SORGINEN ALABAK GARA

Pruden Gartzia

2023ko iraila

Paul Arzak, Juainas, Sorginkeriarena gurean, Iruñea: Pamiela, 2022, 457.or.

Sorginen gaineko kontuek interes handia sortu dute euskal gizartean, baina soilik azken hirurogei bat urtean. Lehenago inork ez zien halakoei erreparatzen eta, arreta ematekotan, kontu horiek ezkutatzeko izango zen, lotsagarriak zirelako edozein lekutatik begiratuta ere. Baina 1960ko hamarkadan interes berri bat piztu zen, ziur aski hemen eta Mendebalde osoan. Ez da erraza interes pizte global hori esplikatzea, baina garbi dago hemen, Euskal Herrian, ezkerreko abertzaletasun berriaren sorrera eta indartzearekin batera gertatu zela, eta neurri baten haren ondorioz, gainera. Interes hori oraindik ez da gutxitu eta, azken aldean, beste mugimendu sozial indartsu batekin lotu da, feminismoarekin, hain zuzen ere. Juainas Paul Arzakek sorginen afera handi eta zabal horren eguneratze orokor bat egin nahi izan du liburu honetan, bilan bat, hitz zehatza erabiliz, eta bilan hori euskara ederrean eskaini digu Pamiela argitaletxean. Merezi du liburua irakurtzea eta haren gainean hausnarketa xume batzuk egitea.

I

Beharbada beste ezer baino gehiago komeni da buruan ederki iltzatzea gaia oso zabala dela eta alderdi askotatik heltzen ahal zaiola. Liburu honetan Arzakek gurean jarri du eta orotariko azalpen bat eman nahi izan du baina, asmoa laudagarria bada ere, esango nuke motz gelditu dela batzuetan, luzeegi beste batzuetan. Saiatuko naiz lehenengo eta behin ikuspegi orokor bat ematen, ondoren niretzat bereziki garrantzitsuak (edo, beste barik, deigarriak) diren kontu batzuei buruz beste zerbait esateko.

Bada oinarri-oinarrizko bereizketa bat, liburu osoa zeharkatzen duena eta aldi oro gogoan hartu behar dena: Arzakentzat bi gauza arras desberdin dira sorginkeria tradizionala eta batez ere XVI-XVII. mendeetan sortu zen sorginkeria mota berri bat, berak talde-sorginkeria deitzen duena eta ezaugarri berezi-berezi batzuk zituena, nagusiak hauek: sorginak gauaz landa jakin batzuetan (aker-larrea, eta ez akelarrea, da euskaraz protagonistek gehien erabiltzen zuten forma) biltzen ziren eta bertan aker batean haragituta egoten zen deabrua adoratzen zuten, hari ipurdian musu emanez, ondoren batzuetan meza beltza moduko zeremoniak eta beste batzuetan orgia tankerako larru-jotze kolektiboak egiten zirelarik. Eta hona Arzakek liburu osoan defenditzen duen tesi nagusia, liburuaren azken-azken lerroetan argi eta garbi azaldua:

Talde-sorginkeria, sorginkeria tradizionalen oinarrietan funtsaturiko asmakizuna izan zen, guztiz ez-egiazkoa, ezin gauzatuzkoa eta ezinezko bileretan existitzen ez diren izakietan eutsia.” (441. or.)

Bi lerro horietan laburbiltzen da liburu osoa, hori da ibilbide luzeari zentzua ematen dion zutabea, eraikin osoaren zimentarria. Baina horrela, argi eta garbi baieztatuta, amaieran baino ez duzu ikusiko. Aurrez, 440 orrialdetan zehar, mila eta bat kontsiderazio desberdin aurkituko dituzu gaiaren inguruan, albiste historikoak, dokumentuetatik zuzenean kopiatutako testigantza eta deskribapen zehatzak, juezen burutazio eta gogoetak, ikerketa historikoen emaitzak, digresioak, kontakizunak eta fenomenoa bere osoan edo zati batean esplikatu nahi duten teoria desberdinen aldeko eta kontrako argudioak, dena hari bakar bat segitzen duen kontaera aberats, oso aberats, baina nahasi xamar baten barruan, batzuetan errepikapenak saihestea ezinezkoa delarik. Oso interesgarria, hori bai, oso-oso interesgarria, eta euskara bikain batean azaldua, Arzakek maisuki darabilelako euskara eredugarri bat, batua jori bat nafar ukitu nabarmen batez goxatua. Baina geroago aztertuko ditugu liburuaren alderdi zehatz batzuk, orain juzku orokor bat ematen ari gara eta, hori, guztiz laudagarria da: liburu bikain baten aurrean gaude, hartzen den lekutik hartzen dela. Zer kritikatua ere baduen liburua, halaber.

Juainas Paul Arzak (ARGIA)

II

Liburuaren hari nagusia historikoa da, alegia, sorginkeriaren kontrako lehen epaiketetatik hasita (1525), tantaz-tanta eta mailaz-maila XVI. mendean zehar izandako kasuen azterketarekin segitu eta 1608-1614 arteko eztanda handiarekin gailurra jotzen duena. Ondoren, XVII. mendean zehar, poliki-poliki itzaltzen doan gaia lantzen da, XVIII. mendean jada de facto desagertutzat ematen delarik, nahiz eta egilearen analisia, izatez, ia-ia gaur egungo testigantzekin amaitzen den. Arzak historialaria da eta azterketa historikoa da bere lanabes nagusia, baina ez du beldurrik Antropologian, Teologian, Literaturan edo Artean barna txango laburrak egiteko. Hari nagusi hori sendoa begitantzen zait niri, baina gorago aurreratu dudan bezala, baditu bere ahulguneak, batez ere bi hauek: hasieran bi kapitulu ditu, eta amaieran beste bi, kontsiderazio orokorrez osatuak, hari nagusitik kanpo; ez dira liburuko onenak, aitzitik, nire ustez Arzak indartsu eta airos dabil azterketa historikoan barna, kasu zehatzen analisi historikoak eginez, baina makalago gaiaren inguruan filosofatzeari ekiten dionean. Izan ere, uzkur da bere iritzi propioa argi agertzeko, eta horrek etengabeko zehaztapen, xehetasun eta itzulinguruetan endredatzen du batzuetan, argudio nagusia izan behar zuenaren kaltetan.

Niri, pertsonalki, inpresioa ematen dit Arzakek baieztapen borobil asko, gehiegi, ikusi eta sufritu izan duela bizitzan zehar, dela garai bateko katolizismo gotorra, dela ondoko marxismo zurruna, dela haren ostetik etorri zen neokontserbadurismo dogmatikoa, eta ez duela bere burua inorekin ezkondu nahi, eta ondorioz beti jotzen du jatorrizko dokumentuak zuzenean azaltzera eta balorazio desberdinak agertaraztera, baina bere aldetik ildo garbi bat markatu gabe. Jarrera laudagarria, dudarik gabe, nik neuk ondo ulertu ezezik neurri handi batean konpartitzen dudana, baina horrek ondorio kaltegarriak ditu azalpenaren argitasunean: kontsiderazio asko, datu asko, batzuetan gehiegi, eta nahasmenduaren inpresio lauso bat, bereziki liburuaren hasierako eta bukaerako kapituluetan. Nik neuk eskertuko nion bere ideiak argi eta garbi plazaratzea liburuaren edo dena delako kapituluaren hasieran, eta ondoren haren alde (eta kontra) argudiatzea, baina ez da hori berak hautatu duen bidea. Soilik amaieran, esan dugun bezala, bustitzen da goitik behera, itzulingururik gabe.

Zeren sorginen kontu hori luzea eta askotarikoa denez gero, era askotako kontsiderazioak egin daitezke, eta egin izan dira, haren gainean. Hurrengo lerroetan horietako batzuk iruzkindu nahi nituzke.

Lehen puntua: sorginen kontrako pertsekuzioak borroka sozial eta politikoen ondorioak dira, edo bestelako faktore ideologiko batzuk eragindakoak? Erantzuna: ez da dudarik kasu askotan borroka sozialek eragin handia izan zutela prozesuetan, adibidez, Nafarroako Bortzirietan eta mugakide den Lapurdiko Xaretan eta inguruan 1608-1614 bitartean gertatu ziren auzietan Urtubia-Altzate jaunaren interesak, edo Urdazubiko monasterioarenak, eragin handi bat izan zutela, baina, galdetu daiteke Arzaken arrazoibideari segituz: horrek esplikatzen du dena? Ez, hori soilik esplikazioaren parte bat da, ez guztia.

Hortaz, beste arrazoi batzuk bilatu behar baditugu, feminismoak ematen ahal digu erantzuna: patriarkatua, hots, emakumearen kontrako zapalkuntza izan zen eragilea, edo eragile indartsu bat. Eta berriz ere Arzak: ados, ez da dudarik emakumearen kontrako zapalkuntza orokorra (patriarkatua) orduko gizartearen ezaugarri bat zela, baina, adibidez, Silvia Federici batek (Caliban eta sorgina, Jakin, 2017) ematen dituen argudioak ez datoz bat gure egoera espezifikoarekin, ez dirudi asko laguntzen digutenik. Eta, gainera, argi dago emakume gehiago dagoela auziperatua gizonezkoak baino, baina sorgintzat akusatutako gizonen proportzioa ez da inondik inora gutxiestekoa, gutxienez %20 bat izan daiteke eta leku batzuetan %50ekoa. Sorgintzat adineko emakume pobrea hartzea estereotipo bat da, neurri handi batean egiazkoa, baina erlatibizatu beharrekoa datu zehatzen argitan: beti egon dira sorgin gizonezkoak, eta ez gutxi.

Bon, hortaz jo dezagun balio seguru batera, Eliza Katolikoa eta haren beso poliziala zen Inkisiziora: fanatismo erlijiosoa da eragilea. Bada, horretan ere zalantzak eta zehaztapenak. Hasteko, funtsezkoa da argi izatea sorginkeria tradizionala eta talde-sorginkeria berriaren arteko bereizketa: lehena lehendik ere egon zen (betidanik, esan dezagun) eta nolabaiteko ezagutza sozial zabala zuen, normalki ez zuen arazo berezirik sortzen, une eta egoera puntualetan ez bada; talde-sorginkeria berria besterik da, hortik prozesu masiboak sortu ziren, ehunka edo milaka akusatuekin, batzuetan herri zehatz bateko biztanleen herena edo, are, erdia, izan zitekeen susmagarria. Eta horren aurrean hasiera-hasieratik hainbat juez oso eszeptikoak izan ziren, eta adi, eliz gizonak ziren eszeptiko horiek, batzuetan oso goi mailakoak: Salazar inkisidorea da horien ispilu eta erakusgarria baina haren irizkide zen, argi eta garbi, Iruñeko apezpikua (Antonio Venegas y Figueroa) eta, ez argi eta garbi, bai ziur aski, gure Bertrand Etxauz, Tourseko apezpikua, Axularren babeslea eta Frantziako erregeaen oso gertuko kontseilaria. Horiek izan ziren esan zutenak dena irudikeria hutsa zela, histeria kolektiboa edo ume txikien asmazio fantastikoa, eta komeni zela auziak largatzea eta barkazioan oinarritutako politika bati ekitea, herritarrak lasaitzeko. Garbi da, dena den, hasiera batean minorian egon zirela bestelako elementu fanatiko batzuen aldean (Lancre eta Logroñoko Inkisizioaren beste bi epaileak) baina 1614tik aurrera beren iritziak nagusitu ziren eta hortik aurrera talde-sorginkeriarena ez zen berriro indarrez agertu, mende bukaerarako guztiz desagertu arte. Sorginkeria tradizionalarekikoak, dena den, bere horretan segitu zuen, eta neurri baten sozialki toleratua bazen ere, horren gaineko zapalkuntza oso gogorra izan zitekeen batzuetan (gero ikusiko dugu kasu zehatz bat). Ez dezagun ahantz, dena den, datu seguruek esaten digutela juez zibilak, oro har, gogorragoak eta sinesberagoak zirela Inkisiziokoak baino (adibidez Frantziako erresuman, Gaztela edo Aragoikoaren aldean, edo Nafarroan bertan) edo gogorrenak, gupidagabeenak eta sinesberarenak tokiko botere eta herritarrak izan zirela: eta hor zenbait lintxamendu sumario aipa daitezke, herritar asaldatuek modurik gogorrenan gauzatuak sorgintzat akusatuak zirenen kontra, inolako epaiketarik gabe. Gure Nafarroan bertan hori guztia.

Baina ailegatu da galdetzeko ordua: akelarre delako horiek, benetan egiten ziren? Ikusi dugu Arzakek argi eta garbi dioela ezetz, baina hori liburuaren amaieran, liburuan zehar aldeko eta kontrako argudioak ematen ditu, garaian (XVI-XVII. m.) juezen artean gertatzen zen bezala. Gaur egun, gainera, batzuk argudiatu dute sorgintzat akusatutakoen haluzinazioak izan zitezkeela, landareren batetatik ateratako dena delako edaberen batek eragindakoak: luze aztertu ondoren, Arzakek ez dio sinesgarritasunik ematen. Baina izan zitekeen ere, esaten da, bertako biztanleen erromeria pagano moduko batzuk, ohituraz egiten zena antzinako erlijio baten hondarren iraupenak eraginda: hipotesi horrek beti izan du oihartzun berezi bat euskaldunen artean eta Arzak zuhurrago agertzen da hemen, baina euskal mitologia eta folkloreaz okupatu diren zenbait autore klasikoren azterketa luze baten ondorioz (Azkue, Barandiaran, Orixe) ezezkoan dagoela iruditzen zait, nahiz eta, garbi dago, sorginkeria tradizionalak barneratu dezakeen esparru hori guztia edo zati bat gutxienez; baina talde-sorginkeriaren kasuan badirudi ez dagoela hipotesi horren aldeko froga argirik, euskaldunoi oso erakargarria egiten bazaigu ere antzinako erlijio baten errito zaharren iraupenean sinistea.

Beraz, borroka eta interes sozialak, Eliza Katolikoaren asmo errepresiboak, antzinako erlijio baten iraupenak, patriarkatuak… eta laburtzearen amodiogatik aipatu ez ditugun beste hainbat faktore ere sartzen dira lapikoan, eta batzuetan oso erraza izan daiteke irabiagailua sartu eta ahi egoki bat ateratzea gaur egungo intesatuen mahai gainera, gatz eta piper pittin batekin prestatuta. Hori ebitatzea da, hain juxtu ere, Arzaken helburua: horretara datoz haren etengabeko zehaztapenak, beti kasu konkretuen analisian zurkaiztuak. Hori da liburuaren dohain nagusia, haren aberastasuna, baina baita ere haren ahulgune nabarmenena, haren askotarikotasuna eta, oro har, aldian-aldian tesi argi baten defentsa eza.

Liburuak baditu beste ahulgune batzuk ere: bibliografia eta erreferentziak, adibidez, oso modu nahasian ematen dira, testuan zehar eta modu asistematiko batean, guztia amaierako atal batean argi bildu beharrean. Eta zehaztasunaren aldeko borroka ia beti irabazten badu ere, batzuetan ez da garaile ateratzen, adibidez, nola da Iruñeko apezpikuaren izena? Batzuetan Venegas de Figueroa, beste batzuetan Figueroa, gero Vazquez de Figueroa… arazo txikia da, baina gogaikarria. Lurraldetasunari dagokionez, gurean dago izenburuan, baina gero gure hori ez da Euskal Herri osoa, baizik eta, ia beti, Nafarroa eta Lapurdi; bai, hortxe daude sorginkeriaren kasurik sonatuenak eta Arzakek Nafarroaren azterketa zehatz-zehatza egiten du, bereziki, baina gainetiko euskal lurraldeak ia aipatu gabe gelditzen dira (eta ez digu esaten zergatik) eta, beste batzuetan, Pirinioetako beste lurralde batzuk ere sartzen ditu (Aragoi, bereziki). Nik ez nioke inolako eragozpenik ikusiko kontu horri, baldin eta, sarreran edo nonbaiten, gaia espresuki azaldu izan baligu: liburua berez oso luzea da jada, eta gainera garbi dago sorginen arazoak batez ere Nafarroan eta Lapurdin izan zutela indarra.

Dena den, akats nagusia, nire irudiko, euskal onomastikan dago: esana eta goraipatua dut haren euskara naturala, aberatsa, fina, argia, zehatza… benetan atsegina irakurtzeko, baina euskarazko testugintzak oraindik konpontzeko dauka arazo handi bat: nola eman euskal testuetan orduko protagonisten izenak, iturrietan agertzen diren bezala eta kitto? Alegia, Maria de Zozaya eta aurrera? Edo Maria Zozaia, euskal tradizioak eta senak gaur egun ere agintzen duen bezala? Niri, adibidez, benetako begiko mina eman dit Urtubie jauna horrela idatzita ikustea sistematikoki: ez dago garbi Urtubia dela? Zertara dator frantses forman enpeinatzea? Hala ere, gustatuko litzaidake Historiaz idazten dugunok Arzaken naturaltasunaren eta aberastasunaren erdia erdietsiko bagenu, zuzentasunean hain fin eta saiatuta ibili barik ere. Baina gai zaila da, beste baterako utziko dut.

Francisco de Goyaren Aquelarre kuadroa (Wikipedia)

 

III

Iruzkina luze doa honez gero, baina idatzitakoa irakurriz konturatzen naiz oraindik ez dudala lortu liburuaren muinera ailegatzea. Eta Arzaken asmoaren muina, nire uste apalean, ez da azterketa historiko huts eta hotz bat egitea modakoa izan daitekeen gai baten inguruan, beste hau baizik: XVI-XVII. mendeetan, bereziki, gure herrikide batzuk jasan zuten biolentzia eta zapalketa anker eta bidegabea salatzea, xumeki salatu, espanturik gabe, baina hemen gertatu zena argi eta garbi agertuz, eta gero norberak aterako ditu bere ondorioak.

Esana dugu gainera biolentziaren jasale horien artean gizonak eta emakumeak egon zirela, baina egia da, halaber, emakumeek zapalketa berezi bat izan zutela, bereziki ankerra eta, esango nuke nik, bereziki bidegabea. Hori ukaezina da, nire ustez. Eta aipatu gabe geratu zaigu, liburuan zehar jasotzen diren beste hainbat gairen artean, torturarena. Tortura salatutako gehienei aplikatzen zitzaien, modu txit naturalean, eta gero ez da batere arraroa sorginak zirela aitortzea, edo hemendik hara egan eginez ibili zirela, aker-larrean deabruari ipurdian muxu eman ziotela, urlia, sandia eta berendia ere hantxe zirela beraiekin, larrua jotzen zutela deabruekin (inkubuak eta sukubuak, tokatzen zena), ekaitzak eragiten zituztela laboreak galtzeko, edo iturriak pozoindu, umeak bahitu, hildakoak lurpetik atera eta jan, eta beste mila eta bat zorakeria. Fantasia hutsak, baina orduan jende guztiz gehienak, berriz diot, orduko jende guztiz gehienak bete-betean sinisten zituenak. Areago, juezak, askotan, aurrez zeuden konbentzituta preso hartutako urlia edo sandia sorgina zela, beraz, haren aitortza besterik ez zen falta, eta aitortza hori lortzeko bidezkoa zen pertsona hori torturatzea egia aitortu arte. Arzakek sarritan jasotzen du torturaren erabileraren testigantzak, guztiz arrunta zen, ageriki eta inolako lotsarik gabe erabiltzen zen, orduko gizarteak guztiz normaltzat jotzen zuelako, besteak beste, baina jada ordurako juez batzuei zalantzak sortarazten zien, ez tortura erabiltzeak berak, baizik eta torturaren bidez lortutako aitortzak sinesteko modukoak izateari buruz: Salazarrek, adibidez, ez zituen sinisten.

Baina beste bat da orain jorratu nahi dudan gaia, alegia, orduko gizartearen gogortasuna eta, bereziki, adineko emakumeek jasan zezaketen zapalketa beren herrikideen eskutik, batzuetan inbidia, esames eta bestelako arazo txiki batzuetan oinarrituta: aski zen delako andre zahar, eta bereziki, alarguna, sorgintzat salatzea, eta harenak egin du, inork ez du defendituko. Bada liburuan ildo horretako testigantza bereziki lazgarri bat, 1560an Bidankozen (Erronkaribar) gertatutako kasu baten deskribapena (111-114. orrialdetan esplikatzen da). Eta zinez diotsut, irakurle, gertakari hori irakurrita bihotza ez bazaizu izoztuta gelditzen, zuk eta nik ez dugu zertaz hitz egin, eta hobe duzu liburu honi ere kasurik ez egitea. Laburpentxo bat egingo dut, aipu luze batekin amaituko dena.

1560an, Bidankozen, Graziana/Grazia Beltza izeneko emakume zahar bat sorgintzat salatua izan zen. Jaiotzez zaraitzuarra zen eta hirurogei bat urte zituen, baina badirudi aspaldi bizi zela Bidankozen, herriko okina eta tabernaria izana zen gainera, eta hamar urte lehenagotik alarguna zen. Kontua da lapurreta batzuk gertatu zirela herrian, Remon Torrea izeneko jaun bati maindire batzuk eta zazpi zapi desagertu zitzaizkion, eta lapurrak, nonbait, Maria Lopiz eta beste neska batzuk izan zirela. Baina Graziana omen zen lapurreten eragilea, hark jasotzen zituen zapiok, ezkutatu eta beste gauza batzuekin trukatu. Bada, Torreak Graziana salatu zuen, ez soilik lapurtzat, baita ere sorgintzat. Historia konplikatuagoa da, besteak beste Maria hori Torrearen iloba zelako, eta herriko apaizaren iloba txikia ere, eta lapurreta gertatu zenean apaiz horrek pulpitotik eskumikua aldarrikatua zuelako lapurreta horren egileen kontra, baina ez gaitezen xehetasunetan galdu: Graziana Beltza atxilotu zuten eta juezaren eta fiskalaren aginduz, gogorki torturatu. Bere hirurogei urtetan Grazianak eutsi egin zion, aitortu zuen lapurreta, baina sorgin izatea ukatu, kristauen otoitza den Sinisten dut errezatzen zuelarik torturatzen zuten bitartean. Ez zitzaion ezertarako balio izan, sorgintzat kondenatu zuten. Eta ondoren datorrena hain da latza, ezen nahiago dut Arzaken testua osorik kopiatu, aipua luzetxoa bada ere:

Zigor gisa, Iruñeko karriketan barrena eraman zituzten zamabere baten gainean, tronpeta soinuarekin eta delituak aldarrikatuz, eta ehun zigorrada ezarri zizkioten bakoitzari. Horrez gain, Mariak urte bat egin beharko zuen Erronkaritik kanpo; Graziak, berriz, beste bost urte Nafarroatik kanpo.

Oinaze emateen ondorioz beso bat hautsia zuela eta, hilabete eskatu zuen, zertxobait osatzeko. Egozteko agindua eman zutenean, ohartarazi zioten deserria hautsiz gero berrehun zigorkada jasoko zituela. Fiskalak dioenez, egun gutxiren buruan itzuli zen herrira, Bidankozera. Dokumentazio daten arabera, berriz, 1561. urteko udazkenean edo neguan itzuli zen. Aragoin egona zen, Antsoko haranean, non “como es muger ançiana y esta baldada por el tormento que paso que no se puede baler de su persona y con la fama que tiene la suplicante ques bruxa nadi a querido a coger en su casa y […] andaba muy perdida y muerta de ambre y de frio”. Hala, behintzat, bueltatu zenean, Erronkaribarko almiranteak [alkateak] atxilo hartu eta Iruñera eraman zuen.

Ondorioz,

Vistas las sentencias en la causa declaradas y la confesión de la dicha Graciana Velça se condena la dicha Graciana en pena de su delito en diez años de destierro de todo este Reyno y nolo quebrante sopena de cien açotes y salga a cumplir el dicho destierro dentro de diez dias”. 1561eko abenduaren 5a zen. “En el mismo Instante por mi el dicho escribano fue leyda […] a la dicha Gracia Belça e nella nombrada dandole a entender en bascuence la qual desque oydo y conprendido i dixo que la loaba”. (113-114. or.)

Sorgin izateaz akusatua den bat torturatzen 1577an (Wikipedia)

IV

Erre ez zenituzten sorginen alabak gara. Hori da, hain zuzen ere, zenbait neska gazte feministaren aldarrikapenetan entzun edo irakurri izan dugun aldarria. Eta zer esango dizut, irakurle, niri Arzaken testigantza irakurtzeak gogoa izoztuta uzten didan bezala, ia-ia negarrez hasteraino, neska gazte horien adoreak eta kemenak berpizten nau, eta gure bihotzeko Euskal Herri honetan oraindik ere poza eta esperantza izateko arrazoirik badugula iruditzen zait.

Eta gora zuek, neskak, ozenki oihu egiteko gogoa etortzen zait, gero gauzatzen ez dudana franko lotsatia naizelako horrelakoetan, eta gaizki ulertua izatearen beldurrez.

Izan ere, ehunka Graziana Beltza izan ziren Euskal Herrian aurreko mendeetan, milaka eta milaka Europan, patriarkatuak, absolutismoak, Elizak, fanatismoak finean, gogorki zapalduak, torturatuak, hilaraziak. Gertakari horien sustraia ez da kausa bakar batez errazki esplikatzen den horietakoa, oso konplexua da, eta funtsean soziala bada ere, nire ustez gizonaren eta emakumearen zolaraino ailegatzen da azken analisian: mairua, judua, inmigrantea, emakumea, finean pobrea eta desberdina den ororen kontrako gorrotoa, beldurra eragiten duen gorrotoa, ikaragarrizko agresibitatez deskateatzen dena batzuetan. Gertakari soziala da, azken mendean Europan bereziki juduen kontra bideratu zena (nazien holokausto aurreko pogrometan, adibidez) baina lehenago ere mendez mende biktimak eragin dituena han eta hemen: XVI-XVII. mendeetan sorginak izan ziren jasale nagusia gure Euskal Herrian, eta ez da zilegi kanpoko botereei (Frantziako edo Gaztelako erregeak), Eliza Katolikoari edo zernahi botere arrotzi kulpa guztia esleitzea. Ez. Bertako juezak, bertako herritarrak izan ziren sarritan fanatikoenak, gupidagabeenak.

Horregatik, sorginen alabak gara aldarrikatzen duten neska kementsuei, zorionak eta eskerrak emateaz gain, eskatuko nieke denbora apur bat hartzeko Juainas Paul Arzaken liburu hau irakurtzen. Ez dezaten pentsa, gero, guztia kanpoko botere baten erru hutsa izan zela, dela patriarkatua, dela estatua, dela Eliza. Bai, haien errua da parte handi-handi batez, baina gauzak konplikatuagoak izan ziren, orduko gizartea, orduko jende arruntak, sorgintzat salatuen herrikideak, zapalketa eta bidegabekeriaren eragile eta gauzatzaile beldurgarriak izan ziren oso sarri. Gauzak beti dira uste duguna baino konplikatuagoak.

Iruzkinak (2)

  • Xabier Kerexeta Erro (@KalegoiXabier) says:

    bi hilabeteren buruan bada ere, azkenean irakurria! Eta liburua bukatu gabe esaten duzunarekin guztiz ados: arras interesgarria baina azalpenetan nahasi samarra, liburuaren bertute gorena akats larriena ere bada. Eta Urtubie? Zer dela eta?
    Horretaz aparte, talde-sorginkariarena ere ez zait erabat garbi geratzen; esan nahi baitut, “gure” fenomeno garai eta testuinguru baten emaitza soila ote den, “ohiko sorginkeriaren” historiaren baitan: Pallarsen, Aneu bailarako ordenantzetan (1425ean, Europan legedi batean sorginkeria zigortzeko lehen aldiz jasota, ez epaiketak, baizik eta zuzenean artikulatutako legeetan) zigortzen da “Boc de Biterna” (akelarre deituko genukeen toponimo modukoa) delakora joaten ziren gizon eta emakumeak (biak berariaz aipatuta). Ribagorçako Les Paüls herriko kasua Zugarramurdikoa baino larriagoa izan zen, kolektiboa hura ere, eta lehenagokoa https://blocs.mesvilaweb.cat/medard/dinou-de-febrer-de-1593-el-525e-aniversari-del-proces-de-les-pauls/ Federiciren lana oso interesgarria da, baina ez du dena esplikatzen: Pirinioetako sorginkeria ezin delako lotu inolako protokapitalismoarekin. Tira, oraindik badago zer aztertua gaiari buruz. En fin, iruzkin eder askoa, ohi duzun bezala. Mila esker

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude