garbi eta itzulingururik gabe, Inperio amerikanoari pasatu zizkionean bere lurralde kolonial ohien gaineko ardura eta erantzukizuna. Hori da, apika, Inperio berriaren urrezko aroaren hasiera markatzen duen gertakaria.

Hasiera bai, baina amaiera? Zeren azken hamarkadan gero eta ozenagoak dira Inperio amerikanoaren gainbeheraz hitz egiten duten ahotsak: maldan behera ei doa, ageriki eta erremediorik gabe. Hilda ez badago ere, onenak egin du. Hori izaten da, gainera, gu bezalako jendearen artean sarritan errepikatzen den baieztapen horietako bat. Egia ote?

Bada, Tariq Alirentzat gezur osoa da, eta oker galanta gainera. Egia da termino politikoetan AEBk zailtasunak izan dituela azken aldian, bereziki Irak eta Afganistanen, baina termino ekonomikoetan bere nagusitasuna oraindik ere nabarmenki ukaezina da: Txinaren gorakada itzela benetakoa da, baina oraindik urrun-urrun dago Amerikaren boteretik. Ez naiz azalpen luzeagoetan korapilatuko, interesatuak hortxe dauka liburua, baina niri puntu bereziki garrantzitsua iruditzen zait, guk munduaren martxaz dugun irudi nagusia baieztapen axiomatiko honetatik ondorioztatzen delako neurri handi batean: Inperio amerikanoa gainbehera dator? Bai ala ez?

Bada, Tariq Alirentzat ez, argi eta garbi. Merezi du kapitulu hau arreta bereziz irakurtzea.

Eta Aliren bigarren ohar bat, baita ere kategorikoa eta interesgarria: une honetan Europako ezein estaturen independentzia nazionalaz hitz egitea zentzugabekeria da, guztiak daudelako, asko edo gutxi, AEBren menpe. Baita Bretainia Handia ere, Churchillen lotsa eta amorrurako. Eta, zer esanik ez, Alemania, Frantzia, Italia… Nire aldetik erantsiko nuke: Espainia bera kolonia mailatik oso gora ez dago gaur egun, espainol batzuk kontrakoa uste badute ere, eta euskaldunok egunen baten independentzia lortuko bagenu (Jainkoak detsala!) Espainiaren autonomia-mailara ere ez ginateke iritsiko, dudarik gabe. Zentzu horretan hemen egia gordinak esaten dituen bakarra EAJ da, gordinkeria horiek disimulatzen saiatzen bada beti ere, normala den bezala. Esango nuke, gainera, hemengo ezker abertzalea eta katalanista guztiz gehienak ere horretaz oso jabetuta daudela, normalki aipatzen ez badute ere (hori ere normala da).

Enfin, azken ohar bat amaitzeko: liburuaren meritu nagusia, nire ustetan, arazo historikoa mundu mailako terminotan aztertzea da. Horretan Ali eredugarria da: ez du ezer predikatzen, aitzitik, bere analisiak mundu osoa hartzen du bere baitan, Europa ezezik, Asia, Afrika, Amerika… baita Australia ere. Kontura gaitezen behingoz: Churchill bezalako irudi bat aztertzeko, XX. mendeko Historiaz ezer ganorazkoa esateko, mundu mailako perspektiba behar da, ez da nahiko Europaz edo Mendebaldeaz jardutea, han eta hemen excursus txikiak eginez. Ez, mundu mailako perspektiba. Hori da liburu honen meritu nagusia, nire ustetan.

Tariq Ali (Wikipedia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude