PROFETAK: ERLIJIOAREN BESTE IRAKURKETA BAT

Pruden Gartzia

2023ko apirila

Elortza, Jose Luis, Ni … naiz: Bibliako profetak: esangura duten bitzitzak, Arantzazu: Edizio Frantziskotarrak, 2022, 318 or.

Nire lagun batek dio obsesionatuta nagoela erlijioarekin eta euskaldunen historia erlijioso hurbilarekin. Beste lagun batek gaineratzen du gaur egungo euskaldunek, gazteek bereziki, ez direla indiferenteak, aitzitik, egundoko gorrotoa diotela Eliza Katolikoari, eta inork gutxik ulertzen duela erlijioaz idazteko dudan seta hori. Arrazoia dute biek, noski, obsesionatuta nago, ziur aski, eta horrek ez dio ekarriko nire idazki xume hauei ez osperik, ez ezagutzarik. Eta hala eta guztiz ere, nik lehengo lepotik burua, berriz ere erlijio katolikoa da nire hausnarketen ardatza, kasu honetan, gainera, helburu pastoral argia duen liburu bat, hots, fraide frantziskotar batek kristau aktiboen taldeak adoretzeko asmo argiz idatzitako erlijio-liburu bat. Lagun bihotzekoa, denboraz zaude lerro hauek irakurtzeari uzteko, ondo ulertuko zaitut, baina garrantzitsuak diren gaiak dira nik iruzkindu nahi izaten ditudanak, ez popularra bihurtuko nautenak.

I

Agian ez da guztiz desegokia esaten hastea liburu honen egilea eta ni herri berean jaioak garela eta biok dugula lotura berezi bat Arantzazuko santutegiarekin. Baina azalekoa da antzekotasuna, herri berekoak izan arren ia 30 urteko aldea dugulako adinean eta, Arantzazuri dagokionez, ni noizbehinkako bisitari hutsa izan naizelako beti (esango nuke gau bat bera ere ez dudala inoiz bertan eman) eta hura, aldiz, mutikotan hara joan zenetik seminarioara (fraidekume esaten zitzaion orduan bion herrian) ez duelako handik inoiz alde egin, ikasketak egiteko ez bada, edo lanera, hots, fraide-lana den predikazioa eta antzekoak. Tira, ez dakit, ezta antzik ere ez, zenbat urte egin dituen Elortzak fisikoki Arantzazun, baina badakit, nabarmena delako, haren bihotza eta espiritua beti egon direla han, mutiko-mutikoa zenetik, berea frantziskotar tipiko eta topiko baten ibilbidea delako, hots, Jesu Kristoren bidea segitzea. Dakidana da, gainera, ibilbide horren alde intelektualean Bibliaren ikerketa eta dibulgazioan espezializatu zela, horretarako Teologia eta Biblistikako goi mailako ikasketak egin zituelarik Friburgon, Jerusalemen eta Erroman. Eta dozena erdi bat liburu idatzi dituela, guztiak Bibliari buruz, eta gehienak seminaristek, fraideek edo kristau laikoek beren fedea argitzeko eta hura sendotzeko helburu garbia dutenak. Horien artean hau bat gehiago da, dirudienez berriki idatzia, pandemia garaiko itxialdi hartan.

Baina aurrera segitu aurretik zehaztu dezadan liburu honen jatorrizkoa gaztelaniaz idatzia dela (Verbo Divino, 2021), eta hiru lagunetako talde batek euskaratu duela gaztelaniaz argitaratu eta berehala. Izan ere Jose Luis Elortzak gaztelaniaz idatzi ditu bere liburu guztiak, baina bi kasutan behintzat euskaratu egin dira, aipagai dugun hau eta beste bat, Deustuko Unibertsitateak argitaratutako Erlijio kulturaren bilduma-n atera zena: Israelgo profetak eta jakintsuak (2004), baina besterik ez, nik dakidala. Eta puntu honetan hausnarketa bat ere egin genezkeen Arantzazuko frantziskotarrei buruz: azken hamarkadatan euskaltzaleon artean ospe handia hartu duten guztiak euskaltzale porrokatuak izan direnez gero (hamaika izen jarri ditzakegu hemen, batere ez dugu jarriko inor bazter ez uzteagatik), bada, pentsatu izan dugu Arantzazuko fraide guztiak euskaltzaleak izan direla. Ez halakorik, tamalez. Euskaldunak, gehienak, agian ia-ia guztiak. Euskaltzaleak, asko, batez ere adin batetik aurrerakoak. Baina euskararen kontrako porrokatuak ere egon izan dira (hala aditu izan dut nik) eta euskararen kontrako izan gabe oso aldeko izan ez direnak ere ugari, ziur aski gehiengoa hamarkada luze-luzez. Horien artean ote dago Elortza? Ez dakit, ez nuke horrelakorik iradoki nahi, baina zuhaitza fruituetatik ezagutzen bada, haren fruitu guztiak gaztelaniazkoak dira, hori bistan da.

Dena den, itzul gaitezen gure liburura. Ikusi berri dugun bezala, Elortza biblista bat da funtsean (hots, Bibliaren ikertzaile eta haren interpretazioaren espezialista bat) eta alor horren barruan batez ere profeten liburuen gainean egin du lan. Euskaraz dituen bi liburuak, gainera, profetei buruzkoak dira. Oker ez banago (eta oker banago zuzenduko didate), lehena (2004) Teologiako eskuliburu bat da funtsean, eta bere hartzaile naturalak Teologiako ikasleak eta antzekoak dira. Gaur iruzkindu nahi dudana (2022), ordea, oso desberdina da. Zertan da desberdin? Hori saiatuko naiz argitzen hurrengo atalean.

Jose Luis Elortza (Verbo Divino argitaletxea)

II

Erlijio guztiek, edo askok bederen, badituzte oinarrizko antzekotasun batzuk. Adibidez, munduaren sorrera esplikatu nahi izaten dute, gizon-emakumeen patu oinazetua deskribatu, gaiztakeriaren funtsa non den eta zergatik agertzen den azaldu, eta beste hamaika kontu halako. Baina, hortaz gain, bakoitzak baditu bere-berezkoak diren berezitasunak, eta horiei erreparatzeak elkarren arteko desberdintasunak zertan diren antzematen laguntzen digu, hala nola esaten badugu, topikiko esaten den bezala, hebrearren erlijioak kezka berezi bat duela Historiarekin, zerbait garrantzitsua esaten ari gara: Bibliaren Testamentu Zaharrean, beste hamaika konturekin batera, batez ere Israel herriaren Historia kontatzen zaigu, eta eredu bezala paratzen. Hori garrantzitsua da.

Eta pauso bat gehiago emanez, herri horren Historian elementu mitiko-heroikoak ez dira falta: jatorri lanbrotsua patriarka ohoregarri batzuen eskutik, borroka latza askatasuna eskuratzeko (40 urteko basamortu-zeharkaldia barne), lurraldearen konkista heroikoa, erresumaren finkatzea errege borrokalari bezain jakintsu eta, ororen buru, lorios batzuei esker, eta antzeko parafernalia guztia. Betikoa, esango didazue, Europan behintzat antzeko Historiak (edo istorioak) etengabe errepikatzen dira nazio guztietan (eta hebrearrena zer den erabakitzea, imitatu den eredua edo behin eta berriro bergertatzen den patu maltzurra, beste gai bat litzateke, gaur ukituko ez duguna). Baina bada zerbait hebrearren Historian erabat singularra, bere-berea duena eta beste inon ikusten ez dena, behintzat horrelako ezaugarri nabarmenez: profeten agerpena. Profetak esan dut, eta ez buruzagi gerlariak, errege berrezarleak edo jakintsu eratzaileak. Baina zer da profeta bat, zer du berezitik beste edozein lider politiko, erlijioso edo intelektualen aldean? Utzi diezaiogun profeta horietako bati hitz egiten, liburu honetatik jasotako aipu batean:

Ikusten duzue, nahiz eta Jahveh-ren herria izan, nire herria urrun zegoen gizarte justu eta solidarioa izatetik: presoak zeuden, bortxatuak, goseak jotakoak, biluzik bizi arterainoko behartsuak, aberrigabeak, esklaboak, eskaleak… Biziren judu batzuk negozio borobila egiten zutenak, beren herrikideak esklabo gisa salduz. Bizitza gogorra eta bidegabea zen jende askorentat, eta aberatsek gehiegikeriak egiten zizkien edo ezikusiarena egiten zuten. Nire Jainko Jahveh nire herriko atsekabetuekin zegoen. Nire ahotik, Jainkoak justiziarik gabeko erlijioa eta kultua kondenatzen zituen: tratu txarrak jasaten zituztenei justizia egitea eta behartsuei bizibideak ematea erlijioaren parte izan behar zuten.

Ez nintzen aberatsekin bakarrik sartu, herriko buruzagiak ere izan nituen jomugan. Izan ere, gizartean ordena zuzena ezartzeko ardura zuten hauek ziren okerrenak

[…]

Kaltetuak beti gizarteko justuak, errugabeak eta babesgabeak izaten dira. Gizakiak izaten dira Jainkoa haien bizietatik urrunarazten dutenak, eta bake eta justiziazko Jainkoa izaten uzten ez diotenak. Jainkok ezin du hori onartu: historian tratu txarra jasan dutenei Jainkoak justizia egingo die. Etorriko da egun hori!” (286-287. or.)

Erreparatu diezaiogun alderdi bati bereziki: pobre eta zapalduarentzat justizia eskatzea ez da bereziki berria inon, edozein lider politikoren alfabetoan egoten den zerbait baizik; “aberatsak” salatzea ere ez da bereziki iraultzailea, non eta nola egiten den bereziki garrantzitsua den arren (salaketa guztiak ez dira ekibalenteak); baina “herriko buruzagiak” salatzea, ordea, hori bai iraultzailea izaten da. Izan ere, gaiztakeriaren iturria ez du kokatzen kanpoan, herriaren barnean baizik, herria gobernatzen duten horiengan. Hor dago berezitasuna.

Profeta batek ez ditu balakuak erabiltzen, ez bere herrikideen eretzean, ezta ere agintariekiko; aitzitik, gogorki salatzen ditu, bai batzuk zein besteak, eta guztientzat deserosoak eta mingarriak diren egiak aldarrikatzen ditu goraki. Profeta bat ordena ezarria apurtzera dator, deliberamendu osoz gizartea ipurdiz gora jartzera, giroa nahastera, eroso bizi direnak dantzan jartzera, hitz batez, ustezko bakea zegoen lekuan gerra jartzera, ustezko bake hori faltsua zelako osorik haren ustez, boteretsuek erabilitako tresna engainagarri bat, askoren konplizitatez ahotsik gabeko zapalduen bizkar bizi den gizarte bidegabe baten estakuru hutsa eta besterik ez. Zapalduak, horra profetak defenditu nahi dituenak, guztien kontra baina, bereziki, bere herriko agintarien eta ondo-bizi-diren herrikideen kontra. Profeta bazter nahastaile bat da.

Esango didazue hori ere ez dela ezer berria, erlijio guztien jatorrian, iraultza sozial handi eta txiki guztietan nahi baduzue, egoten delako antzeko pertsonaiarik, unean uneko profetak. Oso litekeena da hori. Hain probablea ez dena da, ordea, bazter-nahastaile horien iritziak, bizipenak eta aldarrikapenak liburu santuetara eramatea, Jainkoaren hitz errebelatua bihurtuz. Jainkoa, edozein erlijiotan, ordena ezarriaren bermatzaile nagusia izaten delako ororen buru, hori guzti-guztiok dakigun oinarrizko ebidentzia horietako bat besterik ez da, froga handiren beharrik ez duena. Baina hebreearren artean, partez behintzat, badirudi Jainkoa bazter-nahastaile bat dela funtsean, edo bazter-nahastaile zoro eta xelebre batzuen kitzikatzailea. Eta hori oso arraroa da, benetan, erlijioak, erlijio guztiak, ordena sozial egonkor baten manifestazioak direlako, berez eta definizioz. Nola esplikatzen da berezitasun hori?

Frederic Leigton: “Elias basamortuan” (Wikipedia)

III

Iruzkintzen ari garen liburuak tradizio benetan luzea du euskal literaturan. Izan ere, gure literatura guztiz gehiena, atzo goizera arte, horrelako liburuz zegoen osatuta, Axularren Gero-rekin hasita (1643) Salbatore Mitxelenaren Arantzazu: euskal-sinismenaren poema-rekin amaitu arte (1949), tartean ia-ia beste ezer ez dagoelarik (bon, exajerazioa da, badakizue, baina ez oinarri bakoa). 1950etik aurrera, ordea, horrelako liburuak bakantzen hasten dira eta bestelako batzuk ugaritzen; esku artean dugun hau, apika, ildo historiko indartsu horren azkenetako fruitu bat izango da, gauzak asko aldatzen ez badira euskal katolizismoak gero eta indar gutxiago izango duelako, begi bistan dagoen bezala begiratu nahi duen edonorentzat. Baina batek daki, agian hogei urte barru erlijioaren loraldi berri baten erdian kausituko gara, ez litzateke lehen aldia izango Eliza Katolikoaren historian, eta liburu honetan bertan, profeten ahotik, aurkitzen da mota horretako fenomeno sozial baterako azalpiderik, batez ere sinismenean sendo irauten dakien gutxiengo (hondar da profetek darabiltzaten hitza) fededunaren gaineko profezia eta apologietan. Ez da txantxetako kontua, mota horretako fenomeno sozialek garrantzi itzela izan dutelako Europako Historian zehar, edozein historialari edo soziologok dakien bezala, baina orain ez dugu astirik horretaz jarduteko. Itzul gaitezen hari nagusira.

Liburu hau kristau fededunentzat idatzia da. Helburutzat du profetak zeintzuk izan ziren azaltzea eta kristau erlijioaren barruan duten balioa goratzea eta ezagutaraztea, edozeinek dakien bezala Bibliaren 72 liburuetatik dozena eta erdi bat zuzen-zuzenean profeten liburutzat aurkeztuak badira ere, ez direlako, arrunki, katolikoek gehien aipatzen dituztenak. Areago, esango nuke katoliko arrunten artean edozein izango dela gai dozena erdi bat profeten izenak esateko, ez ordea haien liburuetako edozein pasarte, gertakari edo istorioa gogoratzeko, batere ez apika, bakanen bat gehienera ere (Elias suzko gurdi batean zerua zeharkatzen, adibidez). Eta hori hala da katekesi tradizionalean ez zirelako ia-ia aipatu ere egiten. Protestanteen artean, ordea, badirudi ezagunagoak direla, besteak beste Ameriketatik datozen pelikulengatik badakigulako han arrunta dela (edo zela) mutiko-neskatilak Testamentu Zaharreko pertsonaien izenekin bataiatzea (katolikoen artean ez bezala), baina esanguratsua bada ere azken aldi honetan telebistan ikus daitezkeen pelikula erlijioso berrien artean (Ameriketan zine industriaren adar kontsolidatu bat omen da) ez direla inoiz profeten istorioak aipatzen, hori da behintzat nire inpresioa. Baina geroago itzuliko gara puntu honetara.

Jose Luis Elortzak, ordea, profetak ezagutarazi nahi ditu eta horretarako teknika didaktiko argi batzuk erabiltzen ditu: garrantzitsuena, liburua 14 kapitulutan banatuta, kapitulu bakoitza profeta bati esleitzen dio, haren gaineko azalpenak aurkezteko modua delarik lehen pertsonan idaztea, profeta bera gaurko irakurleari zuzenduko balitzaio bezala bere bizitza eta lanak kontatuz. Hortik dator liburuaren izenburu nagusia: Ni … naiz, kapitulu bakoitzean bihurtzen dena Ni Elias naiz, Ni Isaias naiz, Ni Jonas naiz, eta abar. Hortaz gain, profetarekikoak amaitu ondoren, kapitulu bakoitzaren amaieran laburpen bat gehitzen du, bakoitzaren mezua tesi-zerrenda labur eta argi baten forman eskainiz; eta, baita ere, Hausnartzeko eta partekatzeko izeneko azken atal bat gaineratzen du, liburuaren hartzaile naturala den kristau-taldeari (norbanakoari baino hobeto) galdera-andana bat jaurtiz, irakurri berri duten testuaz. Eta hartzaile naturala taldea dela diot, egileak berak espresuki taldean irakurtzeko jarraibide batzuk ematen dituelako liburuaren hitzaurre orokorrean (10. or.).

Analisi sakonetan sartzeko asmorik gabe, esango nuke liburuaren oinarrian ondo hausnartutako programa pastoral bat dagoela, hots, profeten hautapena, ordena eta bakoitzarekiko arreta ez dela aliritzira egin, ikuspegi pastoral eta didaktiko bat erabilita baizik. Baina ez da nire asmoa liburua xeheki aztertzea eta kristau-erlijioaren mezuarekin erkatzea, modu orokorrean ez bada. Eta nire helbururako aski da esatea errepikapena dela nagusi testu osoan zehar: profetekikoa behin eta berriro errepikatzen den eskema da, itxura batera aldaketa eta eransketa txikiekin: Jainkoak pertsona bat hautatzen du eta misio bat ematen dio; pertsona horrek, sarritan, ez du batere gogorik edo berotasunik Jainkoaren nahia betetzeko, ihes egiten ere saiatzen da batzuetan (Jonas muturreko kasua da), baina finean obeditzea baino ez zaio gelditzen; obeditze hori ez zaio pozgarria izaten, Jainkoaren mezua ez delako batere popularra suertatzen ez herritar xeheen artean, ezta ere, askoz ere gutxiago, errege, sazerdote eta agintarien artean; sarri kartzelara sartzen dute, edo basamortura jo behar izaten du babes bila, eta, edozein kasutan ere, herritar xeheek barre egiten diote eta boteretsuek beren gorrotoa erakutsi. Ez, Jainkoaren misioi hori inoiz ez da erraza, ezta atsegina ere, gorago esan dugun bezala berez dakarrelako salaketa latzak boteretsuen aurka, edo ondo-bizi-diren herritar xeheen aurka baita ere, eta, horiekin batera, mota orotako hondamendiak eta nahigabe publikoak iragartzea: Jainkoa haserre dago bere herria ez zaiolako leiala izan, eta mota orotako zigorrak igortzen ditu, zuzen edo zeharka. Horrela, behin eta berriro. Jeremias profetarenak dira, agian, ezagunenak gure artean, katolikoen artean bere liburua sarritan Erosten liburua bezala aipatu ohi delako, baina ez da bakarra, inola ere ez. Elortzaren parafrasiaren zati bat hona ekartzea argigarria izan daiteke: honela mintzo zaigu Jeremias:

Sasoi honetan, 604. urtean, Jainkoak bultzatuta, keinu sinboliko probokatzaile bat egin nuen, baita garesti ordaindu ere! Zeramikazko pitxer bat erosi eta plazan puskatu nuen, apaiz, agintari eta herriaren aurrean. Denei zera esan nahi nien: ez dugu erremediorik; laster pitxer hau bezala txiki-txiki eginda geratuko gara. Izan ere, hainbeste abandonatu dugu gure Jainkoa, non Berak ere abandonatuko gaituen. Beste behin ere, alferrik izan zen: ezinezkoa izan zen arrisku larrian geundela ikusaraztea. Paxhur izeneko apaiz batek jipoitu eta ziegan sartu ninduen. Han egon nintzen egun batez.

Jainkoak profeta izatea eskatzen zidan eta zeregin horretarako hitza eta keinu eskandalagarri eta zirikatzaileak erabili nituen. Zera eman zidan aditzera Jainkoak: ez parte hartu ekitaldi sozialetan, ez ezkontza-ospakizunetan. Iristen ari den deskalabrua dela-eta, ez du zentzurik ez hildakoei negar egiteak, ez jaietan gozatzeak. Jainkoak ere harrigarriagoa den zerbait agindu zidan: ez ezkondu, ez izan seme-alabarik, ez baitu zentzurik. Herriaren historia bukatzear dago, ez dago etorkizunik.” (195-196. or.)

Testuan aipatzen den deskalabru hori 18 urte geroago etorri zen, babiloniarrek Jerusalem hartu eta erraustu zutenean, biztanle guztiak Mesopotamiara deportatuz, masiboki, samaldaka, artaldeak bezala. Baina, berriz ere, ez da gure helburua Israelen Historian sakontzea. Beste puntu bat, aldiz, bereziki azpimarratu nahi genuke beste behin ere: Jose Luis Elortzak behin eta berriro azpimarratzen du herriaren barruan gertatzen diren injustizia sozialak direla Jainkoaren haserrea pizteko arrazoi nagusia, edo nagusietako bat. Hona Jeremiasen beraren beste testu bat, aipatu daitezkeen askoren arteko bat besterik ez dena:

Nire aurreko profetek bezala, gogor salatu nituen Juda osoan belar gaiztoen antzera hedatzen ziren ustelkeria, indarkeria eta injustizia soziala. Bereziki, herriko zuzendari zibil eta erlijiosoen kontra egin nuen (erregea eta kontseilariak, epaileak, apaizak, ofiziozko profetak). Behartsuen kontura aberasten ari zirenak ere jomugan nituen. Batzuk zein besteak egoera horren erantzule ziren, baita askoren sufrimenduaren erantzule ere.” (186. or.)

“Injustizia soziala”, horra Jainkoaren haserrearen arrazoia. Horrela ote da Biblian? Ala Elortzaren interpretazio partikular baten aurrean gaude? Hori ote da profetak, katolikoen artean, hain gutxi aipatuak izatearen arrazoia? Oso litekeena da, ezta?

Errepara dezagun, baita ere, Jeremiasek (gainetiko profetek bezala) Jainkoaren izenean gaitzesten dituen horien zerrendan badirela agintari zibilak ezezik (errege, ministro eta epaileak) baita ere apaizak eta, adi hemen, “ofiziozko profetak”!!! Liburuan zehar behin baino gehiagotan aipatzen du kontzeptua: orduan baziren, nonbait, ofiziozko profetak, gortean postu ongi ordainduak zituztenak eta errege eta boteretsuen gustuko profeziak egiten zituztenak. Nola esango dizuet, bada, modu argigarri baten: garai hartako Jerusalemen Fernando Savaterren beharrik ez zegoen, nonbait, ederki beteta zegoen haren postua. Baina garbi dago nortzuk ziren benetako profetak Jainkoaren arabera, eta ez zen boteretsuen inguruan profezia egokiak jaulkiz harropuztuta bizi zen jendea.

James Tissot: “Juduen erbesteratzea Babiloniara” (Wikipedia)

IV

Zer da erlijioa? Edo zertan datza erlijio katolikoa, funtsean? Gaur egun mota horretako galderak egiten direnean jende arrunt gehienaren buruan agertzen diren arazo nagusiak moral sexualarekin lotutakoak izaten dira: sexu abusuak, pedofilia, abortua, homosexualitatea eta antzekoak. Alegia, eztabaidatzen hastea zein izan behar duen sexuarekin lotutako kontuekin onartu daitekeen jarrera gizarte honetako hiritar zintzo bezala katalogatua izateko, eta amaitzea eztabaidatzen kondoiak erabiltzea zilegi ote den Jainkoaren begietara (gogora dezagun Eliza Katolikoaren doktrina ofizialak hori ere debekatzen duela, jakina denez). Hitz batez, autopista zabal bat gai beraren inguruan joan-etorrian ibiltzeko. Gaia, beti, sexua da. Kitto.

Nire iritzia da gure gizartean nagusi bihurtu den ikuskizunaren kulturak eraman gaituela horretara: komunikabide eta sare sozialetan agertzen dena da existitzen (omen) den gauza bakarra eta, jakina denez, sare sozialetan burua ateratzeko ezer hobeagorik ez dago sexua hizpidera (irudira) ekartzea baino. Zaila da gai-zerrenda horretatik ihes egitea eta inoren arreta erakartzea. Eta arreta erakartzea da guztiok nahi duguna, ezta? Klik hemendik, klik handik, klik orotan eta beti. Kitto.

Eliza Katolikoak, bestalde (eta ziur aski beste erlijiotako askok ere) ederki kolaboratzen dute horretan, oso-oso aspaldikoa baita sexuari eta, ondorioz, emakumearen zapalketari, eman dion garrantzi itzela, nagusitasuna. Ez da gauza berri bat, mendez mende detektatzen den ezaugarri bat baizik, baina ikuskizunaren kulturak sakondu besterik ez du egin lehendik zetorren kontu batean. Beste alde batetik begiratuta, aspaldi abiatu ziren pentsalari feministak Elizak sexuarekin duen obsesioa analizatzera eta, neuk dakidan apurraren arabera, patriarkatuaren analisian aurkitu zuten azalpen orohartzaileenaren erroa. Baina gero mugimendu feminista bera sexuaren etengabeko analisian endredatu zen (Butler eta konpainia) eta, erlijioaren azterketarako oso baliagarria izan zitekeen tresna bat (azterketa feminista), oso kamustuta gelditu zen (nire uste apalean beti). Pena bat.

Esaten ari naizenaren adibide garbia da Aste Santu iragan berrian Espainikoa komunikabide ia guztiek (Hego Euskal Herrikoek barne) prozesio katolikoei eskaini dieten estaldura eta oihartzun ikaragarria, astuna eta, nire uste apalean, nardagarria. Bi aldiz pentsatuz gero berehala konturatzen gara aipatu berri dugun gaiaren aldaki bat besterik ez dela: ikuskizunaren kultura, hori da giltza, masa-ikuskizun arranditsu eta durduzagarriak eskaintzea. Eta Freuden lehengusu izan barik ere begi bistakoa da edonorenzat Aste Santuko prozesioen iruditerian metafora sexualen indarra eta emakumeari esleitzen zaion menpetasunezko eginkizuna (ausentzia ez denean) benetan agerikoak direla. Non daude emakumeak kofradia eta prozesio horietan guztietan? Zer eginkizun dute? Zer irudi? Ez da ordua iritsi horren gainean eztabaida publiko bat sustatzeko? Noiz arte soportatu beharko dugu, isilik eta mutu, alimaleko erauntsi espantagarri hori guztia? Edo nahikoa da pentsatzea erlijioa, erlijio oro, kaka bat dela eta kasurik ez egiten saiatzea? Hori da bidea?

Gaur iruzkindu nahi izan dudan liburua irakurtzean, ordea, erlijioaren bestelako ikuspegi batekin topatu naiz. Biblian bertan badira dozena eta erdi liburu injustizia sozialari egundoko garrantzia ematen diotenak. Zergatik ez zen ikuspegi hori gehiago jorratzen aurreko mendeetan? Zergatik ez da askorik jorratzen gaur egun ere? Askoz ere interesgarriago eta aberasgarriagoa litzateke sexuaren errotari bueltak ematen segitzea baino.

Iruzkinak (2)

  • Esango nuke Txoroen untzian sartu-irtenak egiten ditugunak ohituta gaudela Prudenen idazmoldera eta ni neu behintzat gaien interesagatik ez ezik idaztankera gustuko dudalako sartzen naiz untzi berezi horretan hilero hortxe nonbait.
    Oraingoan, lan ederrak hartu dizkigu eta eman ere bai, marraztu duen ibilbideari jarraitzeko, azkenean honako iritzi honetara heltzeko: hobe luke Elizak egindako sexu bekatuen barkamenean enplegatu beharrean, boteretsuen esplotazioak eta injustizia sozialak salatzen enplegatuko balitz, Testamentu Zaharreko hamalau profetek ezarritako ildo nagusiari men eginik.
    Bat natorkio iritzi horretan. Tristea da Eliza albiste izatea behin eta berriz sexu gehiegikeriengatik.
    Beste hipotesi bat ere badaukat horren gainean: hein handi batean politikariek jokatzen dutela gizarteko hainbat arlotan behinola Elizak Caritas-en bitartez –egun ere– jokatzen zuen bezala, bereziki etorkinen aferan, Aita Mari ontziaren uberan.
    Salbatu nahi ditugun horiek zer bizi-baldintzak izango dituzten gurean, eta soziologia eta demografia aldaketa horiek euskaldunongan izango duten eraginaz axolatu gabe, ikuskizunaren kulturarako behaztopa direlakoan.

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    Mila esker ekarpengatik, Pako.

    Dena den, bi gai desberdin tratatzen dituzu zuk, eta bigarrenari buruz (inmigrazioa Europara) ez dut nik deus esan. Inmigrazioarena gai biziki konplexua da, eta biziki minbera, baina “soziologia eta demografia aldaketa” horiek aipatzea ez dakit modurik egokiena den gaiari heltzeko. Nola, orduan? Bada, hasteko, Europa mailako konponketa bat behar dela (gutxienez) eta bitartean, bada giza-eskubideen alde egitea dagokigula, duen kostua duela. Hori da posizio errealista bakarra, nire irudiko.

    Baina beste bat zen nire iruzkinaren gaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude