NAFARROA: ERRESUMA ZAHARRA ALA LANGILERIA BERRIA?

Pruden Gartzia

2023ko abuztua

Perez Ibarrola, Nerea, Langileria berri baten eraketa: Iruñerria 1956-1976, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2017, 479 or.

Aspaldi neukan liburu hau apartatuta, irakurri beharrekoen multzoan, baina asko kostatu zait asmo hori betetzea. Hasi, duela hilabete batzuk hasi nintzen, Imanol Satrustegiren Beste mundu bat nahi genuen : Nafarroako ezker iraultzailea, 1970-1979 (Nafarroako Gobernua, 2022) ederraren irakurketaren ostean, baina berehala utzi nuen: hura oso erraz irakurtzen den bitartean, honek askoz ere arreta eta kemen handiagoa eskatzen du. Azkenean, oporretan berrekin nion eta atzo amaitu nuen. Gaur Chopinen disko bat entzungailuan jarri eta lerro hauek idazteari ekin diot. Agian egun batzuk kostatuko zait amaitzea baina, edonola ere, azpian duzue emaitza.

I

Egilea, Nerea Perez Ibarrola, Iruñeko euskaldun bat da, tesia euskaraz egin nahi izan duena Emilio Majuelo historialari euskaldun ezagunarekin, eta pentsatzekoa da gaia oso hurbil sentitzen duelako hautatu zuela, alegia, hurbil sentitzen duelako Iruñeko langileria, eta hurbil sentitzen duelako euskara, bi baldintza aski desberdin izan arren beraren baitan biek bat egiten dutelako, nolabait, hori delako arruntena tesi bat egitean, areago euskaraz egiteko hautu latza eginez gero. Liburu hau tesi hori bera da, itxura guztien arabera, edo gutxi moldatutako bertsio bat, testua oso luzea delako ezeren laburpen edo bertsioa dela pentsatzeko, eta horrek sakon markatzen du irakurketa, ezaguna denez tesiak, guztiak, lan akademiko luze eta astunak izaten direlako, salbuespenak salbuespen. Baina hau ez da salbuespena, tesi tipikoa baizik, nahiz eta bereziki ondo idatzita egon hitzaren adiera zehatzenean, hots, testu gisa oso ona da, ikaragarri zainduta dago eta ia-ia ez du akatsik, badirudi argitaratzeko orduan egileak ahalegin berezi bat egin duela zinezko liburu bat sortzeko, ez lan akademiko huts bat (horiek beti zabarragoak dira, nahitaez).

Dena den, gero itzuliko testuaren kritikara, orain beste puntu bat azpimarratzea interesatzen zait, euskararena hain zuzen ere. Ez da debaldekoa esatea niretzat lan hau irakurtzeko arrazoi nagusia (ez bakarra, bistan da) euskaraz egotearena dela. Historiako tesi bat euskaraz! Bai, dagoeneko ez da rara avis bat, azken urteotan 50 bat tesi egiten dira urtero euskaraz, nahiz eta horietatik gutxi izaten diren Historiaz, baina hau niri bereziki interesatzen zaidan gai bati buruzkoa da, hots, Nafarroako Historia XX. mendean. Eta euskara bikainean dago idatzia. Ez dut esan euskara zuzenean, euskara bikainean baizik, oso azpimarragarria baita testuaren zuzentasun gramatikalaren gainetik hizkuntzaren aberastasuna eta zehaztasuna, batzuetan apur bat puristegia ere dena. Irakurri ahala pentsatzen egon naiz liburuak zuzentzaile bat izango zuela (arrunta eta beharrezkoa da hori edozein argitaletxe seriotan) eta, apika, hari zor zaizkiola aukera lexiko batzuk, baina garbi dago, baita ere, zuzentzaile batek testu on bat txukundu dezakeen bezala, testu kaxkar batekin ez duela miraririk egingo, ez euskaraz, ez gaztelaniaz edo beste ezein hizkuntzatan, Historiako liburuak gaztelaniaz irakurtzeko ohitura daukan edozeinek erraz atzeman dezakeen bezala. Bada, euskaraz berdin, prakak politak eta egokiak badira, barrenak hartzea azken ukitu edergarria izan daiteke, baina prakak gaizki josita badaude, edo itsusiak badira, horrek ez ditu ezer askorik hobetuko.

Eta horrela iritsi gara iruzkin honen gako nagusira, nire buruan durundi eginez sentitu dudana etengabe liburua irakurtzen nuen bitartean: nola da posible euskaraz egotea, euskara ederrean, eta aldi berean euskarari ia-ia inolako erreferentziarik ez egitea? Modu bereziki polemikokan esango dut, nire galdera argitu alde: batzuetan inpresioa izan dut Nafarroako historia barik, Murtziakoa zela liburu honetan jasotzen zena, erresuma zaharrari buruz ez baitago ia-ia erreferentziarik.

Ez dut balantze xehe bat egiteko asmorik, baina hauxe izan daiteke hurbilpen orokor bat: Nafarroako nortasunari edo historiari dagokionez, foruei edo foru-auziei buruzko bizpahiru erreferentzia solte han eta hemen, eta euskara edo euskal kulturari buruz, hiruzpalau orrialde 7. kapituluan, “Iruñerriko langileen kultura politikoak” izenburua duen horretan (zehazki, 374-377. or.), inongo garapenik edo loturarik ez dutenak liburuaren beste inongo ataletan. Eta hain gutxi da, eta hain arrotz zaio kontakizunari, ezen pentsatzera iritsi naiz norbaitek iradoki edo aginduta txertatu duela hor, zer edo zer ipintzeagatik, baina adabaki baten itxura osoa dute, ez baitago liburuan zehar beste erreferentziarik inon. Hauxe da gaia bideratzeko darabilen baieztapena:

Euskaltzaletasunak eta nazionalismoak, oro har, presentzia txikia izan zuen 60ko hamarkadan zehar eta 70ekoaren hasieran Iruñerriko langileen erreferentziazko esparruetan. Hainbat saretan azaltzen ziren, besteak beste dantza-taldeak zituzten edo ekitaldi folklorikoak antolatzen zituzten peñetan, mendi-taldeetan, Iruñeko JOCen amaierako bideak ekarri zuen krisian edota Nafarroako CCOOn presentzia txikia zuen ETAren Langile Frontean, baina, nolabait, artean bigarren maila batean zeuden. Auzi nazionala eta euskal masa-mugimendua aurrerago sartuko ziren Iruñerriko ezkerraren panorama soziopolitikoan, trantsizioaren garaian, LABen sorrerak eta HBk 1979ko hauteskundeetan lortu zituen emaitza arrakastatsuek adierazten dutenez.” (374. or.)

Berriro esango dut: liburuaren testuak 454 orrialde hartzen ditu eta, horietatik, lautan baino ez da berariaz eta modu jarraitu batean aipatzen Nafarroaren nortasunarekin lotutako konturik, eta horietan ere kontakizunetik kanpo nolabait, garbi esaten baita auzi nazionalak 1976ra arte ez zuela ia-ia inolako pisurik izan Iruñerriko gizartean.

Areago, testuan zehar etengabeko erreferentziak daude Espainiako Partidu Komunistari (PCE) behin eta berriro azpimarratzen den arren Nafarroan duen presentzia ezdeusa garai honetan zehar, hori delarik, hain zuzen ere, Nafarroaren berezitasunaren arrazoi nagusietako bat. Nafarroa berezia eta desberdina baitzen Espainiaren eretzean… komunista gutxi zegoelako?

Itzul gaitezen nire galdera erradikalera: Nafarroan Murtzian bezala, beraz? Baina Nafarroa ez da Murtzia, biak erresuma zaharrak diren arren. Zeren Murtzia Ertaroan izan zen erresuma bat, hortik aurrera Espainian urtu zen aparteko arazorik gabe. Nafarroak, ordea, erresuma zaharra izaten segitu izan du gaur arte, bere nortasun propioari eutsiz, eta gaur egun ere, ezker eta eskuin, abertzale zein sozialista edo UPNkide, edozeinek daki ezin dela beste barik Murtziarekin berdindu. Zergatik, bada, Nerea Perez Ibarrolak ez du berezitasun hori azaltzen inon?

Nerea Perez Ibarrola (Berria)

II

Liburua doktorego tesi bat da, tesi tipiko bat, gorago esan dudan bezala. Alegia, gai bat aukeratuta, azterketa luze eta zehatz baten ondoren tesi bat, hots, ideia nagusi bat, frogatu nahi du. Bada, kasu honetan bikain betetzen du helburu hori. Eta zein da delako ideia nagusi hori? Bada, Iruñerrian, bi hamarkadatan (1956-1976) langileria berri bat sortzen dela, eta langileria hori klase sozial baten moduan egituratzen dela, klaseak analisi marxistetan ulertzen diren bezala, alegia, ez soilik produkzio-bideen eretzean, baizik eta bere buruaren kontzientzia soziala duen talde autonomo baten gisan.

Liburuak zortzi kapitulu ditu, bakoitza alderdi bat aztertzera bideratua. Ez ditugu laburbilduko, bi arrazoirengatik: batetik, liburua oso luzea delako eta ganorazko laburpen bat egiteak espazio gehiegi hartuko lukeelako eta, bestetik, nire uste apalean liburua errefusaezina delako, aurreko paragrafoan jasotako terminoetan kontsideratuta behintzat. Alegia, liburu borobil baten aurrean gaude: argi esaten du zer frogatu nahi duen, xeheki aztertzen du gaia eta ondorioak ukaezinak dira. Oso ondo idatzita dago gainera, hizkuntza argi eta aberats batean, iturriak eta argudioak garbi azalduz, erredakzioaren zuzentasuna oso aipagarria delarik. Nik neuk, izatekotan, akats bakarra aurkitzen diot: mila eta bat kontu xehe xeheki kontatzen ditu, barka errepikapena. Beste modu batean esanda, ez da konformatzen esateaz langileen arazoak hau eta hau ziren, iturri honetan eta horretan jasotzen den bezala, baizik eta kasu bakoitzean azalpen argiak ematen ditu, modu oso didaktiko eta ulergarrian. Arrunki ez dira azalpen luzeak (batzuetan bai), baina hainbeste kontu xehe aipatzen du, hainbesteko xehetasunez, ezen irakurketa nahikoa astun bilakatzen baita, testua berez ondo erredaktatua dagoenez gero erraz irakurtzen den arren. Baina hainbeste xehetasun… aspergarri egiten da, batez ere lehen lau kapituluetan, oso deskriptiboak guztiak. Hortik aurrera testua apur bat narratiboagoa bihurtzen da eta, poliki-poliki, erritmoa hartzen du, baina beti xehetasunez zamatuta. Azken kapituluan, garaiko greba nagusiak kontatzen dituena, arinena da irakurtzeko, interesgarriena apika irakurle arruntarentzat, baina horretan ere esango nuke gehiegizko xehetasunetan sartzen dela. Ondorioetan ere, nik neuk zerbait zuzenagoa eta sintetikoagoa eskertuko nukeen.

Baina, berriz diot, hau tesi tipikoa da, eta tesiak horrelakoak dira: doktoregaiak epaimahai baten aurrean frogatu behar du gaia sakon aztertu duela eta bere ondorioak ondo oinarrituta daudela. Xeheki frogatu behar du. Eta hori da liburu honetan Nerea Perez Ibarrolak egiten duena, bikain gainera.

Bazeukan beste aukerarik? Nire ustez bai, nire ustez xehetasun guztiak tesirako utzita, liburu formatua ematean sano moztu behar zituen azalpenak eta, beldurrik gabe, baieztapen borobiletara jo. Eta zalantzak dituenak mota orotako argudioak aurkituko ditu jatorrizko tesian. Baina ez da hori izan hartu duen bidea, edo hala uste dut nik behintzat.

Eta oinarrizko argibide horiek eman ondoren, ohar kritiko batzuei ekingo diet.

Hiruzpalau ezaugarri dira aipagarrienak, nire ustetan. Ibarrolak behin eta berriro azpimarratzen ditu marko orokor aberatsago baten barruan, baina nik sinplifikatu egingo ditut haren argudioak eta nire interesekoa bakarrik azpimarratuko. Batetik, 1956tik aurrera (data bat jartzeagatik) Nafarroan boom industrial bat gertatzen da, batez ere Iruñerrian. Boom hori ez da soilik Iruñerrikoa, baina bereziki indartsua da hor eta berak hori baino ez du ikertuko. Industria berriak sortzen dira, asko, eta batzuk oso handiak, eta langileak samaldaka datoz Iruñerrira bizitza berri bati ekiteko prest. Langile horiek ezaugarri amankomun batzuk dituzte: gehienak landa eremuetatik datoz, hots, nekazariak dira, eta kualifikazio profesionala oso baxua dute, baina enpresa berri gehienetan produkzio-sistema fordista ezartzen denez gero (funtsean, katean lan egitea, horrek dakarren guztiarekin), bada peoi gisa hasten dira lanean. Laster mila eta bat arazo sortzen zaizkie: batetik, lan berrietara ohitu eta lan eta soldata hobeak eskuratzeko nolabaiteko formazio profesionala jaso beharra; bestetik, etxebizitza bat aurkitu beharra, askotan zero-zerotik hasita. Nafarroako agintariek bideak jartzen saiatzen dira masa laboral hori guztia nolabait integratzeko, baina arazoak egundokoak dira: etxeak egin behar dira, auzoak, herri berriak ia-ia… egundoko arazo urbanistikoen artean. Eskolak egin behar dira ere, etorri berrien umeentzat eta, baita ere, haietako gazteenentzat ere, nolabaiteko espezializazioa erdiesteko. Langile berriek modu adoretsu batean erantzuten dute eta, poliki-poliki, beren buruaren kontzientza hartzen doaz, eskolan, auzoan, aisialdiko talde berrietan eta, bereziki, zinez bereziki, fabriketan, borroka sindikaletan. Liburua kontzientza-hartze horren deskribapen zehatza da. Beraz, hasieran jende etorri berrien samalda batzuk ditugu, amaieran bere buruaren kontzientzia duen langile klase bat, benetako klase bat. Horra liburuaren laburpen praktiko bat.

Prozesu hori, garbi dago, berdintsu gertatzen da, garai berean, Madrilen, Bartzelonan, Bilbon… baina, hau da autorearen puntu nagusi bat, Nafarroan desberdina da. Zergatik? Bada, Nafarroara Espainiatik milaka etorkin datozen arren (Andaluzia eta Extremaduratik, bereziki) bertako jendea beti delako nagusi, hots, bi motako jendea: Nafarroako herrixketatik Iruñerrira lanera doazen nekazariak eta Iruñerriko industria tradizionaleko langileen seme-alabak, zeren industria tradizional hori (tailer tradizonalak, motz esanda) berregituraketa handi baten ondorioz praktikan desagertu egiten da, fabrika berri fordisten mesedetan. Baina etorkin berri horiek, ia-ia guztiek, mundu-ikuskera oso antzekoa partekatzen dute, guztiz gehienak nekazariak izanak baitira, mundu erruralekoak.

Faktore demografiko horri hiru faktore sozial gehietzen dizkie: batetik, Eliza Katolikoaren pisu sozial ikaragarria, Madrilen, Bartzelonan edo Bilbon duena baino askoz ere handiagoa; bestetik, karlismoaren pisu soziala, Nafarroan oso berezia eta desberdina, baina dekadentzian dagoen mugimendua da, guztiz ezgai egoera sozial berrira egokitzeko; eta hirugarrenik, partidu komunistaren indar motela, betidanik motela Nafarroan, baina bereziki motela 60etan, hainbat atxiloketan ondorioz. Alegia, Eliza bereziki indartsu bat, Espainiako oposizio-indar hegemonikoaren hutsunea (komunistak) eta indar politiko eta sozial hegemoniko zaharraren dekadentzia (karlistak).

Faktoren horien guztien konbinazioa da langileria berezi bat, prozesuaren hasieran Elizaren magalean sortzen dena (Vatikano II.aren garaian aldaketa prozesu bortitzean dagoena), baina 68ko abagadunean kristautasunetik ezker muturreko mugimenduetara jotzen duena epe oso laburrean, hots, talde maoista eta trostkistetara (bereziki lehenengoetara). Gorago esan dudan bezala, kontakizunaren une zehatz batean Ibarrolak euskaltzaletasuna (nazio-auzia) aipatzen badu ere, funtsean da haren eragina ukatzeko. Hori da koadro orokorra 1976ko bueltan.

Bistan da azalpen guztia goitik behera espainola dela. Alegia, erreferentzia inplizitu bezala Madril edo Bartzelona hartuta (edo Bilbo, baina gutxiago hori), ereduan aipatzen diren faktore eragileen azterketa xehea egiten da (etorkinak, urbanismoa, aisialdi-taldeak, kristauak, komunistak…), Espainiako beste edozein lekutan bezala, eta deskribapenaren harira Espainiako eredu nagusiarekiko aldeak markatzen dira (kristauak bereziki indartsuak, komunistarik ez, etorkinen pisu handia baina, aldi berean, mugatua), baina hortik kanpo ez dago ahaleginik Nafarroako berezko eredu bat egon ote daitekeen ikertzeko: karlistak, besterik gabe, ezgai direla dekretatzen da eta azalpenetatik oso bazterrean geratzen dira (aisialdi-taldeen atalean arreta pittin bat ematen zaie, baina hortik kanpo gutxi); abertzaleak ez dira existitzen ia-ia (79an mirakuluski agertzen diren arte, ezerezetik sortuak nonbait). Eta hori da guztia.

Azterketa okerra da? Aurrez bideratua? Ez, sinplekeria bat litzateke hori esatea. Bai, ordea, esan daiteke eredu historiografiko garbi baten egokitzapena dela. Eredu horren jatorria sozialismo ingeles erradikalean dago, zehazki E.P. Thompson (1924-1993) historialari ospetsuaren lanetan, eta dirudienez (gaia oso azaletik baino ez dut ezagutzen) haren tresna kontzeptualak erabilita azterketa arrakastatsuak egin dira Espainian (Domenech, Perez, Babiano, esango nuke horiek direla eredu horren kristalizazio hurbilenak, lan honetan pisu berezia izan dutenak). Bada, Ibarrolak eredu hori Nafarroari aplikatu dio eta emaitza, berriz diot, oso ona da, zinez ona. Baina ez da, nire uste apalean, guztiz asegarria.

Hauek dira niri zalantzak sortzen dizkidaten puntuak: batetik, behin eta berriro azpimarratzen da etorkin espainolak, Iruñerrian, beti minoria bat izan zirela (langile berri gehienak nafarrak ziren, Iruñekoak bertakoak edo Nafarroako herrietatik etorriak) baina gero azalpen guztietan argudiatzen da guztiz gehienak andaluzak edo extremeñoak balira bezala. Hau da, Madrilen, Bartzelonan edo Bilbon bezala. Ibarrola bera da demografia diferentzial horretan indarra egiten duena, baina gero ez dio inolako ondorio interpretatiborik segitzen. Nire ustez kontraesan kontzeptual baten aurrean gaude, argiki. Gainera, ez ote du horrek zerikusirik izango militante kristauen prozesuaren hasierako hegemoniarekin ezezik, 1976tik aurrera gertatzen denarekin?

Beste horrenbeste esan daiteke karlisten eta abertzaleen ausentziaz: pentsa daiteke eredu espainolean ez egoteak eragiten duela, zeharka, Ibarrolak sektore horiei behar besteko arretarik ez eskaintzea. Edo ez, beharbada ausentzia hori erabat justifikatuta dago: iturrietan ez da haien arrastorik aurkitzen (edo oso gutxi, eta soilik aisialdi-taldeen inguruan: mendi eta dantza-taldeak, kirol taldeak, peñak…) eta, ondorioz, ez zuten protagonismorik izan. Zentzuzko azalpen bat da, baina, honetan ere, ni apur bat mesfidati gelditzen naiz.

Bukatzeko, komunisteei eskaintzen zaien arreta, nire uste apalean, gehiegizkoa da, hori argi eta garbi eredu espainolak de facto inposatutako zerbait da, ez zegoen horrelako azalpen xehetan sartu beharrik Nafarroako egoera esplikatzeko.

Ondorioz, esaten dudanean batzuetan ez nekiela liburua zertaz ari zen, Nafarroaz edo Murtziaz, agian beste hau esan beharko nukeen, zehatzago azalduz nire eragozpena: liburu honetan eredu historiografiko baten aplikazioa egiten da; eredu hori Espainiarako dago pentsatua eta azterketak desberdintasun handiak azaleratzen ditu ereduarekiko, baina desberdintasun guztiak markoaren barruan daude beti, markotik kanpo dagoena (karlistak eta abertzaleak) ia ez baita agertzen.

Ohar guztiak bilduz, beste modu batean galdetuko dut orain: autoreak hautu historiografiko egoki bat egin zuen ala, beste barik, eredu hori ez dela egokia pentsatu behar dugu? Kasu horretan, gainera, akatsa ez litzateke berea izango, tesiaren zuzendariarena baizik (ez ahantz doktorego-tesi bati buruz ari garela). Ezaguna denez, zuzendaria Emilio Majuelo da, Euskal Herri osoan, baina Nafarroan bereziki, ongi irabazitako ospe handia duen historialaria, zinezko autoritate bat.

Emilio Majuelo (Txalaparta)

III

Irakurle bipila konturatuta dago, honez gero, doktorego-tesi bat iruzkintzetik eredu historiografiko bat auzitan jartzera pasatu naizela, ia-ia konturatu gabe. Horretara dator erresuma zaharra aipatzea eta langileria berriari kontrajartzea. Thompsonek, bereziki bere The Making of the English Working Class-en (1963), baina baita ondoren etorri ziren beste hainbat lanetan ere, langileriaren azterketarako eredu (metodologia, nahiago bada) berri bat sortu zuen, gaia tratatzeko modu eta ikuspuntu berri bat. Horren segitzaile eta zordun dira, gero, Espainiako eta Euskal Herriko historialari asko, bereziki marxismoaren barruan edo haren tresneria kontzeptualaren inguruan kokatu direnak. Aipatu ditugu izen batzuk gorago eta ez ditugu errepikatuko. Bai, ordea, azpimarratu nahi nuke nire galdera ez zaiola, soilik eta bereziki, Ibarrolari zuzentzen, ezta Majuelori ere, Thompsoni berari baizik, eta honela formulatuko nukeela: langileriaren kontzeptualizazio horrek balio digu gure gizartearen Historia ulertzeko? Bai ala ez? Baiezkoan, noraino? Eta orain bai Ibarrolari eta Majuelori: balio digu XX. mendeko Historia ulertzeko erresuma zaharrean? Horra auzia.

Baina historiografian murgilduta, Thompsonek, Domenechek edo Majuelok arrazoi duten ala ez eztabaidatzen hasita, edo zertan bai eta zertan ez, eta abar, apika, ez gara inora iritsiko. Beharbada argi gehiago izango dugu norberak bere esperientzia kontatuta eta, barkatuko didazue, ni neu neurea esatera noa, argi zerbait egingo duelakoan.

Tesi hau irakurrita ni neu etengabe gogoratu naiz nire haurtzaroaz. Ni Oñatin (Gipuzkoa) jaio nintzen, eta han bizi izan nintzen unibertsitatera ikastera alde egin nuen arte. Eta gaur egun Oñati oso herri euskalduna da, nahikoa da kaleetatik paseatzea edozein egunetan, edo inkesta soziologikoak begiratzea, ikusteko euskara oraindik hizkuntza nagusia ez bada ere (erran nahi bada, argi eta garbi nagusi), nahiko hurbil dagoela, masiboki erabilia baita ume eta gazteen artean. Bada, ni mutiko eta gazte nintzenean ez zen horrela, orduan inork ez zuen euskaraz hitz egiten kalean, inork ere ez, benetan. Bon, bazen salbuespen bat, los casheros, horiek bai, horiek egiten zuten euskaraz, baina batez ere erdaraz ez zekitelako edo asko kostatzen zitzaielako egitea. Errepara, gainera, los casheros esan dudala, eta ez las casheras, bigarren horiek berehala ikasten zutelako erdaraz, edo bestela isilik egoten zirelako. Bai, neska gazteei bereziki egundoko lotsa ematen zien euskaraz hitz egitea, benetako estigma bat zen orduan; mutilei askoz ere gutxiago, baina talde itxi bezala funtzionatzen zuten, gutxi nahasten ziren kaletarrekin, eta kaletarrek ez genuen euskaraz egiten kalean. Etxean bai, ordea, nik neuk nire amarekin beti egin izan dut euskaraz (batez ere berak, hainbat urtez), baina beti etxe barruko hizkuntza zen. Urte batzuk behar izan nituen hizkuntzaren kontzientzia hartu eta amari berriz ere euskaraz erantzuten hasteko, hasieran oso nekez; gehiago oraindik lagunekin euskaraz egiten hasteko (hots, hizkuntzaz aldatzeko). Esango nuke nire adineko asko eta askoren esperientzia oso antzekoa dela, funtsean. Zein zen, beraz, euskararen erabilera kalean Oñatin 1976 aldean? Bada, zentzu batean Iruñean edo Gasteizen gaur egun dagoena bezalakoa: soilik talde jakin eta trinko batzuetako kideek egiten dute, beraien artean ia beti, eta hortik kanpo ez: Oñatin orduan los casheros ziren, gaur egun Gasteizen los vasquitos, edo los abertzales. Hori zen egoera.

Noiz hasi zen hori aldatzen? Bada, Oñatin, ziur aski, hamarkada bat geroago, 1986-1990 bitartean. Bapatean euskaldun mordu bat azaleratu zen kalean, oso denbora gutxian, eta hazkunde argi bat nozitu zuten gutxienez beste hogei urtean zehar. Hurrengo hamabost urtean, gaur egun arte, esango nuke egoera estabilizatuta dagoela.

Baina zergatik ekartzen ditut kontu hauek hizpidera? Bada, honegatik: pertsona bat 1956-1976 artean Oñatin bizi izan bazen, bertako bizitza sozialean normaltasunez parte hartu, jakingo ote zuen horrenbeste euskaldun zegoela ezkutatuta etxeko sukaldetan? Ez, antzik ere ez zuen izango, edo oso gutxi. Eta historialari bat hasiko balitz garai horretako Oñatiko langileria berriaren gaia arakatzen, zer aurkituko zuen iturrietan? Euskararen existentziaren berririk aurkituko zuen? Oso gutxi eta oso nekez. Hara, adibide esanguratsu bat jarriko dut: ahozko historiaren bidez dakit nik kooperatiba handi bateko urteko bazkide-asanbladan, ehundaka langile daukan horietako batean, 1980ko bueltan bi bazkidek lehen aldiz erabaki zutela zutitu eta zerbait euskaraz esatea. Eta badakizue zer gertatu zen, ezta? Egundoko istilua egon zen, txistuak, asanbladatik alde egin zuen jendea… Hori dena kontatu zidaten behin, baina tamalez ez dut uste inork azterketa historiko seriorik egin duenik.

Oñati ez da Iruñea, bistan da, baina ez da hain desberdina ere. Ibarrolak bere liburuak kontatzen dituen arazo eta gertakari gehienak nik neuk modu berdintsuan ikusi eta bizi izandakoak dira, artean mutikoa nintzela. Benetan diotsuet, oso-oso antzera.

Arazoa, beraz, ez da Ibarrolak azterketa ona egin duen, dudarik gabe oso ona da: iturrien azterketa xehe eta zehatza, espiritu kritikoa, eredu historiografiko argi bat… Arazoa da eredu horrek balio duen eta zenbaiteraino balio duen. Edo, agian, arazoa da zer den, azken analisian, historialariek egiten dutena: benetan iragana desestaltzen dute? Gertatu zena erakusten digute? Bai, noski, puntu askotan bai. Baina Thompsonen, Babianoren, Majueloren, Ibarrolaren eta abarren azterketek, errealitatea ulertzeko balio digute?

Azken ohar pertsonal bat gaineratuko dut, zuen ontasunaz baliatuta: nik, oso bazterretik bada ere, pertsonalki ezagutu nuen Thompson, Madrilen entzun nion unibertsitatean eman zuen hitzaldi batean, eta bere hainbat liburu irakurri nituen orduan, ikasleon erreferentzia oso garrantzitsua zen, benetako maisu bat. Baina gaur egun galdetzen dut: balio ote dute haren liburuek Ingalaterrako langile klasearen historia ulertzeko? Tatcherismoa zer izan zen ulertzeko, adibidez. Behin Manchesterreko sindikalista beterano bati galdetu nion, eta ez zidan ganorazko erantzunik eman, edo nik ez nuen ulertu (nire ingelesa beti izan da oso mugatua), baina hark Tatcherren garaiaz eman zizkidan azalpenak oso grabatuta geratu zitzaizkidan eta, puntu batzuetan, ez zetozen bat Thompsonekin.

Enfin, agian hori da Ibarrolarekin gertatzen zaidana, erresuma zaharra eta langileria berria nire buruan ez direla ezkontzen. Hori da guztia.

E. P. Thompson (Wikipedia)

IV

Nerea Perez Ibarrolak liburu gogoangarri bat idatzi du, bihotzez gomendatzen dizuet irakurtzea. Historia liburu bezala doktorego-tesi bat da bere osoan, baina tesi eredugarri bat. Erredakzio aldetik benetan ona da, autoreak badaki idazten airoski, nire uste apalean xehetasunetan gehiegi entretenitzen bada ere, mezu orokorraren kaltetan. Euskara aldetik, gainera, bikaina da, oso-oso pozgarria da ikustea badela gure artean horrelako trebezia eta aberastasunez euskaraz idazteko gai denik, testuingurua berez aski idorra den arren.

Baina liburu hau irakurrita benetan ulertuko ote dugu zein den Nafarroaren Historia 1956-1976 bitartean? Hara, batetik Nafarroa ez da Murtzia, eta han asegarria izan daitekeena motz eta herren gelditu daiteke hemen. Eta, bestetik, langileriaren eraketa gako kontzeptual nagusi gisa hartzeak aurrerakada handia eragin zuen Historiografian 1970etik aurrera… baina gaur egun? Zeren, zein da langileria horren pisua eta eragina gizartearen osotasunean? Kapitalismoaren gakoa da, iraultzaren orpoa, marxistek pentsatu izan duten bezala?

Eta ororen buru, urrats bat gehiago emanez, garaiko prentsa eta informazioak irakurrita, eta protagonistekin hitz eginda, Ibarrolak modu eredugarrian egin duen bezala, lortzen dugu orduko Nafarroan zer pasatu zen sakonki ulertzea? Ulertzea esan dut, ez soilik kontatzea edo deskribatzea.

Ni neu, tamalez, gero eta eszeptikoagoa bihurtu naiz. Gaztetan ez nintzen horrelakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude