MAOISMOAZ ETA INPERIALISMOAZ

Pruden Gartzia, 2023ko martxoa.

Gotzon Garate, Maoren marxismoa: maoismoa, Donostia: Gero-Mensajero, 1977, 313 or.

Gotzon Garate (1934-2008) abandonatu xamar dugun euskal idazle eta ikerltzaile handi bat da. Abandonuaren arrazoia, ziur aski, ez da bakarra: euskal munduan benetan bakanak izaten dira inpaktu luzeko idazleak mila motiboengatik, baina esango nuke bere kasuan badagoela faktore berezi bat: Gotzon Garate jesuita zen, Jesusen Lagundiko kidea. Eta garai ez hain urrun batean hori esateak berak berez bazekarren ere sekulako ospea eta errespetua euskaldun xehe, ertain eta goi klaseetakoen artean, gaur egun egoera inbertsoa da: jesuita, gehienentzat, xelebre ezjakin bat da, eta kitto. Hori da bizi dugun giroa. Nire ustez, giro horretan inoiz baino beharrezkoago da idazlearen indibidualtasuna azpimarratzea: jesuita zela jakitea garrantzitsua da haren bizitza eta lana ulertzeko, baina jesuita izate hutsak ez du inor bihurtzen, ez jakintsu, ez xelebre. Hori bai, haren lanari zigilu berezi-berezi bat ematen dio, oso markatua jesuiten kasuan, neuk honela laburbilduko nukeena: jesuitek arazo guztiak mundu-mailan hausnartzen dituzte, ez EHn, Espainian, Frantzian… edo ezta Europa mailan ere (edozein delarik Europa delako horren definizioa). Ez. Jesuitak bereziki saiatzen dira mundu osoa izaten ikusmiran, horretarako hezi eta entrenatzen dituzte gazte-gaztetatik. Gotzon Garate axioma horren adibide argi bat da, iruzkinduko dudan liburuan ederki frogatzen den bezala.

I

Hasi beharko ginateke esaten marxismoaren sarrera oso berantiarra izan zela Euskal Herrian, Hego zein Iparrean, eta arrazoi nagusia, ziur aski, bikoitza izan zela: batetik, Eliza Katolikoaren indar izugarria gizartean, bereziki hezkuntzan nabari zena (maila guztietan), eta XIX-XX. mendean unibertsitaterik ez izatea. Egoera paradoxikoa da: euskal ekonomia oso modernoa zen, oso urbanoa eta garatua (bereziki Bizkaian) baina industrializazioa, urbanismoa eta bizitzeko era modernoa gainetiko lurraldeetara hedatu zenean ere (Gipuzkoan XX. mendearen hasieran, Araban eta Nafarroan 1950etik aurrera; Iparraldeko barnealdean geroago, apika); esaten ari ginen, ekonomiaren eta gizartearen modernizazioa hedatu zenean ere, horrek ez zuen ekarri, berez, marxismoaren hedapena eta ezagutza. Kontuan hartu behar da gerra zibil aurreko sozialistak eta komunistak, oro har, militante politiko hutsak zirela, oinarri intelektual meharrekoak (normala den bezala, gehienak 12-13 urteekin lanean hasitako proletario hutsak ziren!) eta, bestetik, 1939tik aurrera diktadura faxista baten mende bizi ginela Hegoaldean (Iparraldea sistema demokratiko batean bizi arren, ekonomikoki eta sozialki lurralde errurala edo turistifikatua zen hein handi batean). Argigarria izan daiteke pentsatzea lehen intelektual sozialista euskalduna Unamuno bezalako mistiko bat izan zela (gaztetan fase sozialista bat izan zuen, eta dokumentatuta dago Marxen Kapitala irakurtzen saiatu zela, ehun eta gutxi orrialdetik aurrera bertan behera utzi bazuen ere); Toribio Etxebarria bera, sozialista eibartarren lider intelektual nagusia, askoz ere errazago kokatuko dugu kristautasunean marxismoan baino. Egongo da nik ezagutzen ez dudan besteren bat, apika, baina esango nuke rara avis-en bat izango dela, ez intelektual ezagun eta eragintsu bat.

Beste hitz batzuekin esanda: 1960etako hasierako urteetan, Hegoaldean behintzat, inork ez zeukan Marxen aztarrenik ere. Baina orduan, duela urte batzuk Espainiako telebistako kolonia iragarki batean esaten zuten bezala, agertu zinen zu, eta euskal gazteria bere osoan, seminariotan bereziki, seko enamoratuta utzi zenuen egun batetik bestera. Zu hori marxismoa da, jakina. Egoera argitu aldera Gabriel Arestiren kasua esanguratsua izan daiteke: hura ere Jainkoaz eta erlijioaz txit kezkatuta egotetik egun batetik bestera komunismoaren sinfonian esku hartzera pasatu zen, kolpe bakar batean. Baina onena da Gabriel komunistazale hori, Arantzazuko santutegira joanda ere, burkideak besterik ez zituela ikusten bazterretan, adibidez Joxe Azurmendi fraidea, tobaritx guztiak baino tobaritxagoa zena, erran nahi baita, Bilboko tertulia literariotan aurkitzen zituen idazle komunista guztiak baino gorriagoa eta iraultzaileagoa. Arantzazuko seminarioan. Hori izan zen giroa urte batzuetan.

Esan dezagun termino akademikotan: marxismoaren sarrera Euskal Herrian berantiarra izan zen, baina txit indartsua, eta eragin berezia izan zuen gazteria unibertsitarioan lehenik (Bilbo aldeko unibertsitateetako ernamuinetan; Txabi Etxebarrieta bera Ekonomiako ikaslea zen hil zutenean, eta marxismoan aditua izatearen sona handikoa) baina baita ere seminariotako ikasleen artean (eta orduan askoz ere ugariagoak ziren seminaristak ikasle unibertsitarioak baino, eta beren profil soziala unibertsitarioena baino askoz ere gertuago zegoen langile eta nekazarien klasetik). Eragin politiko eta soziala, bestalde, itzela, benetan itzela izan zen, ia-ia urte batetik bestera eztanda baten moduan gauzatua.Eta ez soilik ETAren eskutik, baizik eta, bat-batean, perretxikoak bezala agertu ziren beste talde politiko ezkertiar eta iraultzaile askoren eraginez ere. Imanol Satrustegik berriki idatzi du Nafarroa pasatu zela txapel gorritik liburu gorrira; neurriz hartuta, deskribapen baliagarria iruditzen zait. Eta horrela beste lurralde guztiak ere, Iparraldea barne: jende arruntak ez zekien ia-ia ezer ez marxismoaz, baina bazekien herriaren alde eta Francoren gobernu faxistaren kontra borrokatzen zirenak Gerra Zibilaren garaietako gorrien ondorengoak zirela, gudarienak bezainbeste. Burgosko auziaren garaitik (1970) Nafarroako Foru Hobekuntza onartu arteko epean (1982) marxismoa izan zen, de facto, Euskal Herriko ideologia politiko eragintsuena, jende guztiz gehienak (militante gehienak barne) marxismoa zer zen, zehazki, oso modu lainotsuan ikusten bazuen ere. Baina funtzionatzen zuen.

Testuinguru honetan Euskal Herriko jesuitek, edo jesuita batzuk gutxienez, erabakitzen dute sakonki aztertu behar dutela zer den marxismoa. Gotzon Garate izan zen horietako bat (dirudienez, bat beste hainbaten artean), berezitasun nabari bat zeukana beste gehienenen eretzean: bere ikerketa luzearen emaitzak argitaratu egin zituen, eta euskaraz. Berriro esango dut: Gotzonen berezitasuna ez da jesuita izanik marxismoa ikertzea, baizik eta bere emaitzak argitaratzea, eta euskaraz. Zazpi saiakera idatzi eta argitaratu zituen ildo horretan, ez bat, ez bi, ez hiru, baizik eta zazpi, 1971-1983 bitartean. Eta horietatik sei euskaraz eta bat gaztelaniaz. Horietako bat da gaur iruzkindu nahi duguna.

Gotzon Garate (Wikipedia)

II

Ez dut ezagutza handirik Garateren bizitzaz. Badakit Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan zela eta Euskal Filologia titulua antolatzea berari zor zaiola, beste inori baino gehiago. Badakit ere haren profil akademikoa bikoitza zela: batetik, aldi berean euskarari buruzko ikerketa sakonak egin zituen, bereziki zazpi Euskal Herrietako baserrietan egindako egonaldi sistematikoetan oinarrituak; bestetik, marxismoan espezialista zen, urte luzez egindako ikerketetan zaildua, bereziki Suitzan eta Errusian. Badakit baita ere euskal literaturan gehien saldu eta irakurri diren eleberri batzuetako egilea zela, garai batean masiboki irakurriak izan zirenak eskola eta institutuetan (gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere, salduenak eta irakurrienak Hezkuntza sistemak bultzatutakoak ohi dira). Eta, bukatzeko, badakit, baita ere, abertzale deklaratua zela, telebistako elkarrizketa batean nik neuk entzun bainion adierazten Euskal Herriaren independentzia zela bere ametsik kuttunena. Orobat, azpimarra dezagun euskara lantzea zela abertzaletasuna agerrararazteko zeukan modu berezia: 30 bat liburu idatzi zituen guztira, eta horietatik bat bakarrik gaztelaniaz (Karl Marx y los nacionalismos separatistas, 1974), beste guztiak euskaraz. Euskararena eta abertzaletasunarena dira haren zinezko berezitasunak, ez naiz aspertuko errepikatzen, zeren beste guztian jesuita tipikoa da.

Zeren jesuita izatea da haren bizitza ezezik, traiektoria intelektuala ere ulertzeko datu nagusia. Jesuitetan ohikoa den bezala, goi mailako mundu intelektualean murgilduta bizi zen, mundu osoan bidaiatuz sistematikoki (Austria, Suitza, Errusia, Amerikako Estatu Batuak, India…) eta, adi hemen, leku horietako guztietako hizkuntza ikasiz eta saiatuz bertatik bertara harremanetan jartzen lekuko jendearekin. Ildo horretan, ez zen konformatu gaztelania eta frantsesa ikastearekin, ezta nolabaiteko elite-marka izaten zen ingelesa eta alemana bereziki lantzearekin, baizik eta, baita ere, errusiera eta hindia ere ikasiz, bata zein bestea dezente menperatzera iritsi zelarik. Hartara, adibidez, Marxen eta Leninen lanak jatorrizko bertsioan irakurri eta landu zituen, hots, alemanez eta errusieraz, hurrenez hurren. Zer esanik ez, hizkuntza klasikoak (latina eta grekoa) goitik behera ezagutzen zituen baita ere, eta pentsatzekoa da italiera, portugesa edo katalana irakurtzeko eta aditzeko ez zuela zailtasun berezirik izango.

Baina, jesuita izanik, ikasketa horien guztien helburu explizitua izaten zen jakintza hori xehetu eta herriaren zerbitzura jartzea, San Ignazio fundatzaileak berariaz arautu zuen bezala, Ad maioren Dei gloriam, hots, Jainkoaren aintzarako. Gotzonen kasuan, berak bi motako idazkiak egitea aukeratu zuen, batetik literatura errazeko lanak, herritar xeheek eta eskoletako neska-mutikoek irakurtzeko (eleberri poliziakoak, bereziki), eta bestetik, goi mailako dibulgazioa herritarren arteko erdi mailako irakurle helduentzat, bereziki gazteria unibertsitario eta ikasia; azken ildo horretan hainbat saiakera idatzi zituen, bereziki marxismoaz, baina baita euskal literaturaz.

Azkenik, baita ere goi mailako lanak idatzi zituen, espezialistentzat, bereziki paremiologiaz, eta nolabait aipatuta utzi dugu unibertsitateko irakaslea izan zela Deustun, bizi guztian ia, hartara edozein jesuitaren destino naturala nolabait betez. Baina aski luzatu gara haren bizitzan, ekin diezaiogun behingoz aipagai dugun liburuari.

Marxismoari dedikatu zizkion zazpi saiakeretatik iruzkindu nahi dugun hori bosgarrena izan zen. Marx berarekin abiatu zen, hari bi liburu dedikatuz, bata pentsamendu orokorraz (1971) eta bestea nazionalismoaz (1972); ondoren, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean Filosofian doktoratzeko irakurri zuen tesiaren gaztelaniazko bertsioa atera zuen (Karl Marx y los nacionalismos separatistas, 1974), hura izanik bizi guztian gaztelaniaz argitaratu zuen liburu bakarra, eta berriz ere ekin zion euskarazkoei, Marxen ondorengo nagusiak aztertuz: ororen buru Lenin, nori dedikatu batzizkion hiru liburu (1974, 1980, 1983) eta baita ere Mao (1977); Rosa Luxemburg eta Marxen ondoko errebisionismoa ere landu zuen, Lenini dedikatu zion lehen liburuan (1974), baina laburrago. Laburbilduz, funtsean, Garatek marxismoaren bi pentsalari gailenak aztertu zituen, ororen buru, bakoitzari hiru liburu dedikatuz: Marx eta Lenin, hots, marxismo-leninismoaren guraso biak. Eta, hortaz gain, Mao.

Zergatik Mao? Hori ote da, Marx eta Leninen ondoren, munduko Historiako hirugarren iraultzaile handia?

Mao Zedong (Wikipedia)

III

Garate ez zen ez marxista, ez iraultzailea. Eta, zer esanik ez, ez zen maoista, eta aipagai dugun liburuaren helburua ez da Mao Zedong-en pentsamendua euskaldunon artean goratzea edo hedatzea. Aztertzea bai, ordea, sakon aztertzea bere aitzin-gibel guztietan, eta emaitza modu erraz eta komunikatibo batean euskaldunei aurkeztea, bereziki sakonduz horientzat interesgarriena izan daitekeen gai nagusian, hots, nazio txiki eta zapalduen nazionalismoan.

Horretarako liburua lau atal nagusitan banatzen da: A. Maoren bizitza, B. Txinako talde nazional ttikiak, C. Mao-ren idazlan eta erizpideak, eta D. Nora doa Txinako gizartea? Izatez, laugarren atala oso laburra da, ondorio batzuen modukoa, eta liburuak baditu hasieran eta amaieran beste zati labur batzuk, informazio osagarriekin (Solas-aitzina, Laburpenak, Txinako Historiako taula kronologiko pare bat eta Bibliografia). Hori bai, ez du aurkibiderik eta bukaerako bibliografian ez da jasotzen testuan zehar oparo eta ugari jasotako aipuen egileen erreferentziarik. Egiazki, edizio aldetik oso lan motza da, oso modu errudimentarioan maketatua eta goitik behera behin-behinekotasun tankera batez taxutua.

Lehen zatia da luzeena eta, erredakzio aldetik, landuena. Hortik aurrera gero eta gehiago beste autore batzuen aipuak jasotzera eta iruzkintzera jotzen du, gero eta gehiago liburuak aurrera egin ahala. Esango nuke Gotzonek bazuela liburuaren eskema bat buruan idazten hasi zenean baina, edo ez zuen osorik betetzeko astirik edo modurik izan, edo azken orduan erabaki zuen zati berriak eranstea, zati horiek erredaktatzeko astirik gabe. Izan ere, Mao 1976an hil zen eta liburu hau hurrengo urtean agertu, baina ematen du testua amaituta zegoela ia guztiz buruzagi txinatarra hil zenerako, albiste hori bakar-bakarrik agertzen baita hasierako taula historikoan, eta ziur aski azken orduan erantsi zuen. Zergatik horrelako presa argitaratzeko? Izan liteke Gotzonek eta jesuitek (Gero argitaletxea Jesuiten Lagundiarena zen) presa zutela liburu hau ateratzeko Espainiako lehen hauteskunde demokratikoak egin aurretik, hainbat alderdi maoista aurkezten baitziren Euskal Herrian eta, Nafarroan bereziki, itxura batera egundoko indarra zuten. Oso litekeena da bat baino gehiago beldurtuta egotea maoistek ez ote zuten egundoko emaitza onak izango, alderdi demokratikoen gainetik apika… Espekulazio hutsa da, zeren oso posible da, baita ere, euskal argitalpengintzaren eta euskarazko liburugintzaren ahulezia eta profesionaltasun eza izatea eragile nagusia, are bakarra. Batek daki.

Dena den, ebidentea iruditzen zait Garatek eta Gerok helburu politiko orokor baten mesedetan jarduten zutela marxismoari buruzko saiakerak argitaratzean, baina gaineratu beharko litzateke hori zilegia eta logikoa dela edozein gizarte demokratikotan, eta orokorra guztiz euskal liburugintzari dagokionez garai horretan. Gakoa ez da joera politikozale hori, beste hau baizik: liburuaren edukia zinez kalitate handikoa da: sei hizkuntza desberdinetako egileen erreferentzia bibliografikoak jasotzen ditu, gutxienez (gaztelania, frantsesa, italiera, ingelesa, alemana eta errusiera), eta garbi dago Garatek sistematikoki arakatu zituela Maori buruz garai honetan, txinera jakin gabe, eskuratu zitekeen informazio guztia. Bereziki azpimarragarria da autore errusiarrak oparo erabiltzen dituela, eta hori ez zen izango batere arrunta Europa Mendebaldean, garai horretan ez eta geroago ezta ere, ziur aski. Areago, ni ez naiz gai horretan espezialista, baina esango nuke Espainian behintzat ez zela egongo beste autore bat gai horretaz Gotzon Garatek baino jakintza handiagoa eta dibertsifikatuagoa zeukanik, ezta maozale porrokatuen artean ere. Egotekotan, bakanen bat, ez bereziki ezaguna eta goratua orduan.

Esan dezadan argi eta garbi: garai horretan gaztelaniaz argitaratua egongo zen, ziur aski, frantsesetik, ingelesetik edo alemanetik itzulita Maori buruzko liburu garrantzitsurik, baina jatorriz gaztelaniaz idatzitakoen artean, nork aztertuko zuen gaia, sistematikoki, alemanezko eta errusierazko iturrietan? Ziur aski, inork ez. Koplarik gabe: ez da gehiegikeria esatea 1977an maoismoaz Espainian idatzitako liburu guztien gainetik zegoela, edo hortxe nonbait, euskaraz idatzitako hau, bai iturrien kalitatean eta askotarikotasunean, zein gaiaren tratamenduarekiko orekan.

Zeren liburu orekatua da, funtsean. Ez du Maoren apologiarik bilatzen, garai horretan oso arrunta zena, bestalde, baina ezta ere deabrutze antikomunista itsurik. Kritika gordin bat da, iturri askotako datu eta iritzietan oinarritua, ez panfleto bat. Gotzonek sakon errespetatzen zuen euskal irakurlea, eta etengabeak dira bere datuen eta iritzien iturriak zehazteko ahaleginak. Frankotan, gainera, kritikagarriena da iturri horiek modu literalegian erabiltzea, bere iritzi propioak zehaztu edo nabarmendu gabe. Jar dezagun adibide adierazgarri bat.

Jakina denez, 60etan Txinan Kultur Iraultza izeneko prozesua gertatu zen, Europako maozaleen artean egundoko miresmesa sorrarazi zuena, iraultzaren barruan iraultza berri bat eragiteko prozedura miragarri baten moduan balioetsi baitzen kontinente honetan, gazteria gorria epelkeriarik gabe matxinatu zelarik agintari zahar, aburgesatu eta burokratizatuen kontra, Mao lider karismatikoaren eskutik. Ni neu ume bat nintzen orduan, baina gogoan daukat dezente urte geroago ere (70etan) prozesu horrek Euskal Herrian jasotzen zuen balioespen positiboaz gain, eragiten zuen miresmena osoa eta erabatekoa zela. Bada, prozesu iraultzaile miragarri hori termino hauetan deskribatu zuen Gotzon Garatek 1977an, euskaraz:

Kultur Iraultzaren ardatz bakarra ideologia ahal zen? Mao, ikasleak eta estudianteak herriko burjeskeria eta eritzi okerrak garbitzera bidaltzean, marxismo “garbiaren” onetan bakarrik ari ahal zen?

Ez. Buru eta ikusmiren garbiketarekin batera, agintea eskuratzeko borroka lotuta zetorren. Nagusigoaren eta boterearen gosea argi baino argiago ageri da Kultur Iraultzako istiluetan.

Ez da ahaztu behar, kultur iraultza noiz egin zen: Maoren aintzindarigoa eta ospea kinka larrian zeuden eta bere etsaiek gaina hartuta zedukaten garaian.” (66. or.)

Gaur egun analisi hori erabat onartua dago mundu akademikoan eta komunikabidetan, topiko bat da, hitzaren zentzu estriktoan. Baina 1977ko Frantzian? Espezialista batzuen artean baino ez zen horrelako iritzirik entzun edo irakurri ahal izango, beti zirkulu akademiko txikietan, ezaguna baita maoismoak bi hamarkadatan Frantzian izan zuen indarra, bereziki unibertsitatean. Espainian zer esanik ez, maoismoa indar betean zegoen lehenengo hauteskundeak egin baino lehenago, maoistak ugari baino ugariagoak ziren unibertsitatean (handik urte gutxira horietako askok PSOEra joko zuten, ezaguna denez, baina hori beste historia bat da).

Eta Euskal Herrian? Zilegi bekit nire bizitzako anekdota pertsonal bat kontatzea. Nik 13 urte nituen Liburu gorria irakurri nuenean, hain juxtu ere 1977an. Bai, ondo irakurri duzue: EGBko 8. mailan nengoen, herriko eskola nazionalean (Colegio Nacional Mixto Comarcal, zehazki esanda) eta Ciencias Sociales-eko irakasleak lan bat agindu zigun egitea, Txinaz. Neuk herriko bibliotekara jo nuen eta hango bibliotekari gazte eta jatorrak, sekretuki, Maoren Liburu gorriaren ale bat pasatu zidan, arazo berezirik gabe. Bai, irakurtzen ari zareten hau guztia Euskal Herriko herri batean gertatu zen 1977an. Osorik irakurri nuen, di-da batean; jakina denez, liburua aipu-bilduma bat da, prestakuntza intelektual txikiko langileek eta baserritarrek ere Maoren pentsamendua bereganatzeko bereziki prestatua, ez da meritu handia 13 urteko mutiko irakurzale batek irakurtzea. Asko inpresionatu ninduen. Gaur egun ere, gai naiz hainbat pasarte errepikatzeko, ordutik berriz ere irakurri ez badut ere berriro. Hau da gogoan iltzatuta gelditu zitzaidan horietako bat, oso ezaguna da, ziur zuetako askok ere ezagutzen duzuela: Iraultzaile orok oinarrizko egia hau ezagutu behar du: boterea fusilaren ahotik sortzen da. Tira, nik gaztelaniaz irakurri eta gaztelaniaz gorde nuen gogoan, baina ez da zaila euskaratzea. Gaineratu beharko nuke nire gelan dozena erdi bat lagunek irakurriko genuela liburu hori, orduan, eta horrela; horietako batek, nire auzokoa bera, lan osoa liburu horren gainean egin zuen, aipuak oparo sartuz. Neure lana ez dut gogoratzen (taldean izango ote zen?), bai oso nota ona atera nuela. Ez zen zaila, izan ere, berehala zabaldu zen gure artean lana agindu zigun irakaslea PTE alderdi maoista erdi-klandestinoko kidea zela. Baina orduan oso-oso arrunta egiten zitzaigun guztia, asteburuero goardia zibilen gaueko balentriak manifestariekin borrokan etxeko lehiotik eta argia itzalita ikustea bezala (manifestazioak gure auzoan izaten ziren, gauaz). Hori zen orduko giroa, hasi zaitez han esplikatzen Kultur Iraultza Maok bere arazo politiko eta pertsonalak konpontzeko modu ez-dotore bat izan zela, funtsean, eta ez iraultza humanista eta epiko bat (milaka eta milaka lagun garbitu edo kartzelaratu zituzten Txinan). Bada, Gotzon Garatek egin zuen, liburu honetan, euskaraz. Inork irakurriko ote zuen bere garaian?

Liburu gorriaren euskarazko bertsioa, Federiko Krutwigek egina (1972)

IV

Ez da nire helburua izaten, iruzkin hauetan, delako liburua goitik behera laburtzea eta kritikatzea. Zantzu nagusi batzuk eman ohi ditut, punturik deigarrienak nire begietan, zer pentsatua eman didatenak niri, eta hausnarketa pertsonal batzuk tartekatu. Gaur ere bide beretik joko dut, kontuan izanda, gainera, honez gero asko luzatu garela.

Liburuan zehar Txinako historia modernoaren eta Mao Zedongen pentsamenduaren laburpen xehe eta zehatza egiten da, oso-oso dokumentatua (hori da bere ezaugarri nagusietako bat), euskara ez bereziki dotorean (nabari da euskara oraindik mantarretan zegoela horrelako gaiak azaltzeko, eta Gotzon borroka bizian ari da hizkera aldi berean jator, zehatz eta ulergarri bat sortu nahian). Nik bi puntu nabarmenduko nituzke beste guztien gainetik: bata Txina eta Errusiaren arteko harremanen azterketa; bigarrena, Txinak bere menpeko gutxiengo nazionalekin, bereziki Tibetekin, izan duen portaeraren azterketa. Bietan azterketa luzeak eta xeheak egiten ditu, eta biak bereziki interesgarriak dira ikuspuntu beretik neurtuta: maoismoaren eragina eta ekintza errealak testuinguru mundial batean kokatzea, ondorioz erretorika iraultzaile guztia oso kaltetua ateratzen delarik. Zeren txinatarrek egiten dutena aztertzea askoz ere garrantzitsuagoa da Gotzonentzat, Maok esaten duena jasotzea baino, azken horri ere orrialde dezente dedikatzen badie ere. Izan ere, ebanjelioak esaten duen bezala, bere fruituetatik atzematen zaio zuhaitzari (Lk 6,44), eta horixe izan zen gure jesuitaren iparra azterketa hau gauzatzean: Txinaren fruituei begiratzea bereziki, gutxiago Maoren erretorikari. Ikus ditzagun, bada.

Errusiarekikoa. Orduko euskaldunen artean, munduko biztanle gehienen artean bezala, bestalde, orduan funtzionatzen zuen oinarrizko ekuazioa hauxe zen: Errusia eta Txina, biak dira komunistak, beraz, adiskideak izango dira, ezta? Helburu antzekoak ez, helburu berberak dituztelako, noski. Bada, goitik behera iritzi okerra, errealitatearekin zerikusirik ez duena. Garatek xeheki jasotzen ditu, hurrenez hurren, errusiarrek eta txinatarrek elkarri buruz esaten dituztenak, denboraren harian egon den eboluzioa zehazki seinalatuz, eta emaitza ikaragarri argia da: hauek ez dira lagunak, hauek etsaiak dira, bete-betean etsaiak gainera, ez pittin bat bakarrik, interes guztiz eta erabat kontrajarriak dituztenak eta behin eta berriro talka egiten dutenak baizik, bai beraien arteko muga-arazoetan zein nazioarteko politikaren esparruan (India, Japonia eta AEBrekiko harremanak, eta abar). Arazo horiek, arrunki, eztabaida ideologikoen forma hartzen dute, lider intelektual eta politikoen testuen interpretazio zuzenaren gaineko eztenkadak (ni naiz zinezko leninista bakarra, zu burjeskume errebisionista eta inperialista hutsa zara, etab.) baina arazoak materialak dira funtsean, ez ideologikoak (nolabait esateko). Tira, Gotzonek ez ditu hitz hauekin esaten, berak nahiago du autore errusiar, txinatar, frantses edo amerikanoen testuak kopiatu eta bere horretan utzi, baina, sinistu egidazue, elkarrekiko akusazioak oso-oso gordinak dira. Non dago internazionalismo proletarioak agintzen duen batasuna? Bada, inon ere ez dago. Esango nuke Gareteren asmo nagusietako bat izan zela puntu hau orduko euskaldunei berariaz esplikatzea: Errusia eta Txina, biak potentzia inperialistak dira, eta biek beren interes nazional konkretuak edozein internazionalismoren aurretik eta gainetik jartzen dituzte, argi eta garbi.

Eta Txina ere potentzia inperialista bat dela ur garbia baino garbiago azaltzen zaigu Tibetekiko arazoa pittin bat azterkatzen hasi orduko. Genozidioa, hori da Gotzonek darabilen hitza. Baina ez da bere kaskotik atera den iritzi huts bat, ez; aitzitik, 1960ean Nazio Batuen Erakundearen enkarguz Jurista batzorde batek egindako txosten ofizial baten agertzen den kontzeptu bat da (Tibet and the Chinese People´s Republic. A report to the International Comission of Jurists by its Legal Inquiry Committee on Tibet, Geneva, 1960, 205. or.). Txosten horren zati luzeak aldatzen ditu liburuan, euskaraz, eta benetan latzak dira, erabatekoak. Orri batzuk lehenago, honako hau irakurtzen dugu, oraingoan Gotzonen beraren ahotik:

“ … Maoren gudalosteak, Tibetera sartu eta, “askatu” egin zuten Txinaren uztarpera bortxatuz. Lan gutti izan zuten batez ere muga-zain gisa ari ziren 8500 tibetar gudariak garbitzen (1950.I.7).

Horrela berrirotu zen SESE-n [Sobiet Batasunean] hainbeste bider ikusitako gertakaria: komunistak herri bat zapaltzea. Tibetek bere historia, bere kultura, bere hizkuntza zuen, alde batetik, eta independente izateko gogoa, bestetik. Txinako komunistek desio hori hankapean erabili zuten; herri baten historia pertsonala odolez ezeztu zuten: gaur arte.” (201. or.)

Gogora dezagun, orain, Txinaren eta Maoren ospearen aparra Europan 1956tik aurrera hedatu zela eta 1968an indartu, 1970etan lehen erdian luzatuz, nazioarteko hainbat gertakariren harira: batetik, errusiarren esku hartze militarrak Hungarian (1956) eta Txekoslobakian (1968), haien egiazko izaera inperialista agerrarazi zutenak, eta Viatnamgo gerra inperialista luze eta kupidagabea, zeinetan vietnamdarrek (inplizituki Txinarekin identifikatuak iritzi publikoaren aurrean) aurre egin zioten heroikoki Amerikako Estatu Batuen inperialismoari. Zeren, gogora dezagun baita ere, 1945etik aurrera dekolonizazioaren aroa hasten da munduan, Europaren uztarpeko kolonia guztiz gehienek independentzia erdiesten dutelarik, Asian lehenengo, Afrikan gero.

Antiimperialismoa, hori da hitz gakoa garai horretan, zeren borroka iraultzaileak errazago lotzen ziren borroka antikolonialekin marxismo-leninismo sobietar klasikoarekin baino. Horra Txinaren eta Maoren gorakadaren oinarri nagusia ikasle unibertsitario eta militante iraultzaileen artean, Europan: gertakari sozialek eragile sozial bat izaten dute, ez ideia hutsen mundua, eta maoismoaren gorakadaren oinarria borroka antiinperialisten eta antikolonialen gorakada eta arrakasta izan zen, ez Liburu gorria irakurtzea, orduan asko zabaldu eta irakurri bazen ere.

Esango nuke Gotzon Garateren zinezko asmoa liburu hau argitaratzean hauxe esatea izan zela: Txina eta Mao goratzen duzue, antiinperialistak eta iraultzaileak direla uste duzuelako, baina kontuz, beraiek ere inperialistak dira, Errusia bezain edo gehiago, eta Maoren erretorika iraultzailearen azpian frankotan alderdi barruko fakzioen arteko borroka politiko sektarioak daude, oso odoltsuak. Kontuz, euskaldunak!

Eta euskaldunek kasu egin zioten? Esango nuke gehienak enteratu ere ez zirela egin. Baina hemen ere, Europan bezala, dinamika sozialak historiaren bidea markatu zuen askoz ere gehiago edozein ideologiak baino, dela komunista, dela liberala, dela kristaua, dela edonolakoa.

Beste puntu interesgarri asko ere tratatzen ditu liburu honetan, baina hementxe utziko dut nire hausnarketa. Nahi duena lotu dadila Gotzonen liburua irakurtzeari, ez da denbora galdua izango.

Iruzkinak (4)

  • Jon Martinez Larrea says:

    Beti bezala oso iruzkin interesgarria, alabaina, ez nago guztiz ados sarrerarekin, egia da gerra aurrean marxismoak ez zuela Euskal Herrian eragin handirik, hala ere, Errepublika garaian baziren marxistak gure artean, batez ere, EPKn, eta oso interesgarria da Arenillas anaien kasua, biak POUM alderdikoak ziren eta euskal auziari buruzko hainbat artikulu idatzi zuten. Hauek 1981ean Fontamarak liburu batean bildu zituen. Orrialde honetan deskarga daiteke, baita nik gaiari buruzko egindako artikulutxo bat ere (laburpen bat esango nuke)
    https://www.abertzalekomunista.net/es/relato-historico/comunismo-abertzale/libros-h-comunismo
    Horrez gain, Antonio Elorza gazteak (komunista zen garaian) EPKri buruzko zenbait artikulu idatzi zituen.
    Kataluniarekin alderatuz gero, gurean marxismoaren eragina bazterrekoa izan zen, eta nik dakidanez testu guztiak gaztelaniaz daude. Horrekin batera, gerrak eten bat suposatu zuen, ez dago apenas loturarik gerra aurreko eta gerra osteko belaunaldien artean, baina euskal herritarren artean marxista batzuk egon ziren

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Mila esker argibideagatik, Jon.

      Bat nator zurekin esaten duzunean Gerra Zibil aurretik bazirela marxistak hemen, hori espresuki esaten dudala ere uste dut (esan nahi nuen behintzat, agian ez dut garbi azaldu); baina nire irudipena zen militante politiko hutsak izango zirela, hots, maila baterainoko ezagutza izango zutenak, baina ez gertakuntza teoriko handia edo berezia. Dirudienez, horretan oker nengoen, badirelako horrelako batzuk ere, eta eskertzen dizut argibidea.

      Egia esanda, gaiaz dudan ezagutza zinez errudimentarioa da: Dolores Ibarruri “Pasionaria” izan da nire arketipoa goiko baieztapen hori egiteko (balio politiko eta pertsonala goi mailakoak, baina gertakuntza teoriko aldetik ziur aski oso oinarrizkoa). Sozialisten artean Indalecio Prieto bera autodidakta bat zen, baita ere militante eta lider politikoa zen funtsean, eta haren gertakuntza teorikoa ez dut uste oso goi mailakoa izango zenik, marxismoari dagokionez behintzat. Dena den, azpimarratu nahi nuke inpresio orokor bat dela, eta gaiaz dudan ezagutza benetan mugatua dela.

  • imanol galfarsoro says:

    Gustora irakurri dut, soseguz soseguz, eta poztu nau zeren zuk oso modu lau, argi eta zuzenean distantzia akademikoarekin azaltzen dituzunak baieztatzen dute aipatzen duzun garaian zinez abiatu zela benetako gertakizun bat, Alain Badiouren, damutu gabeko maoista ohia bera, zentzu estriktoan. Itxulitxo bat emango dut Badiouk eta zuk aipatzen dituzuen fraideetik tiraka, zureak garaikideak badira, eskertzen da Jesuiten gorespena frantsiskanoen kaltetan, eta Badiourenak ertarokoak. Badiourentzat ertaroko fraide eta mojak benetako intelektualak ziren eta aurrera eraman zuten operazio intelektuala, hain zuzen, mmiresgarria, hori da erabiltzen duen hitza. Miresgarria intelketual hauek gauza izan zirelako beraien errotiko sinesmen kristauaren gainean (dogma) kanpotik zetozen jakintzak eransteko, grekoa arabiarra…, (heterodoxia), kontraesanik gabe. Eta ez dakit alderaketak balioko dizun baina nago askapen mugimendua sortu zeneko garaian, zure aztergairen denbora berdinean, operazio antzekoa eman zela zuk nahiago dituzun bertako abertzaletasun euskaltzalearen eta niretzat zirt edo zartekoa den jakintza marxista/iraultzaile kanpokoaren artean, bidean, gainera, subjektu etiko-politiko berri bat sortuz. Independentzia eta sozialismoa leloa abertzaletasunaren sinesmen partikularra emantzipazio unibertsalarekin lotzen den momentukoa da, geroztik sekuentzia politiko desberdinen zehar gaur arte iraun duena fideltasun militante batekin, txapela kentzekoa dena. Nik ere pasadizo bat kontatuko dizut: amamaren etxean , errosarioak errezatzen genituzten baina behin bere seme iihes egindakoaren gelan, nire tioren gelan, hain justu, sartu eta oraindik liburu apalen batean gordeta dudan Maoren gerrila gerra liburua aurkitu nuen kakamutiko bat nintzela. Eta berdin, bai, bere gelako lehoitik nik neuk ere ondo asko gogoratzen dudanez zenbait mobilizaoen beldurrez jota ikusitakoa naiz, guardia zibilen egurraren pean. Hau dena esateko, susmoa dudala, zure testua irakurri eta gero, Zaraten abertzaletasun humanistaren-edo gorespenak ez ote dakarren batera nostalgia bat halako euskaltzaletasun errugabe batena. Barkatu eragozpenak baina burkidea naiz mugimendu politiko batena bere garaian euskal inozentziaren amaiera ekarri zuena behin eta betirako. Badakit: Batzuentzat beti dogmatiko. Eta hala eta guztiz ere: gure singulartasuna mugimendu politiko gisa non eta gure heterodoxian bertan dago: hau (‘gurea’) eta bestea (‘kanpoko’ jakintzak) lotzeko gaitasun miresgarrian. Bestela ez ginateke oraindik hemendik ibiliko. Nolabait esateko, Garate Mao gabe azukrerik gabeko koka-kola litzateke. Gure baitatik gehigarri gaizkilea kentzen saiatzea ariketa alperra litzatekeelakoan nago. Hobe bikoiztasun bereizi ezin horretaz jabetzea . O barkatu, berriz, larregitxo luzatu naiz baina iruzkinak barruak mugitu dizkit. Guztiz iradokitzailea. Merci.

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    Mila esker zure oharragatik, Imanol.

    Kontu akademikoak eta pertsonalak nahasten duzu, nik bezala, eta hori ez zait batere gaizki iruditzen, jakina.

    Hortik aurrera, ez dakit zein erruri buruz ari zaren, erru metafisikoaz edo erru zehatzen batez, baina kasu guztietan nire iritzia da errua, damua, harrotasuna edo duintasuna nahi bada, guztiak, den-denak, sentimendu pertsonal eta intransferibleak direla. Errakuntza da erru kolektiboaz hitz egitea, adibidez, Joxe Azurmendik liburu gogoangarri batean aztertu zuen bezala (orain ez dut izenburua gogoratzen). Erru pertsonalei dagokienez, norberak izango ditu bereak, baina ortu horretan inor ezin da sartu, neu behintzat ez.

    Mila esker berriro.

    Pruden

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude